argia.eus
INPRIMATU
Ona Electroerosion, biktima politikoa?

Juan Mari Arregi 2012ko abenduaren 12a

Azken egunotan, Espainiako Zerga Agentziak salaketa larria egin du Durangoko familia abertzale bati loturiko makina erremintako enpresa baten kontra. Telebistek, irratiek eta egunkariek –nazioartekoak barne– handitasunez zabaldu dute albistea, argazki eta guzti. Baina hedabideak isildu egin dira enpresak ofizialki salaketa ukatu duenean. Enpresak Ona Electroerosion du izena eta “Iranekin kontrabandoa egitea” leporatzen diote, “Irango errepublikan ugaritze nuklearra sustatzea” helburu duen makinaria saltzea, hain zuzen. Espainiako Ogasun Ministerioaren menpeko den Agentziak zioen, NBEk agindutako blokeoa gainditzeko, “Irango erosleak Turkian sortutako enpresa-bitartekaria baliatu” zuela Durangoko konpainiak. Era berean, Agentziak zioen operazio ilegalak kartzela zigorra eta isun milioidunak ekar zitzakeela Durangoko enpresarentzat.

Durangoko enpresak akusazio guztiak ukatu ditu. Bere esanetan, duela urte asko ari da makinaria hori esportatzen, beharrezko baimenekin. Horrez gain dio, saldutako materialak ez duela zerikusirik helburu nuklearrekin. Eta amaitzeko hau ere esan du: ez duela inolako harremanik Turkiako ezkutuko enpresarekin. Zergatik isiltzen da orain Espainiako Zerga Agentzia? Zergatik isiltzen dira aurretik salaketa hainbesteko hotsandiz zabaldu zuten hedabideak? Zeinek hartuko ditu bere gain kostu ekonomikoak eta enpresaren irudiaren galera? Badirudi historia tamalgarri honek zerikusi gehiago duela interes politikoekin errealitatearekin baino, eta Ona Eletroerosion enpresa durangar abertzalea, Espainiako Gobernuaren biktima politiko bat gehiago izan dela.
Juan Mari Arregi