Hernaniko Orbegozo burdindegiko lankideez informazioa helarazten zion. Melitón Manzanasi Demetrio Lesmes langileak. Mende erdia igarota, bien arteko harremanaz mintzo da lehen aldiz Marcelo Usabiaga 96 urteko komunista. Manzanas eta Lesmes ETAk hil zituen frankismo garaian.
“‘Zer gertatzen zaizu zuri?’. ‘Ez dut ezer sinatu behar’. ‘Gobernuaren dekretuaren arabera, soldata jaso ahal izateko, adin militarrean den orok sinatu behar du dokumentua. Zuk ere bai’. ‘Bada ez jauna! Nik ez dut sinatu behar! Zuk ez dakizu nor naizen ni!’. Aurpegira begiratu eta ez nuen ezagutu: ‘Begira, pentsa ezazu lasai. Sinatu eta dirua emango zaizu’. ‘Bada ez, jauna! Ez dut egingo! Eta nik zu oso ondo ezagutzen zaitut!’; hau esanez zuzenean begira geratu zitzaidan. Hernanitik ezagutzen ninduela uste nuen. ‘Oso ondo ezagutzen zaitut! Eta zure bizitza osoa dakit! Zu preso egon zara urte askoan! Egunero hitz egiten dut Manzanasekin eta egiten duzun gauza guztiez informatzen dut!’. Orduan izutu nintzen...”.
Hernaniko Orbegozo burdindegiko Pertsonal Saileko buru zela, Marcelo Usabiagak (Ordizia, 1916) Demetrio Lesmes (Sotoserrano, 1920 - Hernani, 1975) langilearekin izandako elkarrizketa honetatik ia mende erdia igaro da. 1965. urte ingurua zen eta orduantxe argitu ziren gure protagonistarentzat azken urteetan buruan jira eta bira izandako zenbait galdera, hainbat zalantza. Denboran atzera egingo dugu, misterioaren giltza bila.
Melitón Manzanas (Donostia, 1909-Irun, 1968) Irunen polizia inspektore izan zen, Gipuzkoako Gizarte Politikako Brigadako buru egin zuten arte. Ospetsu egin zen oso bere gogortasun eta torturatzaile gupidagabe fama zela eta. Sindikalistak, PSOEko eta PCEko kideak, euskal nazionalistak... Hamaika izan ziren Donostia eta Irungo komisaldegietan bere galdeketetatik igaro ziren herritarrak. Gobernadore zibil frankistaren kolaboratzaile estua zen, baita antifrankismoaren aurkako errepresioaren burua ere.
1944. urte amaieran gerrillari talde bat ontzi batean Bidasoa igarota Hegoaldean sartzen ari zela jakin zuen Manzanasek, soldadu batek mendian metrailadore kargadore bat atzemanda. Handik egun gutxira, Manzanasek berak Usabiaga atxilotu zuen Donostiako pisu batean. Hamar gizon eta emakume batez osatu maki-taldeko kidea zen gure protagonista; orduantxe jakin zuten poliziek 30 urtera kondenaturiko eta Iparraldera ihes egindako preso errepublikarra zela.
Usabiaga Irungo komisaldegira eraman zuten: “Gela batean sartu ninduen Manzanasek: ‘Aurrera joan, kabroi alena!’; eta mehatxuka: ‘Beno, zuk denak ordaindu beharko dituzu!’”. Esan eta egin. Ukabilkadak jaso zituen sabelean, eta zapatak erantzi eta paretean zutik jartzera behartu ostean, Usabiagaren oinen gainean salto egin zuen Manzanasek makina bat bider. “Gorriak ikusi nituen. Nire bizitzan pasa dudan beldur handiena gau hartan izan zen...”.
Izan ere, bere eskuetatik igaro ondoren, goizeko ordu bietan, eskuak loturik, alde banatan polizia bat zuela, kalera eramanarazi zuen Manzanasek Marcelo: “Hau badakizue nora! Eta mugituz gero, egurra eta kito, e? Beldurrik gabe”. “Esaldi hori ez zait ahaztuko, fusilatu behar nindutela pentsatu nuen. Nola ihes egin pentsatzeari ekin nion”. Baina, azkenean, zorionez, Usabiagak ezagutzen ez zuen beste polizia-etxe batera eraman zuten. Atxiloketen ondorioa latza izan zen: Pedro Barroso gerrillari komandanteak heriotza zigorra jaso zuen eta Gasteizen exekutatu zuten. Gainerakoek, 20 urteko espetxe-zigorra.
Ordiziarrak bere zigorra gogotik ordaindu zuen; zegokiona baino gehiago: 21 urte eman zituen Espainiako Estatuko zenbait espetxetan, eta azkenean, 1960. urteko ekainean askatasuna erdietsi zuen.
Espetxetik igaro ondoren, Orbegozo fabrikan hasi zen lanean. Dena dela, bi hamarkada igarota ere, Manzanasek ez zuen Usabiaga bakean utzi: igandero Donostiako Gobernu Zibilera joatera behartu zuen, Polizia Armatuaren eraikinera. Bertan goizeko hamar eta erdietatik ordubietara aulki batean eserita izaten zuen Marcelo. “Jo ez, baina denetarik esaten zidaten handik pasatzen ziren poliziek: putasemea, ‘gorria’... Nireak eta bi pasarazi zidan honek”.
