argia.eus
INPRIMATU
Bakea helburu bide-lanean

Peio Dufau 2012ko abenduaren 11

Gure taldea Batasuneko kide Aurore Martinen aldeko elkartasunean eratu genuen hastapenean. Lehen urratsak Euro-aginduaren kontra eman genituen, inoizko mobilizazio azkar eta zabalenarekin. Bakearen aldeko manifestaldi hura 2011ko abenduaren 10ean izan zen. Deialdiak 4.000 jende erakarri zuen Baionako karriketara. Ondoren, Aurore Martin bakean utzi zuten, nolabait erranik. Alta bada, Aieteko Konferentziaren garaia zen, eta taldean eztabaida berriak sortu ziren bakearen inguruan. Barne eztabaidei eta formazio ikastaroei esker, mugimendua sortzea erabaki genuen: Bake Bidea. Iparraldeko bake talde hau hainbat alderdi politiko, sindikatu, elkarte eta mugimenduetako jendek osatua dago.   

Ipar Euskal Herriko egoera ez da batere Hego Euskal Herriko bera. Hemen euskaldunak bagaude ere, gizartearen zati batentzat euskaldunak ez dira existitzen, ez bada folklorearen agerbide gisa. Alabaina, ez dago mugarik edo horrenbesteko zatiketarik euskaldunen –abertzaleen– eta gizartearen beste aldeen artean, izan ere, borroka armatuak min gutxiago egin du hemen.

Iragan hilabetean Frantziako Barne ministro Manuel Vallsek Lurralde Elkargoaren eskaera ETArekin lotu zuen, eta ondoren, Aurore Martinen atxiloketa eta Espainiara kanporatzea etorri ziren. Gertakari hauek gure gizarteko sektore anitz inarrosi dituzte. Alderdi politiko guztietako hautetsi gehienek –Euskal Herrian hala nola Frantzian– bake prozesuan parte hartzera deitu diote Frantziako Gobernuari. Frantziako Gobernuaren ezetzak eta jarrera hertsiak jende are gehiago engaiatu dute bake prozesuaren alde.

Bake Bidea mugimenduaren sorreraren segidan, Herrira-k antolatutako manifestaldira jende asko bildu zen preso politikoen egoera salatzeko. Aldi hartan 15.000 lagun elkartu ginen Baionan. Horrelako manifestaldiek ez dute egundaino azken horrek izan duen arrakastarik izan. Horren lekuko dugu, lehen aldikoz presoen aldeko euskal gizartearen atxikimendua Frantzia osoko hedabideetan aipatua izana.

Ipar Euskal Herrian ez da inoiz gaur egun lanean ari den bezalako mugimendurik lortu. Horrek Bake Bideako kideoi esperantza handiak sortu dizkigu. Nahiz eta, egiari zor, egiteko lan luzea gelditzen den. Lan gaitza egin beharko dugu geroan Gobernuari gure iritzia entzunarazteko eta are gehiago onarrarazteko, batez ere Manuel Vallsek zuzentzen duen Barne Ministerioari.

Esperantza ez dugu galtzen haatik. Nahiz eta mugimendua berria izan, azken gertakariek Bake Bidea erreferente bilakatu dute Ipar Euskal Herrian bake prozesuari dagokionez. Mugimendua are gehiago zabaldu nahi dugu orain, gizartearen aniztasuna aintzat hartuz, taldea handitzeko xedetan. Zentzu horretan ETAren azken agiriko hitzak baliatu behar ditugu bake iraunkorra eraikitzeko Ipar Euskal Herrian, baita Euskal Herri osoan ere.