argia.eus
INPRIMATU
Pobrezia eta desberdintasun politikak

Juan Mari Arregi 2012ko abenduaren 26a

Gobernuek garatu dituzten politikek –europarrak, espainiarrak, EAEkoak eta nafarrak– Hego Euskal Herria pobreziarantz eta desberdintasunerantz daramate. Hori leitu daiteke Lópezen Gobernuak ezkutatu eta orain ELAk argitaratu duen inkestan. Pobrezia eta Desberdintasun Sozialen Inkesta 2012 lanak aditzera ematen du, biztanleen %7,3 pobrezia arriskuan bizi dela (2008an baino %77,9 gehiago) eta %2,12 gose dela. Hala, kuriosoa da Hego Euskal Herria Europar Batasuneko eskualde aberatsenen artean egotea, eta aldiz, 2012an 157.686 lagunek behar oinarrizkoenak asetzeko nahikoa diru-sarrerarik ez izatea. Gainera, inkestaren arabera, elikatzeko arazo larriak dituzten pertsonak 100.000tik gora dira jadanik. 46.122 lagunek adierazi dute gosea pairatu dutela –2008tik %116 hazi da datu hori–, hau da, familien %2,1ean. Pobreziak eta bazterketa sozialak gehiago eragiten die immigranteei. “Logikoa” da Lópezen Gobernuak inkesta alfonbra azpian sartu izana, datuak jasangaitzak baitira. Azken 25 urteetako okerrenak!

Egoera horren arduradun gobernuak dira, ez dituztelako langabezia gutxitzeko neurriak hartu, eta laguntzetan, soldatetan eta pentsioetan murrizketak eragin dituztelako. Baina bestaldetik, jada 216.000 milioi euro txertatu dituzte bankuetan. Etorkizunak ez dirudi hobea, politika kapitalista horiek ezabatzeko aldaketa sakonik egon ezean. Egungo EAJren Gobernuak –eta gainerako alderdi politikoek– 180 graduko bira egin beharko lukete politika fiskalean, gure herriaren subiranotasun politikoaren eta ekonomikoaren defentsan, baita lan harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren defentsan ere. Bide horretatik dezente gutxitu ditzakegu egungo pobrezia eta desberdintasun sozialak.