"Itzultzen hasi berriaren neurrikoa izan nuen Xukriren Ogi hutsa"

  • Itzulpengintzaren Euskadi Literatura saria jaso du Alaa As Aswaniren Jakobian eraikina (Igela, 2011) nobelak, Xabier Olarrak eta Arantzazu Royok maisu-maistraki euskaraturik. Izen eta aipu handikoa da lehena, bidean urrats egiten ari dena, berriz, bigarrena. Mohamed Xukriren Ogi hutsa (Igela, 2010) itzuli zuelarik irten zen plazara, eta isilean igaroko zen, sariak zipriztindu izan ez balu.

Zaldi Ero

Itzalean, beste behin, itzultzailea. Zu, oraingoan.

Sukaldean, esaten dut nik. Ondoena hortxe, lagunartean. Jendaurrean agertu beharra gehiegi zait. Gustura nago neure txokoan. Saria eta gainerakoa, plaza, handiegia zait. Petit comité-n hobeto, gauza guztietan.

Liburu plazaratzeak horixe du.

Badakit, bai. Nik kalkulatu ez, ordea, ahal nuena egiten jardun dut itzultzen, besterik gabe, ez nekien zer etor zitekeen. Mohamed Xukri [Ogi hutsa] itzuli nuen lehenengo, arabieratik, bai, baina japonieratik itzultzen ari direnak ere badira! Babespean egin dut nire bidea, itzalean nahi izan dut, eta, hala ere, Xukri itzuli eta plazara irten beharra egokitu zitzaidanean, ezin itzultzailearen sukaldean geratu. Ez nintzen jabetzen, edo ez nuen ikusi nahi, zer ondorio etor litekeen… Niretzat, Xukri ez da, besterik gabe, itzulpen esperientzia izan, bizi-esperientzia baizik.

Plazara irten zinen Xukrirekin, zenbait aurkezpenetan ikusi zintugun.

Ez dakit, bada. Plazara irten behar da, ezin gara ezkutatzen ibili, baina tamaina behar dut. Euskadi sariarekin ere, izan nituen gorabeherak. Egindako lanaren errekonozimendua ere bada sari hori, baina espantuka jaso nuen berria! “Ai, ama!”. Xabier Olarrarena eta biona da saria, eta konpartitua izateak ere lagundu zidan.

Duela bi urte, Erlea aldizkariaren 3. alearen aurkezpenean ere erakutsi zenuen zeure burua, Bilbon.

Harrituta nengoen, neure buruarekin: uste baino lasaiago jardun nuen. Lehenengo aurkezpena egina nuen Donostian, han izan nituen lagunak ere, baina Bilboko hura beste testuinguru bat zen. Irakurketa eta elkarrizketa, biak eskatu zizkidan Atxagak, eta banuen kezkatxoa, elkarrizketari dagokionez. Izan ere, arabierak eraman ninduen mundu hori ezagutzera, ez mundu horrekiko interes berezi batek. Hizkuntzak eraman nau bazter guztietara, horrek mugitzen nau. Hizkuntzaren bidez ezagutzen ditut herriak eta kulturak.

Noizdanik?

UBI bukatu nuenetik. Hura bukatu eta unibertsitatera zen bidea, baina ez nekien zer ikasi nahi nuen. Hizkuntzetan ondo moldatzen nintzen, euskara izan, ingelesa izan… Londresera joan nintzen. Ingelesa, Londresen. Parisen, frantsesa. Ikasten eta lanean, beti. Parisetik bueltan hasi nintzen EIZIEn lanean, zenbait orduz. Frantsesarekikoak egin eta beste hizkuntzaren bati heltzea pentsatu nuen, diferentea: “Errusiera? Hotza. Japoniera? Zaila… Arabiera!” Eta hasi nintzen, eskola partikularretan, non sartzen ari nintzen jakin gabe. Hasi nintzen, eta ezin utzi. Gustura. Hizkuntza ikasketa bera oso gustukoa dut.

Noiz iritsi zinen Marokora lehenbiziko, noiz izan zenuen Xukriren berri?

Marokora lehenengo aldiz 1992an, baina Xukriren berri hura hil aurreko urtean. Xauen-en nintzen, eta zer edo zer irakurri nahi eta liburudendara sartu nintzen. Hantxe ikusi nuen liburua: Mohamed Xukri, Le pan nu. Frantsesezko edizioaren bidez ezagutu nuen. Zer zen hura, gero! Ikaragarri gustatu zitzaidan nola kontatzen zuen historia… Xabier Olarrarekin harremana berreskuratua nuen EIZIEn (irakasle izana bainuen institutuan Hernanin). Igela zale ere banintzen, aurkezpenak segitzen nituen, haien itzulpen-lanak eta beste. Behin, horrela, Xukri euskaraz jarri behar genuela hasi ginen. Ez oso seriotan, ez bainintzen gauza sentitzen orduan.

