Urtean hamaika aitzakia duzu Tolosa aldera hurbiltzeko. Hona hemen bat, ez da ikusgarriena baina bai egiatiena, herri prestu honen izateari taxua hartu nahi badiozu.
Tolosarrak, herria famatu dezan eskatuta, bertako inauteria aipatuko dizu lehenengo eta behin, Ostegun Gizena noski, igande goizeko Dianaren lehertzea, eta Astelenita, edo Asteartita. Frankismoak ere isildu ahal izan ez zuen inauteria da gurea, beste inon ez bezalakoa, Kortatuk, jada aspalditxo, abesti sonatu batean deskubritu zuena, pero qué coño haces tú sin disfrazar…
Alter egoak aparteki askatzera gonbidatzen duen inauteri horretatik asko du nire gaztetako Tolosak. Eta Bonberenearen aitzindari izandako gaztetxetik, eta nazioarteko abesbatzen oihartzunetik, txotxongilo eta magia jaialdietatik, Sanjoanetako Bordon dantzatik… Egungo nire Tolosak, nostalgiaren galbaheak itzultzen didan nire sorterriak, aldiz, larunbateroko azoka ederresten dit ospakizun horien guztien gainetik.
Bere xumean handi izan da beti hitzordua. Parranda eroen garaian ere, lagunarteko planean beratzea beste helbururik ez genuenean ere, saihestezina zitzaigun. Egunkaria besapean hartu eta Zerkausian amari gazta zatia erosita heltzen ginen etxera goizean goiz, ostiraleko ezusteko gau-pasak sorraraz ziezaiokeen ozpindu aldia gozatuko zuelakoan. Azken sosak Berdura plazan eskuratutako landare eder batean gastatuta ere bai noizbait, kezken ordainetarako gazta zatia baino sinbolikoagorik behar izatea irudituta. Orduan aise bizi ginen telefono eramangarririk gabe.
Larunbata peri eguna da izan, tolosarrentzat. Txikitatik barneratzen den ikasgaia da, bi eta bi lau direla bezala. Grabitatearen antzean erakartzen nau geroztik, bere esentzia jendetsuan imantzen, aspaldian urrutitxo eta alderrai bizi izanagatik ere. Gaurkoan ezingo diot barneko alerta horri ihes egin. Goizeko zortziak. Segidan abiatuz gero, bederatziak laurden gutxietarako han nagoke. Ez dut aitzakiarik. Banoa.
Autoa lurpean utzita –trena hartzeko modu errazik ez dut–, Justizia jauregiak osatzen duen plazara atera naiz parkingeko eskaileratan gora. Kafetegi zabaldu berria dakusat eskuinaldeko kantoian, David Pradosek dotore diseinatua: kristalera zabalak aldenik alde, espaloietako baldosak paretetan gora, egurra eta porlanaren konbinaketa. Kafesnea eta kruasana esku banatan hartuta, bazterreko sofa beltzean eseri naiz, Artxibategi Historikoaren atzealdeari begira, patxadan. Aurki jendez beteko da ingurua. Ondoko zahar etxeko biztanleak ekarriko dituzte aperitifa hartzera, bisitan etorriko zaizkien senideek gonbidatuta gehienak.
Gosari legea egin ondoren, Beotibar kalean behera noa Euskal Herria plazara. Janari usain gozoa dago bazterretan, salda eta haragi egosiarena, lehen kolpean. Odolkiak eta mondejuak ere etorri zaizkit akordura. Laster batean milaka pintxo eta plater ikusgarrik apainduko dituzte herri osoko barrak.
Topic txotxongilo zentroa inguratzen duen azoka ikusiko dut lehenik, larunbatetan ohikoak diren hiruretarik bat. Postu gehienak plaza hesitzen duten etxeetako arkupean jarrita daude. Jantziak eta osagarriak eskaintzen dituzte saltzaile gehienek, azpiko arropak, neguko tixertak, etxeko batak, trikotak, soinekoak eta berokiak. Baita mahoizko praka-jakak eta lanabesak ere, betiko kantoian. Plazaren erdian, kanpoko fruta-barazkiak, olibak, kontserbak eta turroiak, aukeran. Harago larruzko poltsak, modu onean.
