Editoreak aurkezpenean esan zuen moduan, poeta berria da Hedoi Etxarte, aurreko lana atzean utzi eta bestela hasi dena, Suzko lilia (2008) idatzi zuen Hedoi Etxarterekin –edo beste inorekin– batere antzik ez duena. Jende xehea protagonista duten istoriotxoz betea dator Sinplistak (Susa) poema-liburu “panfletario eta manikeoa”, autorearen hitzetan.
Zure lehen poema liburuak eta honek ez dute batere antzik. Zer gertatu zaizu bidean?
Orain kontatu nahi ditudan gauzak kontatzeko surrealismoaren moldeak ez zidan balio, oso egozentrikoak direlako, metaforaz eta irudiz josiak.
Zuzenagoa izan nahi zenuen.
Inoiz ezin duzu kontrolatu irakurleak zer irakurriko duen, baina ez nuen nire buruarekin gustura gelditzeko aritu nahi. Lehen mundu gerratik hasi eta gaur arte izan diren errealismoetatik ikastera jo dut.
Landu dituzun gaiengatik, baztertu duzu, beraz, surrealismoa?
Helburuengatik. Liburu hau ia kanpaina baten moduan pentsatu dut. Alegia, halako gaiei buruz hitz egin nahi dut eta horietarako modu eraginkorrenak bilatu ditut. Batzuetan lehen pertsonan kontatzea komeni zitzaidan. Besteren batean, akaso, txiste moduko bat asmatzea. Hurrengoan, ia mitin tonuan hobeto bibirildu dut, edo parodiatuz. Oso kontzientea izan da.
Sketch txikiak, eguneroko egoera errepikakor horiek oso erakargarriak iruditzen zaizkit, eta pertsonaiak txotxongiloak bailiran daude tratatuta.
Izen-abizenak dituzten txotxongiloak, nolanahi dela ere.
Izen-abizenak, edo alfabetoko letrak, D jauna esaterako. Izen horiek, berez, anonimotasunaren mugan aritu nahi dute.
Surrealismora itzulita, oraingo honetan aproposena ez zelako baztertu duzu. Horretara itzuliko ote zara berriro?
Ez dut uste. Irakurtzeko interesgarria zait oso, baina surrealismoaren, haren suzedaneoen eta baita ondorengoen formak bukatuta daude neurri handi batean, nire liburu hura barne.
Bestalde, surrealismoa egin zuten gehienak komunistak ziren, eta maila ideologiko politikoan oso identifikatua senti naiteke, baina maitasunaren praktiketan oso gauza narzisistak egin zituzten azkenerako. Objektu gisa, objektu fantastiko gisa, ikusi zuten mundua, baita maitatzen edo desiratzen zituzten objektuak ere. Nire baitan gertatzen direnak esplikatzeak ez dit interesik pizten.
Baliabide estetikoak, tipografikoak baliatu dituzu.
Parentesiak-eta? Garbia izan nahi nuen, eta halaber, tartean esate baterako pankartak idazteko aukera izan nahi nuen, pankartak, pegatinak... Horretarako erabili ditut kortxeteak, letra larriak edo bertsalitak, planoak bereizteko, argiago izan dadin. Tipografia berean idatzi izan banitu nahasmena sor nezakeen. Intrusioak oso garbi identifikatzen dira horrela.
Juan Cruz Lakastari “Harrigarria, poesia liburu hau ulertu egin dut” esan omen zion lagun batek. Horixe izan da, hain zuzen, nire helburuetako bat, ulergarria izatea.
Mintza gaitezen izenburuaz. Nor da sinplista?
Eztabaida ekiditeko baliatzen da hitz hori. Bakarren bati sinplista dela esanda, edo botere posizio batetik tonu egokian ez dela ari, eztabaida eragoztea izaten da helburua. Gatazka jakin bat existitzen ez dela esatea bezalatsu da. Ez bada existitzen ez da zertan horri buruz jardunik. Gustatzen zait. Historian, aro, ikuspegi eta eremu askotatik egin da hori. Miserableak zarete, dirurik ez daukazuelako, eta horrek zuen izaera ere miserable egiten du, ez zarete interesgarriak. Beraz bai, miserableak gara, edo maritxuak gara, edo beltz zikinak gara. Hori baldin bada eztabaida saihesteko aitzakia, aizu, iraina gure izen bihurtuko dugu, baina has gaitezen hizketan.
Zeintzuk sartu dituzu zaku horretan?
Bizi naizen gizartean dagoen jende gehiena: komunak garbitzen dituztenak, web programatzaileak, mekanikoak, langabeak, gauzatxoak saltzen aritzen diren etorkin papergabeak, biolin-jotzaileak...
Azalean bezala, hortzak erakusten al ditu sinplistak?
Liburuak sortzen duen desfaseetako bat da hori. Ez dago garbi zakurra sinplistekin dagoen ala sinplisten aurka. Seguru aski, bi eremuetan dago zakurra. Zuri-beltza delako gustatzen zait, mundua binarioki ikustea konplexutasunaren hasiera posible bat da, Mendebaldean behintzat.
Zure poemek kalean azkar egindako erretratuak dirudite.
Oso domestikoak dira, telefono konpainia aldatzera doan pertsona bat, tabernan zerbait hartzen ari dena eta albokoei gustatzen ez zaion zerbait entzun diena... Egunerokoan badira bere horretan funtzionatzen duten anekdotak. Beste batzuek zerbait deskriba dezaketela iruditzen zait.
Adibidez. ”Zu ezin zara kexatu”, behin eta berriz errepikatzen den esaldia da. Eztabaida ekiditeko argudio gisa erabiltzen da sarri. Lana duzunez, ezin zara kexatu, nahiz eta zure lana kaka putza izan. Ideologia menperatzailearen forma egunerokotu horiek gorpuztu ditut poemetan.
Sexu kontuak ere nabarmen ageri dira. Hainbesteko pisua al du sexuak gure gizartean?
Hori bada surrealismotik gelditu den zerbait. Andre Bretonek esaten zuen iraultza sexuala izango dela edo ez dela izango. Gure gizartea bisualki oso sexuala da, baina diotenez, praktiketan ez da aurreko beste gizarte batzuk baino askoz sexualagoa. Badago sexu hori erakutsi nahia, ez dago pudorerik. Ez da liburu transgresorea, heterosexuala da oro har, baina batzuei eroso egingo ez zaien gaiez mintzo da. Adibidez, uzkiaz. Irain gisa erabiltzen da gaur egun, eta oso kontzienteki tratatuta dago. Badira oraindik gorputzeko eremu batzuk ezkutatu behar omen direnak. Bada hor hautu bat.
Hiru zati simetriko egin dituzu.
Poema guztiak istoriotxoak dira. Egiturarik gabe ere joan zitezkeen, baina jende egituratuak nahiago izan ohi du izenburu zerrenda luzea baino, hori forma baten barruan ikusi. Liburua eratzeko jokoa da, ez besterik. Hiru zati horien artean bi interludio daude, poema luzexeagoak, arnasteko edo itotzeko, ez dakit, puskatzeko bederen.
Norentzat idazten duzu?
Liburuan agertzen den jende horientzat. Lan kaskarra dutenentzat, aita bananduentzat, hip-hop edo musika klasikoa entzuten dutenentzat. Edo ingurukoentzat, badu zentzu praktikorik ere. Jasanezina da entzutea “Ezin zara kexatu”, edo “Hemen hobeto gaude”. Beraz, horretarako bada poema bat. Esaldi horien zentzugabekeria azaltzen edo bideratzen saiatu naiz. n
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]
Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]
Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.