argia.eus
INPRIMATU
Independentziaren paperetan galdua
  • PAKO ARISTI ::Independentziaren paperak

    Erein

Xabier Letona Biteri @xletona 2012ko abenduaren 12a
Independentziaren paperak
Independentziaren paperak
Euskal Herria eta bere independentzia gaur egun nola ikusten dituen kontatzen digu egileak. Aristiren ustez, estrategia eta taktika argiak behar dira independentziarako eta euskaldunok ez ditugu. Argi dio, herrien askatasuna ukatzen duten neurrian, Espainia eta Frantzia inperialistak dira, ez dira demokratikoak, eta biolentzia eta era guztietako amarruak erabili dituzte –eta erabiltzen dituzte– Euskal Herria menderatzeko. Edo Espainiak irabazten du edo Euskal Herriak, ez dago besterik.

Alderdi independentistak gogor kritikatzen ditu, besteak beste Euskal Herria menperatzeko eratutako sisteman parte hartzen dutelako: “Herri bezala nahi badugu funtzionatu, hasi beharko dugu herria zatitzen duten hauteskundeei uko egiten”. Bizi dugun krisi ekonomikoak abagune egokia eskaintzen du independentziarantz urrats garrantzitsuak egiteko. Independentismoak, erreferentzia historiko garrantzitsuak dituela azpimarratzen du: Nafarroako Erresuma, orduko “euskal populuaren subjektu politikoa”. “Denok gara euskaldunak, lurralde guztietakoak, baina Nafar Estatukoak gara”. Nafar Estatua konkistatua izan zela dio, bahitua, eta ‘deboluzioaren´ ideia berreskuratu behar dela.

Prozesu honetan hitzei eta ideiei duten garrantzia emateko, Ideia Politikoen Laborategia eta Independentziari Buruzko Institutua sortzea proposatzen du, independentziaren hiztegia egitea, intsumisio linguistikoa praktikatzea. Liburuak gordintasunez azaltzen du nazioen arteko borrokan irabazle eta galtzaileek nola diharduten, eta irabazle izateko aurkaria gailendu behar dela.

Liburuak balio izan dit independentziaren bueltan geldiune bat egin eta hainbat egoera  eta kontzepturen gainean gogoeta egiteko. Ez dit balio izan, ez dit aztarnarik eskaini, egungo Euskal Herrian bestelako prozesu independentistarik irudikatzeko, ez euskal lurraldeak batze aldera, ez independentziaren bidean giltzarri izan behar duen gutxiengo eta gehiengoen indar harremanen eraldaketan sakontze aldera.