Baina itzuli zenuen, eta saria jaso duen Jakobian eraikina ere bai, Olarrarekin elkarlanean.

Xabier Olarrak berak eman zidan liburuaren berri! Ez nuen egilearen berririk ere. Filma ikusia nuen, baina ez ninduen harrapatu… Olarrak Jakobian eraikina aipatu zidanean, orduantxe irakurri nuen, baina ez beste edozein liburu bezala, baizik eta haren itzulpena gogoan. Nire lehenengo erreakzioa… zaila iruditu zitzaidan, ez nuen neure tamainakoa ikusi. Gainerakoan, entretenigarria, bizia, interesagarria iruditu zitzaidan, gauza asko kontatzen ditu. Nolanahi ere, itzulpenak, niri, irakurtzen laguntzen dit, hau da, axaleko irakurketatik irakurketa askoz sakonagora jotzen. Eta, jakina, askoz gehiago jasotzen.

Lekutan da arabiar mundura egin zenuen lehen bidaldia.

Lehenengo uda ikastaroa Marokon egin nuen, hilabete. Hurrena, Tunisian. Donostiara itzuli, eta eskola partikularrekin jarraitu… Oso prozesu luzea da ezer ikasterako! Arabiera ez da ingelesa ez frantsesa, eta asko kostatzen da ikastea. Hala, hilabete baino gehiago irauten zuen ikastaro bila hasi nintzen, galdezka. Bazuen Espainiako Atzerri Ministerioak ikastaroen zerrenda bat, eta hantxe ikusi nuen lau hilabeteko ikastaro baten deia, Damaskon egitekoa.

Siriara heldu nintzen lehenengo aldian, 1997an, ez nuen batere hango berririk. Internet bera, hasi berria zen gurean. Hara iritsi eta lehenengo lana, Cervantes Institutura joatea, erreferentzia bila. Han topatu nuen neska bat, espainiarra, telefonoz arabieraz hizketan. Baina nola egiten zuen, gero! “Posible da, nonbait, arabieraz hitz egitea!” Hizkuntza guztiz pasibotzat hartua nuen nik arabiera. Eta ikastaroak etorri ziren, han eta hemen, bata bestearen atzetik, konstantzia handirik gabe, baina segi. Sirian azkena, 2006an.

Lehenengo hartan hemendik Siriara joateak lanak zituen.

Bada bidaia-agentzia bat, Años Luz, harako bidea egiten zuena. Bataren bidez, bestearen bidez, hotel erreserba eginda joan nintzen. Enbaxadara ere joan beharra nuen, izena emateaz gain, erreferentzia eta agiri bila. Unibertsitateko ikastaroan matrikula egiteko, adibidez, enbaxadaren agiria behar genuen. Alde guztietan, dena zen arabieraz, ez frantses ez beste. Beharko ikasi arabieraz! Atzerritarrak gutxi ziren, eta biltzera egiten zuten. Harrera ona egin zioten iritsi berri honi, han mugitzen hasteko, haiek ere neure egoera beretik pasatuak izaki. Frantsesa eta ingelesa jakiteak, bestalde, jende askorekin erlazionatzeko modua ematen zidan.

Itzulpena baino lehen, bizitza historia dugu.

Bai. Dena dela, nik ez nuen sinesten Xukri itzultzera helduko nintzenik. Joan ziren urte batzuk bitartean. Xabier Olarrak pazientzia handia izan zuen. Eta Juan Garziak ere ikaragarri lagundu zidan testua lantzeko garaian. Nire lehenengo saioa zen! Lehenago, ipuin bat ere itzulia nuen, Egiptoko Yusuf Idris-en ipuin bat. Juani [Garzia] eman nion, eta hark, ontzat eman zuen, oso ondo. Olarrari gero, eta hark ere ondo. Bultzada handia izan zen hura niretzat, arabiera-euskara itzulpenari ekiteko.

Argitaratu da ipuina?

Ez, tiraderan dago, baina ariketa gisa itzuli nuen. Idris eta Mahfouz, bateratsu omen zebiltzan Nobel saria jasotzeko garaian. Baina Idrisen lanik ez itzulita. Nonbait, horrek ez zion lagundu. Ipuingile ezaguna da, bestela, Idris.

Jakobian eraikina, Egipto, Kairo.

