argia.eus
INPRIMATU
Saharako istorioak
  • Paula Carballeria ::Smara

    Carolé Hénaff ::ilustrazioak

    Fernando Rey ::itzulpena

    Pamiela-Kalandraka, 2012

2012ko abenduaren 27a
Pamiela eta Kalandraka argitaletxeen elkarlanaren ondorio da honako liburu hau, eta antza, bilduma berri baten lehen liburukia ere bada.

Smara Saharako basamortuan dagoen herri baten izena da, errefuxiatuak bizi dira bertan eta hara joandako mutiko batek kontatuko dizkigu ikusitakoak eta entzundakoak. “Gure aita oso kazetari ona izan omen zen. Nik gauza bakarra dakit: aita noiz itzuliko zain egoten nintzela ni, bidaietan ezagututako tokietako istorioak kontatzea nahi bainuen”. Hitz horiekin hasten da liburua eta narratzaileak berak hamaika urte zituenean aitarekin eginiko bidaia kontatzen digu, bai eta amona Ugagorekin izaniko harremana ere.

Amona Ugago oso pertsonaia berezia da, umeen ardura du, beraiek zaintzen ditu eta istorioak kontatzen dizkie, horrela liburuko narratzaileak amonaren ahotan jarriz herritarrek Smara herria utzi eta basamortu erdian Smara berria nola eraiki behar izan zuten kontatuko digu, herrialde horretako sineskeriak eta ipuinak ere azalduko dizkigu, baita heriotzari nola egiten dioten aurre ere. Kontu asko kapitulu labur baina hunkigarrietan.

Irakurlea gainera, Hénaffen irudien bidez, hitzen bidez iradokitzen den errealitate horretan murgil daiteke. Pastel koloreen bidez errealitate exotiko hori, basamortukoa, Afrikako mundua, islatzen da testua osatuz. Eta narrazioak berez duen xarma eta magia horri irudiarena gehitzen zaio.

Smara deituriko liburu hau hamaika kapitulu laburretan banaturik dago eta hasieratik, lehen pertsonaren erabileraren ondorioz, irakurlearen inplikazioa bilatzen da. Protagonistarekin batera irri egingo du irakurleak, baina baita begietan negar malkoak sentitu ere, sahararren errealitatea ezagutu eta haien egoera larrieren berri jasotakoan. Izan ere, Smara herrialde sahararraren isla baita. Beren etxetik botata, basamortuan bizi den herrialdea, basamortu erdian dagoen errefuxiatu sahararren hiria.

Istorio politak dira, fantasia, magia, errealitatea, dena nahasirik ageri zaizkigu, sarritan kontakizun baten barruan beste ipuin batzuk ere tartekatzen dira, ipuin labur eta sinpleak. Eta aurretik iradoki bezala liburuak ez du amaiera zoriontsurik, herioak ere presentzia baitu istorio honetan (“Zertan ari zara, amona Ugago? Esan zuen amona Ugagok: ‘Gaua agurtzen, beldurrik ez dudala ikus dezan” esaten dio herioaren bisita espero duen amonak), eta honek guztiak irakurlearengan sentsazio gazi-gozoa uzten du.

Gustura irakurtzen den liburua da Smara, bai eta bihotza hunkitzen duena ere.