argia.eus
INPRIMATU
Arrainak eta bizikletak
  • Doinua: habanera

Uxue Alberdi Estibaritz 2012ko abenduaren 12a

Azaroak 25
eskailera ditu igo:
“eraso gehiagorik ez!”
aditu dugu berriro.
Egunkarietan, zifrak:
zenbat gorpu, zenbat tiro.
Inon agertzen ez diren
zenbat kate posesibo?
Baina ez gara zenbaki
edo biktima pasibo!
Badugu antolatzeko
adina sen ta motibo
izan dezagun eraso
bat jasaten den aldiro
erantzun personal bat ta
mila erantzun kolektibo.

Emakumeak gizona
behar du, ez al da hala?
arrainak bizikleta bat
behar dezaken bezala.
Elkartu eta gozatu
dezakete, ta oxala!,
libertatea delako
itsaso oso zabala.
Norberak bere burua
errespetatu dezala,
zainduz bidea ta ura,
izedia ta kresala.
Arrainak hegan ikasi
baitezake berehala
bizikletak igerian
ere ikasi ahala.

Norberak daki ondoen
zer den eraso, zer txantxa,
norekin ta ze ordutan
joan nahi duen etxerantza,
non hasten den abusua,
non amaitzen konfiantza,
zer den menpekotasuna
eta zer adiskidatza.
Feminismoak indarrak
metatzera garamatza,
sare zulaezina da
konplizeen aliantza.
Ongi etorria zara,
zatoz, izan segurantza:
iraultza honen musikan
egingo dugula dantza