argia.eus
INPRIMATU
Reggaea, rapa, eta gozatzera!
  • EGILEA ::diskoa

    Bonberenea ekintzak, 2012

    iraupena ::2´19´´

    prezioa ::8€

Joxi Ubeda Goikoetxea 2012ko azaroaren 15a
Azken aldian ezagutu dudan talde interesgarrienetako bat da Glaukoma. Reggae eta rap musika estiloak modu naturalean nahasten ditu. Modu sinple batean, erraz, zuzen, freskotasun handiz eta batere lotsarik gabe. Bere doinuek kutsatuta, gorputza berehala mugitzen hasten zaigu, alai. Ongi pasatzen ari garela konturatzen gara Vol.1 diskoa entzunez gero, eta, are gehiago, beren jendaurreko emanaldiren batean baldin bagaude.

Doinuak eta erritmoak ederki lotzen dituzte, gehiegizko apaindurarik gabe eta soberan egon litezkeen xehetasunetan galdu gabe. Taldekideen etorria handia baita. Emanaldietan eroso aritzen dira, umorez, eta kantuak jotzen ederki pasatzen ari direla transmititzen dute. Gozatzera ateratzen direla nabarmena da.

CD eta LP euskarrietan kaleratu dute beren lehen disko luzea. Zazpi abestiz osaturik dago. Reggaea eta rapa nagusi dira kantuetan, eta dancehall, raggamuffin eta roots ukituak ere suma daitezke. «Azal zuridun beltzak» baitira Glaukomako partaideak, haien hitzetan: «Reggaea da erregina eta rapa erregea». Besteak beste, Damian Marley, Alborosie eta Bad Sound System taldeak atsegin dituzte, Glaukomakoek beraiek aitortuta.

Euskaraz, ingelesez eta gazteleraz mintzatzen dira kantuetan. Hiru hizkuntzak erraz nahasten dituzte hitzetan eta errimetan, naturaltasunez. Aldarria transmititzen dute kantu batzuetan, eta beste batzuetan haien barrura begiratu eta kezketan, sentipenetan eta emozioetan murgiltzen dira. «Zerbait baliagarria» esaten saiatzen dira, «txorakeriarik» esan gabe. Tradizioak, sexuen arteko desberdintasunak, marihuana, komunikabideak eta beste hainbat gairen inguruan mintzo dira.

Tolosan (Gipuzkoa) sortu eta garatzen ari den taldea da Glaukoma. 2010eko maiatzaren 15ean egin zuten beren lehen jendaurreko saioa, Tolosako Otsabi elkartean. Vol.1 diskoa kaleratu aurretik, hainbat jendaurreko emanaldi egin dituzte, eta baita grabazio batzuk ere: Tolosako Izaskun auzoko festetako abestia, eta Sputnik 11 bildumako bi kantu.

 Tolosakoak, Donostiakoak eta Irungoak dira Glaukoma taldeko kideak. Gazteak, hogeita gutxi urte besterik ez baitituzte. Pablo Rubio (bateria) irundarra da, Jokin Albisua eta Iker Pando gitarra jotzaileak donostiarrak dira, eta Asier Arandia (baxua) eta Juantxo Arakama (ahotsa) tolosarrak.

Bi gitarra, baxu bat, bateria bat eta ahotsa besterik ez dute behar kantuak ederki jotzeko, nahiz eta hainbat saiotan Ibarrako (Gipuzkoa) lagun bat, Jon Altuna (Lain, Dolce & Tangana) haiekin aritzen den teklatuak jotzen. Jon Altuna bera diskoaren grabazioan aritu da, eta Glaukomakoen beste hainbat lagun ere bai: Roman Goenaga (ahotsa), Aitzol Moreno (tronboia), Ander Altuna (tronpeta),  Xabier Beldarrain (perkusioa), Miguel Telleria (ahotsa), Xabier Garcia (txilibitua) eta Stepi Selektah (Not paradise kantuaren musika konposatzen lagundu die).

Karlos Osinaga arduratu da grabazioaz, nahasketez eta masterizazioaz, eta oso lan txukuna egin du, kantuak garbi, ozen eta gozo-gozo entzuten baitira.