argia.eus
INPRIMATU
Vicent Partal
Europar Batasunari buruzko eztabaida tranpa da
  • Balizko Katalunia independentea Europar Batasunean sartu ote litekeen orain eztabaidatzea, tranpan erortzea da Vicent Partalen ustez. Espainiak jarritako amua dela uste du, haiek jarrera komuna dutelako eta independentistek ez.   

Vicent Partal @vpartal 2012ko abenduaren 04a

Konpontzeko garaiz gaude, baina dagoeneko erori gara sagu-zuloan. Jada ez dugu hitz egiten ea independente izan nahi dugun. Aldiz, Europar Batasuneko kide izan nahi dugun ala ez eztabaidatzera eraman gaituzte. Begien bistan dago, ez dago eztabaidarik. Batasunak onartuko gaitu behin independente garenean edota beste erremediorik ez duenean, minutu bat lehenago ez. Bien bitartean, Espainia beldurra sartu eta sartu ari zaigu, gure indarrak zatitzen ari da, beraiek posizio bakarra duten eztabaida honetan. Nire proposamena? Utz dezagun Europaz hitz egiteari eta geuri buruz hitz egin dezagun, garrantzitsua hori baita.

Pentsa dezagun independentzian beraz, eta independentzia lortzeko prozesuan, kanpoko baldintza eta xantaiarik onartu gabe. Guk independente izan nahi dugu, eta izango garenean, orduan eskatuko diogu Batasunari sarrera, hori interesatzen bazaigu. Eta bai, nire ustez, sarrera interesatzen zaigu.

Batzuek diote independentisten alde batek ez duela independentzia nahi, segurua ez bada Batasunaren parte izango garela. Eta hor dago tranpa. Izan ere, “Oi! Nik independentzia nahi nuke, baina aizu, seguru jakin behar dut ea Europar Batasunaren parte izango garen”, etengabe dioten otsoak laster ikusiko ditugu arkumez mozorrotuta. Independentziari aurre egiteko argumentu itxurazko bat aurkitu dutenen kantu faltsua errepikatzen ari dira otso hauek.

Bada ez. Galdera gakoa ez da Europar Batasuneko kide izango garen. Galdera horren erantzuna uneon ez da garrantzitsua, ezta erabakigarria ere. Jakin behar dugun gauza bakarra da ea erabakitzeko eskubiderik daukagun. Indar nahikorik izango ote dugun ziurtatzeko erabakitzen duguna beteko dela, eskuak libre eta hipotekarik gabe, gure etorkizuna geuk erabakiko dugula.

Eta otso arimarik ez duen norbaitek uste badu arriskutsua dela aldez aurretik ez jakitea  Europar Batasunean sartuko garen independente bihurtzen garenean, froga diezadala arrisku hau larriagoa dela Kataluniarentzat egungo egoeran mantentzea baino.

Azkenik, eta bide batez, independentziaren biharamunaz ari garenez, agian, zuzena litzateke herritarrok iritzi kontrajarriak dauzkagun hamar edo hamabi gai nagusiei buruz ere bozkatzea. Adibidez, zein litzateke arazoa  galdetzeko Europar Batasunean sartu nahi ote dugun? Gaztelaniak ofiziala izan behar ote duen edo hauteskunde sistemak zerrenda irekiak behar ote dituen?