Urtean 800 itsasontzi handi kondenatzen dira txatarretara munduan. %80 lehorreratzen dituzte Bangladesh, India, Pakistan eta beste eskualde txiroetako hondartzetan, non ez legerik eta ez lotsarik ezagutzen ez duten konpainientzako milaka gizonek eraitsi behar dituzten morrontzazko baldintza ikaragarrienetan.
Ironeaters, jende burdinjalea, da dokumental bat 2007an Shaheen Dill-Riazek idatzi eta zuzendua. Itsasoari hain loturik bizi den Euskal Herrian ez da ezagunegia Europako eta oro har mundu aberatseko ontzioletan eraikitako pakebote handien hiltegietako bizimodua kontatzen duen film hau.
Bangladesh. Herria ez da gai bere umeak elikatzeko. Euriteak, idorteak, lurraren higadura... Bangladesh iparraldeko baserritarrek gehiago ezin eta hegorantz jo behar dute lan eske. Ugazabek badakite zein larri dabiltzan, edozer onartuko dietela. Horrela ikusiko dituzu milaka gizon txiki ontzi izugarri handiak ataltzen inolako ekipamendurik gabe. Oinetako barik burdina zorrotzen artean. Ortotsik eta esku huska xaflak garraiatzen.
Hemen ez da ez kaskorik, apenas eskularrurik, ez betaurrekorik, ezta metala ebakitzen sopletez ari baldin bazara ere. Haluzinagarria baldin bada oinezkoak ikustea ontzia lehorreratzen marea baliatuz sokatik tiraka, gisa bereko itxuragabekeria gehiago erakutsiko dizu dokumentalak behin eta berriro: trasatlantiko, ferry edo cargo erraldoiaren zati bat osorik erortzen hareatzara, gaineko obreroa broman igeltseroa bezala teila batek alde egindakoan “behetik kableari tiraka ari direnek daukate arazoa, ez guk, ja, ja”... Ia edozertara jartzen da gizakia.
Jatorriz Eisenfresser –produkzioa alemana baita– deitu dokumentalaren hiru minutuko trailerra ikusgai dago NGO Shipbreaking Platform koordinadoraren gunean. Kontratistetako bat ikusiko duzu langileei jornalaren zati bat ukatzen, eta kamerari esplikatzen: “Arazoa da orain pagatzen badiet, etxera itzuliko direla, ni langilerik gabe utzita. Ulertzen duzu? Horregatik atxiki behar diet soldata”.
Misterio handiagorik ez da sisteman. Milakak edozer irentsi behar dute zerbait lortzeko, gutxi batzuek nahi dutena egin diezaiekete. Ugazabok saltzen dizkiete haiei itsas bazterreko lan aldian behar dituzten oheak eta janariak ere. Europako XIX. mendea Asiako XXI.ean.
NGO Shipbreaking Platform delakoak koordinatzen ditu ontzi-eraisketaren inguruan dabiltzan Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Bilgune anitza, tartean badirelako sindikatuak, giza eskubideen aldekoak eta ekologistak. Hauen artean Zero Waste Europe, Zero Zabor mugimendua alegia.
Europako plataforma gisa sortua, mundu osora zabaldu da. Plataformak elkarlanean jarri ditu txatartegiok dauzkaten herrialdeetako elkarteak, ontzien jabe diren konpainiak dauden herrietakoak eta ontzien garraioaren kontsumitzaile direnetakoak.
Off the beach! (Kanpora hondartzatik!) kanpaina burutzen du urteotan plataformak. “Hondartzetara ontziak eramatea dago arazo handi guztion sorburuan: kutsadura larria, lan baldintza arriskutsuak, langileen zanpaketa, eta hondakin lanjerosentzako nazioarteak daukan legediaren urraketa nabarmena”.
Europar Batasunak kalkulatuta omen dauka urtero Europatik Asiako hegoaldeko ontzi-hilerrietara bidalitako pakeboteek 40.000 tonatik gora gai toxiko daramatela barruan, tartean 3.000 tona amianto edo asbesto. Horiek birziklatzen, horrela deitzea zilegi balitz, ari diren beharginen bostetik bat 15 urte baino gutxiagoko nerabea da.
