Testuak interpretatzen ikasteko gakoak

  • Irakurtzen ongi dakiena aise moldatuko da eskolan, eta lerroartean herren dabilena trakets. Irakasleak ohartu dira eskolan irakurle konpetenteak lortzeko gela barruko jarduna aldatu behar dutenaz. Salamancako (Espainia) Emilio Sánchez katedradunaren pausoak jarraitzen dituzte hobekuntza bilatzen dutenek.

Irakurritakoa
Irakurritakoa "ulertu" esan nahi du testuko informazio guztitik irizpide batzuen araberako hautaketa egin dugula, antolatu dugula eta txertatu egin dugula lehendik genituen jakintzetan.

Irakurmena da ongi ikasteko oinarrizko gaitasuna. Lotura zuzena dago irakurtzen eta idazten trebea izatearen eta eskola arrakastaren artean (eta alderantziz, irakurmen eskasaren eta porrotaren artean). Hau horrela da ez hizkuntza eta literatura gaietan soilik, baita zientzietan ere. Ikus Lavoisierrek 1789an Kimikako Oinarrizko Tratatuan idatzia: “Nola hitzak diren ideiak transmititzen dituztenak, ezin da hizkuntza findu zientzia findu gabe, ezta ere zientzia hizkuntzarik gabe; gertakizunak oso egiazkoak izanik ere, eta hauek eragin zituzten ideiak oso justuak izanagatik, inpresio faltsuak baino ez genituzke transmitituko izendatzeko adierazpide zehatzik ez bagenu”.

Irakurmenaren garrantzia islatzeko adibide aproposa jarri digu Josune Erkiziak, Lasarteko Berritzeguneko Ikasteko Irakurri mintegiko arduradunak: “Diagnosi ebaluaketetan ere ikusten da, konpetentzia guztiak iragazten dira irakurketaren filtrotik. Adibidez, hiritartasuna. Pertsona baten hiritartasun gaitasuna neur dezakegu froga askoren bidez. Baina nola pasa DBH2. mailako guztiei froga hori? Irakurketaren bidez. Irakurketa da galbahea, eta hor ongi ez dabilenak ez daki ongi erantzuten, nahiz hiritartasun gaitasun handia izan”.

Irakurmenean herren

Irakurmenak berebiziko garrantzia badu, nola dabiltza ikasleak gaitasun horretan? Nazioartean DBHko ikasle denei egiten zaien PISA azterketek neurtzen dute irakurketa konpetentzia. PISAk horrela definitzen du irakurmena: “Irakurleak testu idatziak ulertzeko, erabiltzeko eta aztertzeko duen gaitasuna da”. Gema Lasarte Magisteritzako irakaslea da EHUko Gasteizko campusean. Literatur kritikaria ere bada, eta irakurketa nola hobetu du aztergaietako bat. Bera ados dago PISA frogak eskatzen duenarekin: “PISAn eskatzen dute benetan irakurketa konpetente bat dena. Baina eskatzen diegun hori ez diegu irakasten”. Berritzegunean ere PISAko definizioa dute oinarri, Josune Erkiziak kontatzen duenez: “PISAk gradazio bat egiten du eta esaten du irakurle gaitu batek informazioa aukeratu, interpretatu eta analisi kritikoa egiteko gai izan behar duela. Horren guztiaren azpian gauza asko dago”.

2013ko abenduan argitaratuko dira aurtengo PISAko datuak, eta bitartean dauzkagun azkenak 2009koak dira. Horien arabera, Nafarroak 497 puntu atera zituen eta EAEk 494. Espainiako Estatuko bataz-bestekoaren gainetik (481 puntu), baina zerrendaburu den Finlandiatik oso behera (536 puntu). Josune Erkiziak kontatzen duenez: “PISArekin eta antzerako frogen emaitzekin ikusten da irakurmena hobetu beharra dagoela. Irakasleek formazioa eskatzen zuten eta Emilio Sánchez Salamancako katedradunak formakuntza sistematizatuta zeukanez, berarekin harremanetan jarri ginen eta hiru urte daramatzagu Berritzegunean formakuntza eskaintzen”. Hiru urtean bailarako 17 ikastetxerekin landu dute irakurketa ulerkorra eta pozik daude emaitzekin: “Irakasle horiek beren praktika hobetzen ari direla ikusten dugu”.