2000-2001 ikasturtean heldu nintzen hara. Ikastea nuen helburu. Horrek mugitu nau beti, batera eta bestera. Ikastaroak non, haraxe ni: Rabat, Tunisia, Siria… Batean hilabete, bestean hilabete, lau hilabete hurrena… Luzeago bat. Non? Kairora, dialektoagatik joan nintzen. Arabiera estandarra ikasten ari nintzen, albistegietan, prentsan, liburuetan erabiltzen dena, baina estandarra ez da hitz egitekoa. Behin hara joanda, hizkuntza barneratzen hasita, kafea estandarrez eskatzea oso artifiziala gertatzen da. Lekuan lekuko dialektoa erabiltzen hasten gara. Kairoko dialektoa, esaterako, oso zabala da. Marokoarrak Kairokoari ulertzen dio, baina Kairokoak Marokokoari ez, antza.

Zein da arrazoia?

Liburu produkzioa, zinema eta telebista, gehienbat Egipton eta Libanon egin delako, eta hori delako zabalduena. Telesailak eta beste. Oso telesail zale dira, eta Marokon esaterako, horrela jaso dute Egiptoko dialektoa ere.

Atzerri hizkuntza bat, zeinahi dela ere, ongi hitz egitea lan handia da; hizkuntza estandarra, esan nahi dut. Zer esanik ez dialektoa jakitea.
Nik halako saltsa-maltsa bat egiten dut. Ikastaro batetik bestera denbora joan zait, eta zaila da hizkuntzari eustea. Hemen, ibili nintzen eskola batzuk hartzeko asmotan, hizkuntzari euste aldera, baina zaila egiten zait ahaleginean segitzea. Itzultzea da eusteko beste bide bat.

Zein ohi ditugu arabieratik euskarara itzultzeko zailtasunik handienak?

Urruneko hizkuntza eta kultura izatea, oro har. Bidea urratzea bera, ez baitugu arabiar literatura askorik euskaraz. Hainbat dira ezberdintasunak. Teknologi-tresnak ere ez ditut beste hizkuntzetan dauzkadan adina. Irakurtzeko prozesua, irakurritakoa ulertzekoa, interpretatzekoa eta barneratzekoa, luzeagoa dut arabieraz, euskaraz ezer ematen hasi aurretik denbora gehiago behar dut. Horregatik, edo horregatik ere, behar izaten ditut ondoan beste itzulpenak. Beste itzultzaileek zer interpretatu duten ikusteko. Sorpresa ederrik hartu izan dut tarteka. Ez dakit, bada, japonieraz, txineraz, halako zerbait izango da, ezta? Gurearekin zer ikusirik ez du, ez hizkuntzak, ez kulturak.

Ogi hutsa izan zen lehenen, Jakobian… izan duzue orain Xabier Olarrak eta biok, eta Hutsegiteen garaia duzu orain eskuartean, Xukrirena hau ere. Itzultzen hasi eta zein dituzu bi egileen arteko ezberdintasunak?

Estilo ezberdinak dituzte, askoz soilagoa da Xukri, esaterako, baina, batez ere, itzultzeko prozesua bera izan da desberdina. “Neure tamainakoa”, hasi berriaren neurrikoa izan nuen Xukri. Ogi hutsa egokia iruditu zitzaidan hasteko, eta gainera, laguntza handia izan nuen zuzenketa prozesuan. Juan Garziaren eta Xabier Olarraren laguntza izan nuen. Xukriren estiloa soilagoa dela esan dut, esaldi laburrak ditu eta errazago da itzultzen, baina, itxurazko erraztasun horrek ere badu alde gordea: erritmoa zaindu behar! Ogi hutsa liburuan nirea izan zen lehen zirriborroa. Jakobian-en, berriz, Olarrarena. Halako eskarmentua duen itzultzaile batena izanik, bada, ikasi ere, gutxi ez. Adibidez, esaldi luzeak, deskripzio eta zerrendatze amaigabeak, iman-en diskurtso hanpatuak, Korana eta hadizak [Mahomaren esan eta eginak], formula erlijiosoak… horiek ez nituen “neure tamainakoak”. Ni erosoago eta konfiantza handiagoarekin ibili nintzen pertsonaien ahotsetan. Xabierren [Olarra] ahotsa hurbil sentitzen dut, eta horrek ere hainbat laguntzen du itzultzeko prozesu konpartituan. Arabierazko hitz eta esamoldeak gure arteko transliterazioa erabiliz eztabaidatzea ere, ederra. Azken finean, arabiera-euskara hizkuntz bikotea konpartitu dugu. Ederra… Zuzenketa eta fintze prozesuan ere, zer den distantzia hartzea eta ikustea zerekin ez dugun asmatu, esan nahi genuena transmititu dugun edo ez, irakurtzerakoan zerbaitek traba egiten duen, logikarik gabeko esaldiren bat agertu dela eta konturatzea ez dugula ulertu, edo, alderantziz, irakurri eta “ederki asko geratu da hau” esatea. Horretarako, ez da ozen irakurtzea bezalakorik.