Gezurra badirudi ere, azken gertakizun horrek harreman estua du Demetrio Lesmesen kasuarekin, izan ere, igandetan, komisaldegian, Melitón Manzanas Usabiagaren ondoan geratzen baitzen sarri denbora luzez berarekin hizketan: “Orduan konturatu nintzen asko zekiela nitaz, aste osoan lantegian egiten nituen gauza asko zehatz-mehatz esaten zizkidan eta, esaterako, zuzendari edo abokatuarekin izaten nituen bilerak, lan-magistraturan izandako epaiketak... ‘Nola demontre jakingo ote du honek?’. Jakin-min izugarria eragiten zidan, baina ez nion garrantzia gehiagorik eman, egiten nuena jakitea legala baitzen”. Azkenean, enpresako abokatuarekin kontsultatuta, igandeetan polizia-etxera gehiago ez joatea erabaki zuen: “Tontoarena egiten ari naiz, ea zer gertatzen den!”. Hala, Manzanasen aginduari aurre eginez, legez ez baitzuten derrigorrezkoa igande oro preso ohiek komisaldegira bertaratzea. Hala ere, Marcelok jazarpen latza espero zuen Manzanasen aldetik.
Baina, bere harridurarako, bakean utzi zuen. Polizia-buruaren berririk gehiago ez zuen izan urte batzuetan, harik eta Demetrio Lesmes bere bizitzan azaldu zen arte. Berarekin izandako elkarrizketa tirabiratsua Lesmesek berak hasi zuela gogoan du 96 urteko komunistak. “Nik ez nuen ezagutzen. Bostehun langileren artean beste bat zelako. Besterik ez. Gainera, berak esan zidan, nik galdetu gabe: ‘Egunero hitz egiten dut Manzanasekin’. Eta paper bat atera zidan: ‘Francoren guardiaren parte naiz ni!’. Imajina ezazu nola geratu nintzen... Harri eta zur”.
Gertakaria Usabiagaren memorian iltzaturik mantendu da hamarkada luzez, orain gutxi kazetari honi kontatu dion arte. “Harrezkero ez nuen gaiaz gehiago jakin nahi izan. Eta publiko ere ez nuen egin; ez nion inori ezer galdetu, ez nion gaiari kasu gehiagorik egin. Jakinda nor zen bera! Bizitza izorratuko zidala pentsatzen bainuen. Pentsa, urte gutxi batzuk neramatzan kartzelatik kanpo”, azpimarratu du Usabiagak. Nolanahi ere, ez zuten bakean utzi eta frankismo osoan kontrolatu eta espiatu zuten. Eguneroko lanetan zebilela, bere bizitza egiten, bat-batean galdeketa susmagarriak pairatzera komisaldegira joan beharra ongi aski gogoratzen du Marcelok: “‘Zertarako itzuli zara Iruñetik autoan? Zer egin duzu bertan?’”, hainbat aldiz itaundu zidaten. Nik banekien nire atzetik zebiltzala”.
Lesmesekin izandako elkarrizketatik hiru urtera, 1968ko abuztuaren 2an, ETAk Melitón Manzanas hil zuen Irunen; bere historian prestatu eta antolaturiko lehen hilketa politikoa izan zen hura. Zazpi urteren buruan, berriz, 1975eko abuztuaren 8an, Demetrio Lesmes hil zuen ETAk Hernanin, aipatu lantegitik etxera bidean zihoala tirokatuta.
Gertatutakotik mende erdia igaro ondoren, gure herriaren historiaren xehetasunok azaleratu dizkigu Usabiagak. Dena den, bere nahia ez da hautsak harrotzea, ezta jazoerek berarekin zerikusia dutela pentsatzea ere: “ETAk egindakoarekin inork ni lotzerik ez nuke nahi inondik inora. Argi jar ezazu hori, horregatik kontatzeko erreparoa izan baitut beti”, adierazi du tinko.
Memoriaren aldeko borrokalari sutsua izaki, gizarteak berari gertatutakoaren berri izatea du xede, historiaren zirrikitu ilunak eta egia osoa ezagutaraztea da bere bizitzako erronka nagusia. Izan ere, Fred Berence idazleak esan zuen lez, “historia txikiari hainbat teoria modernok trufa egiten badiote ere, honek historia handian esku hartzen du etengabe, eta, maiz, baita hura zehaztu ere”.
Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]
Plataformak ostegunerako Iruñeko udaletxe plazan elkarretaratzea deitu du 18:30erako, hiru alderdiek eraikinarekin izandako jarrera salatu eta eraistearen aldeko hautuan berresteko.
Hamarkada askotako eskaeraren ostean, Parisko Marceau etorbidearen 11. zenbakian dagoen jauregi historikoa EAJren esku geratu da azkenean. Jeltzaleentzat, balio monetariotik harago, balio sinboliko itzela du eraikin horrek, erbestearekin eta faxismoaren kontrako borrokarekin... [+]
Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.
Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]
Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.
Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]
Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]
Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.