argia.eus
INPRIMATU
Oskarbi
  • Xirimiri ::Oskarbi

    Elkar, 2012

Olatz Korta 2012ko abenduaren 07a
Euri gozoa ari du. Xirimiria. Oskarbiren CD berria entzuteko une aproposa. Xirimiri. Lehenengo konpasak entzuten hasi orduko haurtzaroan aditzen nituen doinuen eta ahotsen arrastoak berreskuratzen hasi naiz, eta badatoz, tantaka-tantaka, bokal harmoniez beteriko melodiak oroimena bustitzera. Eta banoa, astiro-astiro euskal folkaren oinarrietara. Oskarbiren jatorrietara.

Ibilbide luzea egin du 1966tik hona Ez dok hamairu mugimenduko kide izan zen taldeak –eta aktibo dirauen euskal talderik beteranoenak–, ibilbide horren ardatz nagusiari heldu dio kaleratu berri duen lan berrian. Bere garaian, aparteko ahots taldea osatu zuen eta gaur egun ere bikain mantentzen du jatorrizko izaera hori.

Aberastasun instrumental zabala eta, batez ere, ahots joko gozoz baliatzen dira bakarka, bikotean, hirukotean nahiz koro gisa aritzeko.

Herri kantak, inoiz grabatu gabeko pieza tradizionalak eta euren sormeneko konposizio eta letrak uztartzen dituzte Donostiako Elkar estudioetan grabatutako disko honetan. Hiru poema berri entzun ditzakegu diskoan. Bata, Oskarbiren lanetan ohikoa den Bitoriano Gandiagarena, Kuku abestia. Beste bat, J.L. Trekurena, CDari izenburua eman dion Xirimiri kanta. Eta hirugarrena, Xabier Leterena, Gabon hitzak.

Uzta berritik aipatzekoak dira ere, doinu alaiak dakartzan Andre gaztia jaja! edo Iparraldeko Firlan girun abesti herrikoiak.

Ostalierra kantak ere badu xarma, bai doinuari dagokionez, baita ardo saltzailearen eta eroslearen arteko elkarrizketari dagokionez ere.

Horiekin batera, XV. mendeko bi kanta berreskuratu dituzte. Erdi Aroko kantagintzaren oihartzun dira Zuberoako Alarguntsa eta Lasturko Miliaren eresia kantak. Horiek guztiek halako molde berezi bat ematen diote musika talde bikain honen abestiei.

Diskoaren azalarekin beren jatorrietara egin dute itzulia. Beren lehenengo diskoaren esentzia berreskuratu nahi izan dute, Jorge Oteiza eskultoreak hiru zirkuluz osatutako irudiari euri tantak gehituz eta modu horretan, Xirimiriaren irudia antzeratuz.

Oskarbi taldeak herri kantutegia eta euskal poesia uztartuz jarraitu du orain arte, eta bide horri eutsiz, euskal folkaren eredurik argienetakoa dela egiaztatzen da.