Bizitzen ari garen krisia luze jotzen ari da, eta administrazio publikoetan dauden murrizketekin batera, gure enpresetako erreserbak ere gutxienekoaren azpitik daude. Artikulu honen helburua ez da krisitik nola aterako garen esatea, baina bai harekin zerikusia duten gertakizun batzuen berri ematea.
Hego Euskal Herrian, eta batez ere EAEn, ikerketa eta garapenean egindako inbertsioa Europaren batez bestekotik gora izan da orain arte. Aurten Espainiako administrazioak miseria gorrian utzi ditu ikerkuntza-zentroak eta gureak ere nabaritzen hasi dira hori. Eusko Jaurlaritzak ikerketa eta garapenerako dituen programetan zer gertatuko den ez dakigu –eta urtea amaitzear da!–, baina euskal ikerlarien kezka nabarmena da. Europar Batasunak murrizketak iragarri ditu datorren urterako, baina ez da espero Espainian gertatzen ari den adinako basakeria.
Jaurlaritza berriak erronka ederra du alor honetan, eta bi aukera baino ez: espainiarra izan edo geurea izan, ez baitugu ahaztu behar etorkizunaren zati handi baten funtsa orain ikertzen dugunaren araberakoa izango dela. Segituko dugu.