Irakurketa ulerkorra lantzeko ez da baliabide eta denbora gehiago behar

Emilio Sánchez eta taldearen artikulua irakurrita (Interneten eskuratuko duzu, Un protocolo para Observar cómo los Profesores Ayudan a sus Alumnos cuando Leen Textos en el Aula) jabetuko gara irakurmena lantzeko sekretuaz. Zorionez, ez da baliabide eta denbora gehiago behar, klasean berez egiten den irakurketa kontzienteki lantzea da gakoa. Erkiziak azaldu digune, “abiapuntua horixe da, irakasleak jakin behar du zer eratako praktika egiten duen klasean. Kontzientzia hartu behar du. Horretarako parean mailaketa bat behar du, bikaintasuna non dagoen eta zer maila dauden azaltzen duena. ‘Ni non nago? Hementxe, hauxe da nik egiten dudana’. ‘Hurrengo pausoa zein da?’ Hauxe, eta bidea jartzen diogu pauso hori nola eman azaltzeko”. Formazio ikastaroan eskolako eguneroko dinamikari erantzuna ematen zaio: “Ez gara ari irakurzaletasuna sustatzeaz, literatura mundua eragiteaz. Guk lantzen dugun esparrua ikasteko irakurtzea da. Ikasleak ezagutza iturriaz jabetzea. Irakasleak unitate didaktikoak erabiltzen ditu ezagutza transmititzeko. Gure formakuntza horretara mugatzen da, unitate didaktikoetan irakurketa nola landu aztertzera. Unitate didaktiko horiek edo proiektu horiek aurrera eramateko betidanik beharrezkoa izan da irakurtzea. Irakurketa horiek nola kudeatu?”.

Lau oinarriak

Erkiziak formazio saioetan lantzen dituzten lau oinarriak honela azaldu ditu: “Irakasleak irakurketa planifikatu egin behar du, pentsatu behar du irakurri aurretik zer mezu ematen dizkien ikasleei. Irakurtzen ari diren bitartean nola lagundu landu behar du. Ebaluatzeko garaian nola galdetu aztertu behar du. Eta bukaeran irakurketa horiek nola itxi ikasi behar du”.

Banaka aztertuko ditugu. Planifikatzerakoan, Erkiziaren hitzetan, “irakaslea da motibazioa lortuko duena. Irakurgaia ongi aurkezten badu, zertarako irakurri behar dugun eta zergatik zehazki testu hau azaltzen badu, motibagarriago egingo du irakurketa”. Planifikazio garaian ikasleengandik espero dena argi uztea ere oso garrantzitsua da: “Irakasle batek, besterik gabe esan dezake: ‘Hor daukazue, hasi irakurtzen testua’. Ez du esan zertan nahi duen arreta jartzea, zer helbururekin irakurri behar dugun, edo zer egin behar dugun gero irakurketa horrekin, eta ikaslea hasten da irakurtzen dena buruan eduki nahian. Egoera horretan ikaslea oso galduta dago”. Hasieratik helburuak garbi dituen ikaslea, berriz, autodoiketa lantzera iristen da. Alegia, “ikasleak irakurri bitartean jakingo du ea helburuetara iristeko moduan den edo ez, badaki ulertu duen edo berriro irakurri behar duen testua, edo zertan eskatu behar duen laguntza... Bere buruaren jabe egiten da. Autodoiketa oso puntu garrantzitsua da edozein ikaskuntza prozesutan”.

 Irakurri bitartean irakasleak ematen duen laguntza izan daiteke erregulatzailea edo inbasiboa. Erregulatzailea da, adibidez, ordura arte ikasitakoa laburtu eta hurrengo galdera planteatzea, edo helburua zein den gogoratu eta galdera jaulkitzea, edo erantzuna bilatzeko moduren bat proposatzea... Inbasiboa, berriz, zuzenean erantzuna ematea edo bi erantzun aukeran jartzea. Laguntza erregulatzaileek gehiago irakasten dute, eta ikasleak aktiboki hartzen du parte prozesuan.