Zergatik itzuli?

“Hizkuntzak mugitzen nau, testuak, hitzak; hitzen soinuak, estetikak, egiturak, esanahiak… eder nahiz itsusi, hitzen arteko loturak, joskerak… Itzultzen ari garela, ordea, ez dugu hitza bere horretan itzultzen, hitzen bitartez adierazten den mundu bat deskubritzen ari gara, eta geure hizkuntzan adierazten; batzuetan gozatzen, beste batzuetan izerdi patsetan, eta beste batzuetan ez bata ez bestea. Hori ere bada”.

'Hutsegiteen garaia'

“Xukriren liburu horretan ari naiz orain, datorren urtean kaleratzekotan, baina, tamalez, erritmorik gabe, oraintxe. Liburuaren erdia zirriborratua dut, oporraldietan astindu on bat emanda. Harrezkero, ordea, ezin, bata dela eta bestea dela. Ogi hutsan, horixe izan nuen: tartea, denbora, Xukriren munduan sartzeko eta murgiltzeko, eta neurea lasai botatzeko. Testuarekiko harremana, ‘deitzen ari zitzaidan’ sentsazio zoragarria, jarioa eta ataskua, pazientzia eta pazientziarik eza, sormena eta artisautza, deskodetu eta kodetu, desmuntatu eta muntatu… pieza lekuz aldatu; kendu eta erantsi, errenuntziatu eta konpentsatu… Zer den ‘han egotea’, zer esan nahi duen ‘ahal bezain hurbil, behar bezain urrun’ esaldiak… Horiek entzutetik, bizitzera. Horixe dio Biltoki Elkartearen 10. Urteurrena dela-eta Fernando Rey itzain eta akuiludun dela kaleratu berri den liburuaren tituluak, ezta? Hitza bide, bizia xede”.

Al Aswaniren hitzak

“Zer sari dakar idazteak? Zergatik pasatzen ditu idazleak urteak bulego batean idazten, besteak ederki bizitzen ari diren bitartean? Zer dela eta berebiziko ahalegin hori? Zein da saria? Dirua? Ez zait iruditzen. Izan ere, ahalegin hori bera beste edozein ofiziotan eginez gero, diru gehiago ekarriko zion.

Ospea al da saria? Ospeak, berez, ez du balio ikaragarririk. Jendeak ezagutzen zaitu, baina zuk ez dituzu haiek ezagutzen. Gainera, bada jende ospetsu franko, gizadiari benetako ekarpenik egin ez  diona. Orduan, zein da saria?

Nire ustez, saria da jendeak zure ideiak jasotzen dituela, zuk idatzitakoa irakurri eta ulertzen duela –hainbat hizkuntzatan–, eta zuk idatzi duzun horrek, beharbada, jendearen pentsaera eta mundu ikuskera alda ditzakeela.

Beraz, nire lanen itzulpenak sari handia dira; ohore bat niretzat, eta edozein idazlerentzat. 33 hizkuntzatara itzuli dira nire obrak, eta poza hartu nuen euskara 34.a dela jakitean. Mila esker nire nobela euskaraz jarri duzuen itzultzaileoi.

Estimatzen dut euskal irakurleak ere izatea, eta nire lanak gustuko izatea espero dut”.

(Jakobian eraikina-ren egileak Euskadi Literatura sarien banaketara Xabier Olarrari eta Arantzazu Royori igorritako mezua)


Azkenak
2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Nafarroako Gobernuak administrazioan sartzeko euskara baloratzeko merezimenduen dekretua onartu du

Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.


Emakume* Abertzaleen X. Topaketa egingo dute azaroaren 16an Laudion

Egun osoko egitarauarekin elkartuko dira, eta Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi duten zehazten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dute.


Antena 3 telebistak Donostiari buruz egindako erreportaje “arrazista eta sinplista” salatu dute

Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS)... [+]


“A”, Arabako familia-upategien ardoa bereiziko duen marka berria

ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko upategiek ekoitzitako ardo botilek bereizgarri propioa izango dute uzta honetatik aurrera. Markaren sustapen kanpaina ere egingo dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan. Kontsumitzaileei lagundu nahi diete Arabako ardoak eta... [+]


Dela klima aldaketa, dela Ukrainako gerra, arrakalatu egin da Artikoko bake neurtua

Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]


Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba arrakastatsua Nafarroako Hezkuntza Publikoan

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude