Diego Cañamero (Campillos, Andaluzia, 1956) zortzi urterekin hasi zen lanean nekazal soroetan eta hamaseirekin sindikalismoan sartu zen. Geroztik hainbat aldiz atxilotu dute. Andaluziako Sindicato Agrario de Trabajadores-eko (SAT) bozeramaile da egun. Medioetan oihartzun handia izan du Mercadona eta Carrefour saltokietan egin dituzten ekintzek.
El Coronil (Sevilla, Andaluzia) herriko alkatetzan izan zinen hamar urtetan zure ideiak praktikara eramatea lortu zenuen?
Hori ezinezkoa da. Hamar urtez nire herriaren alde lanean aritu nintzen etengabe eta gero gehiengo osoz dimititu nuen, berriz ere Sindicato Obrero del Campo-ra (SOC) itzultzeko. Udalean saiatu nintzen praktikan jartzen borrokan lortu nahi ditugun amets guztiak, baina zailtasun asko daude, batez ere ekonomikoak. Hala ere gauza garrantzitsuak egin genituen, esaterako, herritarrentzako demokrazia parte hartzailearen inguruan.
Etxebizitza politika interesgarria ere egin genuen. 500 lur sail banatu genituen bakoitza 100 metro koadrokoa, jendeak pixkanaka bere etxea eraiki zezan. 1.200-3.000 euroren truke saldu genituen. Horretaz gain etxebizitzak jarri genituen alokairuan, hileko errenta garestiena 37 euro zen eta merkeena 15 euro.
Lanpostuak sortzeko ere ahal zen guztia egin genuen; nekazari txikiei lagundu genien soro sozialak landu zitzaten. Udaletik laboreak ereiteko zati bat finantzatzen genien eta nabe bat utzi genien jakiak manipulatzeko kooperatiba antolatu zezaten.
Zein zen zure soldata El Coronileko Udalean?
Udalean izan naizen denboran, sekulan ez dut izan jornalari batek irabazten duena baino soldata handiagorik. Areago, lantaldean 65 lagun zeuden eta ni nintzen soldata baxuena zuena. Nire kulturaren parte da hori. Diru asko irabazten duzunean, eta eroso bizi zarenean, kargua itsatsi egiten zaizu eta ez duzu lehengora itzuli nahi. Politikan izan ondoren aurreko kargura itzuli den jende gutxi ezagutzen dut. Nik ez dut hori nahi.
Hiru urte geratzen zaizkit SATeko kongresua amaitzeko eta gero landara joango naiz, lan egin eta 580 eurorekin jubilatzera, politiko hauek dena izorratzen ez badute behintzat. Unibertsitatera ere joan nahi nuke historia ikasteko, inoiz ez naiz eskolan izan eta ikasgai hori gainditzeke daukat oraindik.
Askotan atxilotu zaituzte, kartzelan ere izan zara. Zerbaiten damu zara edo harro zaude egindako guztiaz?
Harro nago. Ez dut inoiz ezer lapurtu, ez naiz inorekin joka aritu, justua iruditu izan zaidana defendatu baino ez dut egin, eta herriarentzat justua dena defendatzen segitzen dut. Bost bider izan naiz kartzelan, lehenengoan 1976an, diktaduran, eta gainerakoetan ondorengo gobernuen pean. Baina ez dut damutzeko ezer egin, gure ekintza guztiak baketsuak dira.
Juan Manuel Sanchez Gordillo zure lagun eta adiskide izan da borroka horretan. Nola definituko zenuke?
Juan Manuel zintzoa da, Andaluziako langileen alde guztiz konprometiturik dago. Irakaslea da eta patxada ederrean bizi zitekeen, baina bere bizia “erre” du 2.800 laguneko herri batean, hortzez eta haginez. Zuzena da eta ez du ezer, ondasun materialari uko egiten baitio. Nahi dugun mundua eraikitzeko pertsona baliotsua da.
Zer ekarpen egiten dio SATek Andaluziako jendarteari?
SATek ahal duen guztia egiten du andaluziarrek euren duintasuna berreskuratu dezaten, hori baita gizakiarentzat sakratuena. Ulertarazi nahi dugu zerbait justua denean, horren alde borrokatu behar dugula.
Zer harreman duzue Espainiako Estatuko beste sindikatu batzuekin?
Beti dago harremanik beste sindikatuekin, batez ere nazionalistekin eta eskualdekoekin. Oraintsu estatu mailako bilera egin dugu eta bertan izan dira Kataluniako sindikatuak, Galiziakoak, Madrilgoak, Valentziakoak, Zaragozakoak… Espainiako Estatuaren egoeraz hitz egin dugu eta borroka garrantzitsuetan bat egiteko esfortzua indartu beharraz.
