argia.eus
INPRIMATU
Rachmaninov aldarrikatuz
  • Bilbao Orkestra Sinfonikoa

    Zuzendaria: Günter Neuhold

    Bakarlaria: Meteusz Borowik

    Egitaraua::Mozart eta Rachmaninov-en obrak

    Lekua ::Bilboko Euskalduna Jauregia

    Data ::BAbenduaren 13a

Montserrat Auzmendi del Solar 2012ko abenduaren 27a
Bilbao Orkestra Sinfonikoak, bere abonuko bosgarren kontzertuarekin, aukera ematen digu gogoeta egiteko, konpositore errusiar ezagunenetako bati buruz, munduan aski ezaguna den Sergei Rachmaninovi buruz hain zuzen ere. Zergatik gogoeta edo hausnarketa hau, hain ospetsua eta entzuna bada? Arrazoi batengatik: kritikak beti gutxietsi duelako konpositore gustagarri hau, agian publikoak maite-maite egin duelako haren musika (hori txarra al da?), edo, agian, bere garaiko abangoardian ez egoteagatik. Azterketa txiki bat merezi dute bi kontsiderazio hauek, batez ere azkenekoak. Abangoardiako produktuak (beti ulertzen den moduan) bermatzen al du kalitatea, edo haren transzendentzia? Zenbat aldiz ez ote dugu kaskarkeria besterik aurkitzen modernitate etiketaren azpian? Rachmaninov, egia da, ez zen artista iraultzailea, baina inork baino hobeto jakin zuen uztartzen hilberria zen erromantizismoaren liluragarritasuna, harmonia eta orkestrazioaren ehundura berriak, Errusiako folklorea eta Estatu Batuetatik zetozen erritmo eta tendentziak. Horrez gain, garai guztietako entzuleek mirestu dute Rachmaninoven musika, eta piano-jotzaileek asko zor diote, instrumentu horretarako benetako perlak egin baitzituen errusiarrak.

Perla horietako bat entzun genuen abenduaren 13an Euskalduna Jauregian. Mozarten Don Giovanni operaren obertura (fin eta sentitua) jo ondoren, Rachmaninoven 3. kontzertua piano eta orkestrarako Re minorrean, op. 30 interpretatu zuen Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Günter Neuhold-en batutapean, eta Mateusz Borowiak piano-jotzaile poloniar gaztea bakarlaria izanik. Bertsio ederra izan zen, zalantzarik gabe. Mateusz Borowiakek sari guztiak jaso zituen Maria Canals izeneko Bartzelonako piano lehiaketaren azkeneko edizioan eta, begi bistan geratu zenez, merezimendu osoz. Obraren deabrukeria guztiak erraz-erraz gainditu zituen, munduko gauza sinpleena izango balitz bezala, baina, horrez gain, kontzertuaren mami guztia atera zuen, indarra, lirismoa…

Hutsen bat aipatzeagatik, esan behar da konplikatua izan zela momentu txiki batzuetan bakarlariaren eta orkestraren arteko sinkronizazioa, baina, tira, edertasunak gainditu egin zuen. Propina bat bota zuen pianistak: Rachmaninoven Étude-tableau bat, zinez zaila, zinez erakargarria.

Saioaren bigarren zatian, Mozart erromantikoenaz gozatu genuen. 40. sinfonia Sol minorrean, K. 550, hain famatua, eta hain berezia bere erritmo bizi eta asaldurazko giroagatik, amaiera polita izan zen kontzertu pasionatu baterako.