Ebaluatzeko orduan, kontuan hartu behar da irakurritakoa “ulertzeak” zera esan nahi duela, testuko informazio guztitik irizpide batzuen araberako hautaketa egin dugula, hautatutako informazio hori antolatu dugula eta txertatu egin dugula lehendik genituen jakintzetan. Hau horrela izanik, ebaluatzerakoan kontuan hartu behar da ea benetan garrantzizkoa dena galdetzen den edo dena izan daitekeen galdetua.
Eta itxiera da Erkiziak asko azpimarratzen duen zutabea: “Zerbait irakurri dugunean irakasleak laburpentxo bat egin behar du. Beti. Horrela, ikasleak ohartzen dira irakurtzen dugun guztiak duela ondorio bat. Eta bukaera izango da irakasleak planifikazioan markatu duena, irakurri aurretik ikasleari arreta zertan jarri eskatu dion hori. Bukaeran ondorioak ateratzera ohitzen badira, unea iritsiko da irakasleek egin ordez ikasleek egingo dutena. Baina hori prozesu luzea da, ez da egun batetik bestera egiten”. Gaineratu duenez: “‘begira zer ikasi dugun, hau eta hau; eta zertarako? honetarako eta honetarako’; itxiera horrekin zentzua hartzen du ikasi dugunak”. Itxierak badu beste funtzio bat, irakurmenean herren dabiltzanek ere ikastea: “Gaitasun handiagoa dutenek berehala harrapatzen dute ondorioa, baina gaitasunik ez dutenek ez. Horrekin ziurtatzen duzu irakurtzeko eta interpretatzeko halako gaitasunik ez dutenei, behintzat laburpen horretan zerbait geratuko zaiela”.

Agerian geratu denez, irakaslea da irakurmena lantzeko klabea. Irakaslea da irakurketa esanguratsua egiten duena, irakurtzeari zentzua ematen diona. Horretan bat datoz Erkizia eta Lasarte. Erkiziaren esanetan, “irakasleak, eredu izanez, moldatu egiten ditu ohiturak. Irakasleak ez du azaltzen testuaren edukia zein den, baina ikasleen arreta bideratzen du, berak azpimarratzen du momentuoro inportantea zer den”. Lasartek irakasleen beraien gaitasunaz galdetu du, ordea: “Kontua da guri Irakasle eskolara jendea irakurtzen eta idazten jakin gabe iristen zaigula. Irakaslea, lehenik bera da irakurri behar duena. Egunero!”.

Nork heldu behar dio gaiari adarretatik?

Eskolako curriculumak zeharlerrotzat dauka irakurmena. Josune Erkiziak dioenez, “ondo jarrita dago, gaitasun bezala, bere azpi gaitasunekin eta zeharkakoa da. Ez da berariaz hizkuntza arloko gai bat, edozein arlo ikasteko irakurri beharra daukagu, pentsa historian eta natur zientzietan zenbat irakurri behar den! Irakasle horiek gaituta egon behar dute irakurketa ongi kudeatzeko. Formatu egin behar da horretarako, eta ez dakit irakasle eskolan nahiko formazio eskaintzen den”. Gema Lasartek ere unibertsitatean irakasleak formatzerakoan irakurmena indartu beharra ikusten du: “Irakasleen formakuntzan pisu handiagoa beharko luke irakurmenak, goitik behera markatuta eta ez borondatez formazio ikastarotan izen ematera mugatu. Irakasle eskolan askotan esaten dugu, Magisteritzan ikasgai bat izan behar du”.
Beraz, curriculumak zeharlerrotzat dauka, baina Magisteritza eskolan berariazko formakuntzarik jasotzen ez denez, orokortuz esan daiteke eskoletan irakurmena ia hizkuntza eta literatura klaseetan bakarrik lantzen dela. Josune Erkiziak formazio saioetan ikusi du arazo hau: “Lehen Hezkuntzatik datozen irakasleekin abantaila bat daukagu, bakoitzak hainbat arlo gidatzen dituela. Baina Bigarren Hezkuntzatik datozen irakasle ia denak hizkuntzakoak dira. Muga edo horma hori haustea oso zaila da, badirudi irakurketa hizkuntza irakasleen gauza dela, eta hor badugu irabazi beharreko eremua”. Gema Lasartek ere salatzen du akats hori: “Irakurketa ez da hizkuntza eta literaturako ikasgai bat bakarrik, pentsamendu logikoa matematikarena bakarrik ez den bezala. Matematikako edo kimikako irakaslea, denak dira irakurketa gaitasunen irakasle”.