Lanean hildakoen kopuru ziurrik inork ez daki, ehunka seguru eta milatik gora seguruago. Soilik kontatuz istripuetan hilak. Zeren langileon biziraupena 40 urtekoa omen da. Ondoko urteetan bizirik dirautenek minbizi eta beste hainbat eritasun nozitu beharko dituzte, esku huska darabiltzaten pozoien erruz.
Baforetzarrotan edonon dago amiantoa, gaur Europan martzianoz jantzitako espezialistek kentzen dutena baina Bangladeshen itsas bazterreko esklabook etxolatarako ere usatzen dutena.
Barku handiotan nonahi bada beruna, merkurioa, kadmioa, zinka, klase orotako metal astunak. Azidoak zer esanik ez. Eta olioa, motor erraldoiak hozten aritutako olio putzuak. Eta pinturek, isolatzaileek, edergarriek, kableak estaltzeko plastikoek eta beste mila gaik berez daramatzaten produktuak, gehi horiek berotzean sortutako bestelakoak: hidrokarburo aromatiko poliziklikoak, PCBak, TBTak...
Munduko pozoi guztiak biltzen dituzte herriak bezain konplexuak izan diren munstro metalikook. Hauen birziklatzaileak txingurriak bezala saiatzen dira eguneko bi euro baino gutxiago kobratuz. Batzuetan otordu truke, besterik gabe. Ez da kontraturik, ez asegururik, are gutxiago sindikaturik.
Gizonoz gain inguruko jendeek ere nozitzen dituzte lantegi kutsakorren pozoiak. Isurketen inolako kontrolik ez da. Nolaz, bada, eremu jakin mugaturik ere ez baldin badute? Hondartza bat aukeratzen da, marearekin ontzia lehorreratu eta ekin.
Olio, hauts eta gainerako kimikoekin eskualde osoak kutsatu dituzte. Bazterretako manglar aberatsak ebaki behar dira lanerako. Arrantzaleak porrotera doaz kutsadurarekin. Inguruko nekazarien lurrak hondatzen dira.
Iparreko hondakin kutsagarriak hego txirora esportatzeko katean itsas industriaren kontrolik eza da gakoetako bat. Itsasontzia erraz aldatzen dute izenez, jabez eta banderaz. Indiako ur bazterrera iristen bada Saint Kitts-Neviseko ikurrina daraman mamutzar bat, nori hasi kontuak eskatzen?
Flags of convenience deitzen zaie, komeni arau usatu daitezkeen banderoi. NGO Shipbreaking Platform koordinadora horiek kontrolatzea sartzen du Off the beach! kanpainaren barruan. Zaila daukatela aitortzen dute. Orain arte, Basileako itunaren arabera, esportatzaileak bermatu behar zituen itsasontziaren baldintzak, txatartegira iristerako kutsadura nagusiak kenduak zaizkiola. Baina 2009an Hong Kongen hitzartutako akordioak are libreago utziko dizkie eskuak itsas konpainiei, kontrol teorikoa azken bandera daraman herrialdeari dagokiolako, ez benetako arduradunari.
Plataformak urteroko informeekin batera plazaratzen ditu Asiara bidalitako ehunka ontzion zerrendak. Nabarmenenei jarraipen zehatza egiten die, jabe, izen eta bandera aldaketak salatuz.
Garaipen distiratsua ere lortua badute taldeok. Frantziak 2005ean Indiara igorririk Clemenceau hegazkin-ontzia, hedabideek hainbeste harrotu izanak behartu zuen Indiako Gobernua handik igortzera erraietan zeramatzan 700 tona amianto eta guzti. Frantziako agintariek berriz Europara ekarririk, Ingalaterrako Ableko ontziolan eraitsi zuten Clemenceau 2009an.
Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]
Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]
Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari. Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.
ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]
Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.
Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute.
PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.
Itxaron zerrendak gutxitzeko Osasunbideak hartutako estrategiak gaitzetsi ditu Plataformak
Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]