argia.eus
INPRIMATU
Ahantzi ezinezko egarri urteak
  • Koldo Izagirre ::Egarri egunak portualdean

    Susa, 2012

Saioa Ruiz Gonzalez 2012ko abenduaren 20a
1977ko urtea, memorian gorde beharreko data. Batzuek jada grabatua izango dute eta beste batzuek, ordea, data gogoangarrien egutegiari gaineratu beharko diote.

80ko hamarkadan jaio ginenon gurasoen gazte-heldu garai hark, baita ere, hainbat haur jaiogabeen guraso izango zirenen bizitza amaiera ekarri zuen. Herriak gogoan du 1978ko Sanferminetan Iruñean izandako karga poliziala, Germán Rodríguez erail zutenekoa, urte haietan egosten zen panorama politiko desegonkor baten isla dena.

Post diktadura politiko gertu baten ajea. Eta gertu diot, urteak pasatu diren arren, oraindik ere ajeak sortutako buruko minaren taupadak sentitzen direlako. Gogora ekartzeak, Herriaren egarria iradokitzen du oraindik. Egarri egunak portualdean ez da 1977ko gertakizunen kronika bat, baizik eta orduko errealitate baten ispilua osatu nahi luketen zatiekin eraikitako collage moduko bat.

Diktadura politikoak bermatu zituen askotariko errepresioetatik jaio ziren 1977ko udako egarri egunak. Gazteen artean zabaldu zeneko sentsazio horretan egituratzen da Koldo Izagirrek deskribatzen duen portualde hartako sentimendu indibidual eta ideal kolektibo asegabeak. “Bizitza hau ez da edangarria” (9.orr), “jainkoa hila zen, Nietzsche ere bai” (10.orr), “errealitatea ez da jasangarria” (131.orr).

Hamar atal laburretan antolatuak diren orrialde gutxitan, gai mamitsuen inguruko itzulia egiten du; alienazio kapitalista, indarkeria, borroka moldeak, Euskal Herria, sexismoa, askatasuna, erlijioa. Funtsean, gizarte modernoekin sortu ziren edo, hobeki esanda, gizarte modernoa osatzen duten gai gatazkatsu batzuen berrikuste moduko bat aurkitzen dugu Euskal Herriari buruzko kontakizunean. Erakargarria bezain bortitza suertatu zait eleberriaren azken kapitulua, ehorzketa bat kontatzen duenekoa eta, nola, gorpuaren deskripzioari helduz, askatasun indibidual zein kolektiboaren aldeko printzipio unibertsalen aldarria egiten duen; “gure belaunaldiaren aurreneko biktima, askatasun artistikoaren sinboloa, bizitza molde berri posibleen esploratzailea… gorputzaren jabetza kolektiboa dekretatu zen han” (135.orr).

Eleberri arina izatetik urrun dago Izagirreren azkena. Irakurketa zailtzen duten sinboloz jositako hizkeran idatzia da. Ideien deskripzioa egitetik abiatzen da, ispiluaren zati guztiak eskaintzen dizkigu, irakurleok ideia andana guzti horrekin izan zenaren mundu erreal baten koadroa osatu dezagun. 

Esfortzua merezi duen eleberria.