Lasartek azaldu duenez, gainera, ikasleentzat zailtasun handiena duten testu generoak ez dira hizkuntza eta literatura ikasgaietakoak: “Haur Hezkuntzan hasten dira irakurketarekin, eta nik uste oso ondo doala, ahozko literaturari lotua. Lehen Hezkuntzan narrazioak irakurriz hasten dira, eta ongi jarraitzen du kontuak. Zergatik ez dute arazorik narrazioekin? Bizitzan ere denbora osoa narratzen pasatzen dugulako, gauzak kontatzen ditugulako.

Baina testu informatiboekin hasten garenean datoz komeriak. Zergatik? Azalpen testua zailagoa da, jakintza berri asko ematen du, eguneroko bizitzan oso gutxitan ematen ditugu azalpen erabat berriak... Hor lagundu behar zaio ikasleari, baina non daude azalpen testuak? Literaturako ikasgaian? Hain juxtu zientzietan. Kimikako testu batekin arazoa duenean hor behar du laguntza”.

Eskolak konpetentzia, etxeak zaletasuna

Gema Lasartek etxeak eta eskolak elkar lagundu behar dutela gogoratu digu: “Eskolaren funtzioa da irakurle konpetenteak lortzea. Eta jendartearen eta familiaren zeregina da irakurzaletasuna bultzatzea eta balioa ematea. Bietan gaude galduak, eskolak ez ditu konpetenteak egiten eta gizartean irakurtzea gaizki ikusia dago, lotsagarri”. Ganoraz irakurtzeak kriterioak ematen dizkigula ondorioztatu du: “Jendarteak, familiak, kultura hori, balore hori indartu behar dugu. Irakurtzen dakienak mundua interpretatzen daki, bere burua ezagutzen, baditu arma batzuk. Gaurko gizartean jasaten dugun informazio anabasaren aurrean galbahea ematen dizu kultura horrek, zure iritzia garatu dezakezu”.
Erkiziak literatur tertuliak eta irakurketa dialogikoak (guraso, ikasle eta irakasleak elkartu ditzakeenak) gomendatu ditu: “Tertulia horiek besteen beharraz jabetzen gaituzte. Azpiko mezua da ikasteko eskola ez dela nahikoa, komunitate osoaren beharra dagoela. Konpartitzen dugun unetik zentzu bat hartzen du irakurketak, eraiki egiten dut irakurketa eta iristen naiz nire burua bera bakarrik iritsi ez den leku batera. Irakurketatik harago doa, ahozko adierazpenak sekulako indarra du, iritziak eman behar ditugu eta mintzamena garatzeko modua da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


Hezkuntzako ratioak jaisteko eskaera Nafarroako Legebiltzarrera eramango dute gurasoen plataformek

Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.


Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


Nola egiten da bi ikastetxeren fusioa?

Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?


2024-12-16 | Leire Ibar
Bilboko Urretxindorra eta Lekeitioko Azkue ikastoletako bi irakasleren sexu erasoak salatu dituzte

Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-09 | ARGIA
Ikama ikasle antolakuntzak unibertsitateetara eta Lanbide Heziketara zabalduko du bere jarduna

II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]


2024-12-05 | Jon Torner Zabala
‘Protestaka’ erakusketa, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle borrokaren 30. urteurrenean

1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]


Zaku bete galdera iritsi dira Leizaran institutuko ikasleak Pape Niangen solasaldira

Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]


“Eskola partikularren eskaera handia zerbaitek huts egiten duen sintoma da”

Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]


2024-12-04 | Tere Maldonado
Biraka jarraitzen du gurpilak

Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]


Eguneraketa berriak daude