argia.eus
INPRIMATU
Eguraldiaren mapa

Edu Zelaieta Anta 2012ko abenduaren 18a

Eguraldiaren mapa hizpide bilakatu zen Lopezen Jaurlaritzaren eskutik: ETBn ikustera ohituak ginen eguraldiaren mapa moldatzea erabaki zuen gobernu sozialistak, (euskal) klimatologiari buruzko kontuak parametro demokratiko-unibertsaletara ekarrita. Oraingo botere aldaketa dela medio, dagoeneko entzuna dugu eguraldiaren maparekiko kezka zenbaitzuen artean: EAJk lehengoratuko ahal du telebista publikoko eguraldiaren mapa.

Euskalmetek ohiko iragarpena eman berri du zortzietako albistegian: “Termometroak 10 gradu azpitik errendituko dira eta barnealdean ez dira 6-7 gradutik gora joango”. Informazioaren hurrenkerak ez ezik, (kostaldearen) elipsiak ere salatzen du nondik ematen den eguraldiaren iragarpena. Beraz, “eta barnealdean” zioen horretan, “eta periferian” esatea ere bazuen.

Eguraldiaren ageriko mapa ikuskizun dagoen honetan, (EAEko) euskaldun askoren ezkutuko mapak aldagaitz iraungo duelakoan nago. Jaurlaritzan PSOE nahiz EAJ egon, irrati-telebistako audientzia gehien biltzen duen Bilbo-Donostia ardatz zabalak nagusi segituko bide du. Bai eta eguraldiaren inguruko kontuetan ere.