Hedabideek hainbat saltokitan egin zenituzten ekintza sinbolikoei jarri zieten arreta, baina aldi berean, gertakaria desitxuratu nahi izan dute, “lapurreta” eta “asaltoa” gisako hitzekin.
Arcos de la Fronterako Mercadona eta Carrefour-en egindako ekintzak salaketa izan ziren. Lapurtzera doana gauez eta burua estalita doa, inork ez ikusteko, eta norberarentzat lapurtzen du. Guk ez dugu guretzat lapurtu. Protesta publikoa egin genuen: adierazi nahi genuen XXI. mendeko Europan –askatasunen eta giza eskubideen Europan– Andaluzian 400.000 familiek kide guztiak langabezian dituztela eta 350.000 familiatan inork ez duela laguntza sozialik jasotzen. Benetako datuak dira. Astez aste, Cáritasen, Gurutze Gorrian, udaletako zerbitzuetan, elizetan… ilara luzeagoak dira. Eta ez da jende gehiago joaten lotsa ematen dielako! Hori guztia salatu nahi izan dugu Carrefour eta Mercadonako ekintzekin. Baina burgesiak barregarri utzi eta kriminalizatu nahi izan gaitu. Esaten digute ezker erradikala garela, eta guk erantzuten diegu behar erradikala dugula.
SATek hainbat manifestazio babestu ditu hilabeteotan, esaterako, ikasleen mobilizazioak eta azaroaren 14ko greba orokorra. Zein aldarrikapenek batzen zaituzte?
Martxoan Somonteko (Kordoba, Andaluzia) finka okupatu genuenetik kanpaina egiten ari gara. Egin ditugu martxak, saltokietan ekintzak, manifestazioak eta eskualdeko grebak. Bost gauza aldarrikatzen ditugu:
Lehenik, oinarrizko errenta. Bigarrenik Espainiako Gobernuak egin dezala plangintza ekonomikoa, langabetuek hiru eta sei hilabete artean lan egitea lortzeko; modu horretan dirua herritarren eskuetara itzuliko litzateke eta jendarteko sektoreei bizitasuna emango lieke. Mahairatu dugun hirugarren eskakizuna da lurrak bana ditzatela. Laugarrena etxegabetzeen ingurukoa da: ezin dugu onartu jendeari euren etxea kentzea, haurrak dituzten familiak kalean geratzen ari dira; behintzat igo ditzatela hipotekak 25 urtetik 50era, baina jendea ezin da etxerik gabe utzi. Andaluzian 400.000 etxebizitza daude saldu gabe eta Espainian 4 milioi inguru dira.
Bosgarren neurria litzateke PER-eko [Nekazal Enpleguaren Plana, gaztelaniazko hizkietan] laguntza jasotzeko nekazaritzan 35 egun lan egin beharraren baldintza kentzea, PER-a egunean 7 euroko subentzioa baino ez da. Eraikuntzan aritutakoak, immigranteak eta lehendik gaudenak, horiek guztiak ari gara orain nekazaritzan, eta denentzako lanik ez dagoenez, askok ez dituzte 35 egunak lan egiten eta oso zaila dute PER-a kobratzea.
Nola daramazue Europako sindikatu errepresaliatuena izatea?
Kezka handiz, sindikatuaren atzean errepresaliaturiko pertsonak daudelako. Oraintxe bertan 550 kide prozesatzen ari dira. Martxotik hona 132 kasu zenbatu ditugu eta horietatik 77 atxilotu egin dituzte. Inortxok ez du zentimo bakarra ere eraman paradisu fiskaletara, ezta eurena ez den ezer hartu, ez dute inor jo edo iraindu…
Gose grebak, manifestazioak, itxialdiak, bilkurak, errepide mozketak eta okupazioak baino ez ditugu egin. Baina erabat kezkatuta nago, norbanakoen isunetan 400.000 euro pilatzen baititugu eta zenbait lankidek beste auzi batzuetan epai irmoak dituzte jadanik. Eta hau XXI. mendean, askatasunaz eta demokraziaz hainbeste hitz egiten den honetan. Nik bi urte daramatzat judizialki intsumiso. Deklaratzera naramatenean mutu agertzen naiz, ez dut ezer esaten, ez deklaratzeko eskubidea dudalako. Haiek ni baino, nik nekarazten ditut eurak. Ez dut kapritxoz egiten, ezta harropuzkeriaz ere, baina ezin da hainbeste errepresio egon. Zerrenda beltzak dituzte, eta ez garela izan jakinda ere leporatzen dizkigute gertakariak; hori baino gauza injustuagorik ez dago munduan. Badaude pertsonak isunak ordaintzera derrigortu edota etxean atxilotuak izatera kondenatu dituztenak, ekintzetan izan ez diren arren.
Jabego pribatuaren kontra azaldu izan zara. Zein da proposatzen duzun alternatiba?
Ekonomiak pertsonen zerbitzura egon behar du eta jendea zoriontsuago izango den jendartea eraikitzeko balio behar du. Denok egon beharko genuke ados horrekin. Lehenik, horretarako formula aurkitu behar da, gero jarriko diogu izena.
Lurra, esaterako, naturaren dohaina da. Zergatik ezin du pertsonen eta ekonomia sozialaren zerbitzura egon? Ez du inork eraiki, lurra hor zegoen. Airea publikoa da, denek arnastu dezakete, bada lurrak berdin izan behar du. Jabego pribatua, nik uste gizakiarenganako iraina dela. Zertarako pilatu halako aberastasuna? Inolako kontrolik ez duten etekin pribatuak sortzeko? Ez dut ulertzen. Bestaldetik, zoriontasuna gauzak edukitzearekin lotua dagoela esan digute, kontsumo ondasunekin. Zergatik ez da kulturan, aisialdian eta laguntasunean oinarritutako zoriontasuna sustatzen? Mundu ezberdina bilatu behar dugu. Egiten duguna izan dadila natura errespetatuz, zeren eta bizitzeko eskubidea ez da geurea bakarrik, gure ondorengoena ere bada. Datozen belaunaldiek lur osasuntsua aurkitzeko eskubidea dute, ez gehiago produzitzeagatik genetikoki eraldatutako lurra, pozoitzen ari dira-eta.
Zein litzateke egungo egoera politikoa eta ekonomikoa aldatzeko egitura egokiena?
Alderdi popularrak eta alderdi sozialistak ekonomiaren arloan gauza bera defendatzen dute. Diskurtso ezberdinak behar dituzten bi alderdi handi dira, 20 milioi botoak lortu eta “merkatu librea” deitzen den kapitalismoaren sistema kudeatzearren. Azalean ezberdinak dira –oroimen historikoaren edo gay eta lesbianen inguruan egindako keinuak, kasu–, baina jendea engainatzen dute.
Akordatzen naiz nola anarkistak kortijoetara joaten ziren bizikletatxo bat hartuta; jendeari idazten eta irakurtzen irakasten saiatzen ziren. Gaur jendeari irakatsi egiten zaio, eta denetarik daki, baina orokorrean biztanleria erabat manipulatua eta analfabetoa da. Asko dakien arren, ez daki ezer. Gazteek ez dakite errealitateari nola aurre egin. Asko pozten nau M15 bezalako mugimenduak ikusteak, gauza berriak deskubritzeko irrikaz, gazteak boteiloia egiteko baino gehiagorako mugitzen direla erakusten ari dira.
Andaluzia “Espainiako Errauskine” dela esan izan duzu.
Andaluzia beti erabili izan da beste leku batzuetarako lan esku merkea lortzeko. Espainiako lurraldearen %17a da, 8,2 milioi biztanle ditu, 8 milioi hektarea lur eta horietatik %30a munduko lur aberatsenen artean dagoela esaten da. Klima ona dugu, denetarik landu daiteke hemen. Baina hala ere 2 milioi pertsona ditugu atzerrian: milioi bat Katalunian eta gainerakoa Espainiako Estatuko eta Europako beste lurraldeetan. Horrez gain, mahats-bilketa garaia denean 50.000 lagun joaten dira Frantziara, Nafarroara esparragoa biltzera…
Ezin dugu %34ko langabeziarekin segi –herri batzuetan %50etik gorakoa da– , ezta osasungintzaren arloan Espainiako Estatuko batez bestekotik zortzi puntu beherago egon ere, ezin dugu Europan langabezia, pobrezia eta eskola porrot gehien duten eskualdeen artean laugarrena izan. Horregatik diot Andaluzia dela Espainiako Errauskine. Beste tokietan baino arrazoi gehiago dugu hemen protestatzeko. Ez dugu Afrikara begiratu behar, gertu gauden arren, Europara begiratu behar dugu, Europan baikaude.
Lehengaiak Espainiako ekonomiarentzat hain garrantzitsuak izanik, uste duzu nahikoa laguntza ekonomiko ematen zaiela lurra lantzen duten langileei?
Behar duguna araudi bat da, nekazaritza produktuak erregulatzeko eta prezio finkoa ezartzeko, beste produktuei bezala. Nekazal produktuak jatorritik kontsumitzen direnera arte, %700 garestitzen dira, eta zenbait kasutan %1.500. Bitartekariek, ezertxo ere egiten ez duten arren, diru guztia eramaten dute. Produktuak ez luke %20 baino garestiago izan behar kontsumitzaileak erosten duenean, modu horretan nekazariek eta kontsumitzaileek, biek irabaziko lukete, eta ez espekulatzaileek.
Bestetik, laboreak antolatu behar dira, ezin ditugu abenturak bizi, 5.000 hektarea ereitea nahikoa bada, ez erein 10.000. Espekulatzen duen merkataritzan gaude: garbantzuak Mexikora bidaltzen ditugu eta beste batzuk ekartzen ditugu Mexikotik; gertukoa lehenetsiko duen merkatua arautu behar dugu.
Etorkizunerako zein plan zehatz duzue Andaluziako langileen egoera hobetzeko? Baikorra zara?
Andaluzia ez dadila izan terratenienteen eta dukeen lurra. Lurra herriaren eskuetara igarotzea nahi dugu, kooperatibetara. Gaur egun, Andaluziako lurren %50a %2aren esku baino ez dago. Nekazal erreforma nahi dugu, modernoa, natura zaindu eta herrien zerbitzura egongo dena. Produzitzen diren labore guztiak Andaluzian lantzea nahi dugu. Adibidez, kotoiaren %95 hemen egiten da, baina ez dago ehungintza enpresa bakar bat ere. Lagundu beharko genuke manufakturatzeko industriak sortu daitezen. Modu horretan lanpostu asko sortuko lirateke.
Bestetik, nekazal turismoaren inguruan, naturarekin uztartzeko moduko turismoa nahi dugu, eta basoberritzeko plan zorrotza, pribatuak diren mendiak berreskuratu eta publiko bihurtzeko.
Borroka urte hauek guztiek merezi izan al dute?
Ez dakit ekarpenik egin ote dudan, baina saiatu naiz behintzat. Azkenean, mundua eraldatzen da injustiziak desafiatzeko ausardia duen jendea dagoenean. Eraldaketa hori bilatzeko ausarta izatea da inportanteena, eta sindikatu honen aitzinean gaudenok ildo hori dugu. Baina egia da askotan ez dugula aukerarik izaten gure diskurtsoa zabaltzeko, hedabideak kontrolatuta daudelako.
Zortea izan dugu, Carrefour eta Mercadonaren kontuarekin tekla jo dugulako, eta lortu dugu behingoz benetako arazoez hitz egitea. Mundu guztiko egunkarietara iritsi zen ekintza: Iran, Txina, Japonia, Venezuela, Mexiko... 30 urte daramatzagu borrokan eta orain arte ez dugu halako eragin mediatikorik izan.
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]
Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.
Kaleko Afari Solidarioak (KAS) egitasmoko kidea da Ixiar Gonzalez Gurrutxaga. Donostiako Udalak asteazkenean debekatu egin die behar dutenentzako otordu beroak eskaintzen jarraitzea. 18:00etan prentsaurrekoa deitu dute beren erantzunaren berri emateko. "Hiru aukera ditugu:... [+]
Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak ezin izango ditu otorduak eman ostegunetik aurrera, Egian behintzat. Hala jakinarazi diete udaltzainek asteazken iluntzean, ahoz, antolatzaileei, baimenik ez dutela eta Donostiako Udalaren erabakia dela argudiatuta. Asteazken... [+]
Bizi garen mundu frenetiko zein zorabiagarri honetan, pixkanaka gertatzen diren gizarte-aldaketak batzuetan antzemanezinak, garrantzirik gabekoak edo hutsalak direla iruditzen zaigu. Hala ere, ez da horrela, eta jakitun izan behar dugu tentuz jokatzeko. Horren adibide, azken... [+]
Europako Funts Sozialen ataletik Elikagaien Bankuetara bideratzen zuten urtero dirua eurek bidera zezaten janaria behar gehien duten herritarren artean. Aldaketa iritsi da kudeaketara orain: adin txikikoak dituzten familiei diru-txartelak emanen dizkiete produktuak erosteko. 130... [+]
EAEko haurren %6,4ak eta Nafarroakoen %10,2ak ikusmen pobrezia du. Visión y Vida elkarte espaniarrak egin du estatuko azterketa. Txostenaren arabera, ikusteko arazoak dituzten haurren eragozpen larriena da ez duela minik egiten, eta familiek, baliabide ekonomikorik ez... [+]
Oxfam Intermon-en txostenak ohartarazi du planetak dituen erronka handienei, hala nola krisi klimatikoari, eta pobrezia eta desberdinkeria iraunkorrari aurre egiteko ahalegin globalak mehatxupean daudela. “Boterea ultraaberatsen eta megaenpresen eskuetan pilatzen ari... [+]
Iazko urritik eraiki dituzte hainbat kokaleku jatorri magrebtarreko ia 100 lagunek. Poliziak duela hainbat aste jaso zuen haiek basotik botatzeko agindua.
Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]
181 milioi haur inguru bizi dira egoera larrian eta gobernuz kanpoko erakundeak dio hilgarria izan daitekeen desnutrizio-motaren bat jasateko %50 aukera gehiago dutela. Desberdintasunak, gatazkak eta krisi klimatikoa dira arrazoi nagusiak.
Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.