Zerbaiti begira geldituz gero, agudo botako dizute amua hemen. Betidaniko ezagunari bezala, jario errazean zuzenduko zaizu postuaren jabea, eguraldiaz, salgai duen generoaren kalitateaz, etxeko beharrez, zernahiz mintzo. Ez da eroslea limurtzeko teknika hutsa. Hemengo legea da. Eta dibertigarria da.
Azpiko kamiseta lodiak eta mahoizko praka eskuetan daramatzadala, Euskal Herria plazako azoka utzi eta Rondilla kalera atera naiz, edo Pablo Gorosabelera, herriko arteriarik ezagunenera. Jendea nonahi, pasean, erakusleihoei begia luzatuta, espaloiaren erdian geldirik, berriketan, traban, erosketa poltsa gobernatu nahian, semaforoa gorritu zain, eztabaidan, euskaraz, hartu nauen Hendaian ez bezala. Arnasa hartu dut sakon. Tolosaldearen esentzia usnatzen ari naiz.
Aroztegieta kalean gora gero, Beti Alai, Raku edota Orbela tabernak utzi ditut atzean. Trianguloa ere nire eskuinetara lagako dut. Azoka berezirik balitz, Babarrunarena bezalakorik kasura, mukuru beteta legoke garai honetarako. Pauso bat bide besterik ez, Zerkausira heltzeko. Bertako produktuen merkatua egiten da hemen. Ederra da agerikoa, festa koloretsu baten parekoa. Hurbiltzen hasi orduko senti liteke baserritarren azoka deitu izan dugun honen funtsa. Bailarako erakustokirik behinenean nagoela iruditzen zait, garaian garaiko mozkinen paradisuan. Azak, azaloreak, brokoliak, porruak, tamaina eta mota guztietako kuiak, babak, babarrun beltzak, mizpirak, gaztainak, intxaurrak, sagarrak, sagarrez eginiko dultzeak, mermeladak, eztia, opilak, ogiak, hango eta hemengo gaztak, uso eta eper ehizatuak… Ikusle gehien biltzen duen mahaiaren aurrean onddoak daude ugari, mordoan, 30 eurotan kiloa. Nire ondoko emakumeak, ni bezain harrituta, marmarrean ari dira: “Hemengoak al ditun horiek?!”, “zera izango ditun hemengoak, Soriakoak behar diten”, “aizan, garesti nolanahi ere, 30 euro?!”...
Azoken itzulia osatzeko, Zerkausia utzi eta Alde Zaharreko karrika estuetan barrena egin dut, hemengo betiko denda dotoreei begira, jantzi eta oinetakoen eskaintza zabalean saltoka helduko naiz Berdura plazaraino. Ez naiz balkoian landare apaingarriak zaindu zale, ez dut barazkitxoak aldatzeko tokirik, perrexila jartzeko ontzi kaxkarren bat ez bada, baina plazer ematen dio bistari kristalezko estalpe honen argitan ageri den estanpa koloretsuak.
Kalean gora noa orain. Kosmetika iragarki ospetsuak dioen bezala ondo merezia dudalako, ezin ukatuko diot kutixia ene buruari. Gorrotxategin Xaxuak erosi –bertatik bertara dago gozotegia– eta San Frantzisko aldera joko dut. Trianguloan gora noala, Uzturre mendiaren itzala senti dezaket bizkarrean. Atzera begiratu dut disimulurik gabe. Bai ederra gure Tolosa. Larunbatez.
Oharra: Euskal Herrian Ihesi webgunean herritarrek egindako gomendioak topatzeaz gain, zure ekarpenak ere egin ditzakezu.
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.
Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
Kazetaritza arloko zortzi finalisten artean dago June Fernández, ARGIAn argitaratutako Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik. Sari banaketa ekitaldia Andoainen egingo dute.
Horren nabarmenki izan ez bada ere, Gipuzkoako gainontzeko lurraldeetan ere gora egin du etxebizitzaren prezioak. Modu berean higiezinen salerosketa ere handiagotu egin da, antza inflazioaren eta interes tasen jaitsiera dela eta, Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo... [+]
Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]
Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 310.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.
Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna.
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]