Bilboko Arriaga antzokira itzuli naiz. Areto honek ez du bereziki euskarazko emankizunik ugari eskaintzen, ez bada formato txikian –badakizue, euskaldunok merkatu txikia gara–, eta Gabonak hor daudela, La Bella y la Bestia ikuskizun musikalaren kartelak ikusi ahal dira, antzokiaren kanpoaldean. Baina dirudienez, euskarazko ikuskizunak errentagarriak ere izan litezke batzuetan. Euskaldunok badakigu tamaina handikorik ere antolatzen, eta hara, Sortuko dira Besteak-k, ildo horri jarraitzen dio. Sarrerak agortu ez baziren ere, Arriaga Antzokia leporaino beteta zegoen, “ez dago eserlekurik patioan” aditu nion lehiatilako neskari.
Adin guztietako jendea bildu zen gure kantari klasikoei (Xabier Lete, Mikel Laboa, Imanol, Benito Lertxundi…) egindako omenaldian, baina adin ertaineko jendea zen nagusi, frankismo osteko urte emankorretan, gazte eta nerabe zirenak, abestiak haien gogoan iltzatuta dituztenak.
Ekitaldi honen jatorria, Xabier Lete Gogoan bira arrakastatsuan dago. Bira hori Euskal Herri osoan barrena egin zen 2011n, zendu berri zen poeta eta kantariari gorazarre egin asmoz.
Bigarren aldiz, Eñaut Elorrieta (Ken 7), Alex Sardui (Gatibu), Mikel Urdangarin, Petti, Arantza Irazusta eta Pier Paul Berzaitz aritu ziren oholtza gainean abesten. Bernardo Atxagak eta Amets Arzallusek idatzitako testuak izan zituzten lagungarri, ekitaldi horretarako espresuki sortutakoak.
Joxan Goikoetxea piano eta soinujoleak zuzendu zituen musikariak.
Euskal Herriko kantari klasikoen abestiei beste arnas bat ematea genuke talde honen asmoetako bat. Beste bat, nazioarteko zenbait ahots handiren doinuak euskarara moldatzea. Modu honetan, Ne me quitte pas eta Amsterdam (Jacques Brel), So long Marianne (Leonard Cohen), The old ways (Loreena McKennitt), Tu gitana (José Afonso), Yo pisaré las calles nuevamente (Pablo Milanés) edo L’estaca (Lluis Llach) kanten euskarazko bertsioak entzun genituen.
Abesti rockeroagoak ere izan genuen entzungai. Esate baterako, Ruper Ordorikarenak edo Rolling Stonesen abesti handien bertsioak.
Xabier Leteren, Izarren hautsa kantutik hartu dute emanaldirako goiburua: Sortuko dira besteak. Horixe egin dute sei kantariek, Oiartzungo olerkari eta abeslariak hurrengo belaunaldiei egindako gonbidapena onetsi, aurretik izan ziren musikari eta sortzaileen lanari jarraitzeko nahi horri bide eman. Gustura aritu ziren kantariak, antzinako abestiak joz, askotan buruz, akorde eta hitzetan, hortik edan baitute euren hastapenetan, egungo euskal musikari askok.
Bernardo Atxagak eta Amets Arzallusek testu bana irakurri zuten. Hendaiako bertsolariak mugan jaio eta hilko ote den galdetzen zuen. Atxagak berriz, Oh! My Darling Clementine AEBetako folk abestia eta Jon Mirandek abesti horren gainean egindako Ene Kattalin bertsioa izan zituen mintzagai.
Xabier Leteren beste abesti batzuen artean, Euskal Herri nerea, Altzateko jaun eta Lore bat zauri bat entzun genituen ikuskizun honetan, eta Leterekin batera, Laboa, Lertxundi eta Imanol. Baina baita Bitoriano Gandiaga, Lauaxeta, Gabriel Aresti edota Sarrionaindiaren testu musikatuak ere, 30 abestiz osatutako errepertorioan. Alderik berritzaileena, beste herrialde batzuetako kantu aski ezagunak euskarara moldatu izana.
Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa, horixe dugu Alexander Gurrutxaga (Zarautz, 1988) EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslearen doktore tesia. Aurten irakurria du, udaberriko konfinamenduaren bezpera egunetan, poetaren heriotzaren hamargarren... [+]
Fermin Erbiti kazetariak Xabier Leteri buruzko irratsaio monografikoa egin du Euskalerria irratian. Olerkigile eta kantaria hil zela hamar urte beteko dira ostiralean.
Xabier Letek 1999ko irailean Errenterian (Gipuzkoa) eskaini zuen azken kontzertua CD bikoitzean jarriko du abenduaren 4an salgai A&M Kultur Promotorak: Xabier Lete zuzenean. Hogeita bat kantu bildu dituzte orotara, horietatik hamaika sekula grabatu eta diskoan jaso gabeak... [+]
Urnietan (Gipuzkoa) jaio zen Lurdes Iriondo, eta bertan bizi izan zen urte askoan Xabier Leterekin. Urriaren 11n haien omenezko kantaldia egingo dute hango kiroldegian, Xabier Lete gogoan biraren baitan. Eñaut Elorrietak (Ken Zazpi), Pier Paul Berzaitzek, Arantza... [+]
Urriaren 8an eta 9an egingo da Xalbador Eguna Urepelen (Nafarroa Beherea), Deiadarra elkarteak antolatuta. Aurten, Xalbador hil zela 35 urte beteko direnean (azaroan), hari kantatu zion (Urepeleko artzaia) Xabier Lete musikaria gogoan izango dute. Jaialdiaren aurreneko egunean... [+]