Gilles-Éric Séralini ikerlariak Monsantoren arto transgenikoaz eta Roundup herbizidaz egindako azken aurkikuntzek transgenikoen lobbya mugiarazi dute. Erabilitako metodologia kritikatu dute askok, transgenikoetarako baimenak lortzeko Monsantok erabilitakoaren berdina edo, kasu batzuetan, hobea dela “ahaztuz”. Ez da kontu berria. Zientzialari askok jasan behar izan dute –Séralinirentzat berarentzat ez da lehenengo aldia– Monsantoren presioa, beren ikerketen berri emateagatik. Ikus ditzagun adibide batzuk.
Marie-Monique Robinen Le monde selon Monsanto liburuan “Zientzialari manipulatuak” izenburua duen kapitulu bat dago. Kazetari frantziarrak dio, pasarte batean, Monsantok bere produktuak hain erraz inposatu izanaren arrazoietako bat dela manipulazio genetikoa gai korapilatsua izatea; alegia, zientzialariek baizik ulertu ezin dutena. “Enpresa jabetu zen bere eragina ziurtatzeko gai honi buruzko iritzia emango zuten zientzialariak kontrolatu behar zituela”.
Esandakoaren froga modura, Robinek Monsantoren barne agiri bat aipatzen du. Txosten konfidentziala da, eta inork ez daki nola iritsi zen transgenikoen gaia gertutik segitzen duen GeneWatch elkarte britainiarraren egoitzara. Hamar orrialdetan, kontu zientifikoez arduratzen den Monsantoren departamentuak 2000ko maiatzean eta ekainean egindako lana laburbiltzen du dokumentuak. Egileak pozik azaltzen dira lortutakoarekin, antza. Besteak beste, zenbait zientzialari ospetsu transgenikoen aldeko mezua zabaltzeaz konbentzitu izanagatik beren burua zoriontzen dute Missouriko enpresako kideek.
Zientzia tematia da ordea. Ikerketa independente askok genetikoki eraldatutako organismoen (GEO) kalteen berri eman dute, eta halakoetan, estrategia izaten da ikertzaileari ospea ebastea. Zientziatik “kanpo” jartzea. Azken batean, GEOen aldekoek sinestarazi nahi dute, eta hein handi batean lortu egiten dute, produktu horien kaltegabetasuna zientifikoki frogatuta dagoela. Kontrakoa dioten ikerlariak, zientzialari “txarrak” ez ezik, zein gutxi diren gogoraraziko dizute. Argudio horri erantzutea badago: hasteko, ez dira hain gutxi. Eta ontzat emango bagenu hainbeste ere ez direla, ondoren datorrena irakurrita uler daiteke horren zergatia, edo zergatietako bat behintzat: adorea behar da GEOei buruzko ikerketa independenteak edo, oro har, bioteknologiaren arloko enpresen interesekin bat ez datozenak abiarazteko. Eta adorea duenak ez du erraz lortuko finantzazioa, bestalde.
Ikus dezagun zer gertatu zaien beren laborategietan Monsantok zabaltzen duen egiaren ifrentzua aurkitu duten batzuei:
Árpád Pusztai Hungarian jaiotako biokimikaria da. 1995ean, erretiro adina beteta eduki arren, kontratua luzatu zioten Eskoziako Nekazaritza, Ingurumen eta Arrantza Ministerioak eskatutako ikerketa garrantzitsu batez arduratu zedin. Lehen landare transgenikoak landatu berri ziren AEBetan, eta Ministerioak GEOek giza osasunean eduki zezaketen eragina neurtu nahi zuen. Helburua transgenikoei bultzada ematea zen, Europako merkatuetara iristear ziren hartan. Pusztai bera bioteknologiaren defendatzailea zen, eta ilusioz ekin zion ikerketari. GEOak seguruak zirela frogatu nahi zuen.
Pusztairen lantaldeak behatu zuen patata transgenikoek arratoiengan zer efektu zuten, eta emaitzak ez ziren izan espero bezalakoak. Hasteko, patata haiek ez ziren patata arruntak bezalakoak, haien konposizio kimikoa analizatzean ohartu zirenez. Horrek ez zuen bat egiten GEOei buruzko araudia AEBetan eta munduko beste leku askotan hain biguna izatea ahalbidetu duen substantzia-baliokidetasun printzipioarekin: labur esanda, GEOak beren homologoen berdinak dira grosso modo. Printzipio ez-zientifikoa da, baina transgenikoen aldeko mezuaren zutabe nagusietakoa da.
“Patata transgenikoak ere ez ziren bata bestearen baliokideak”, esana du Árpád Pusztaik, “horretaz jabetzean, lehen aldiz zalantza egin nuen manipulazio genetikoa teknologiatzat hartu ote daitekeen; ni bezalako zientzialari klasiko batentzat, teknologiaren oinarria da prozesu batek eragin bat baldin badauka, eragin berbera izan behar duela prozesua baldintza berdinetan errepikatzen den aldi guztietan”.
Kontuak kontu, arratoiei osasun arazo larriak eragin zizkien patata transgenikoez elikatzeak. Pusztairi elkarrizketa egin zioten BBCn, eta ikerketaren xehetasunen berri eman ezin bazuen ere –argitaratu gabe zegoen, artean–, bere kontrako kanpaina izugarria piztuko zuen esaldia esan zuen, ea berak patata transgenikorik jango ote lukeen galdetu ziotenean: “Ez, eremu honetan lanean ari den zientzialari gisa, uste dut ez dela bidezkoa britainiar herritarrak akuritzat hartzea”. Akabo hamarkadetan pilatutakoa ospea, eta akabo Rowett Institutuko lanpostua. Hori esan eta bi egunera, Washingtonetik Londresera egindako deiren bat tarteko, patatei buruzko ikerketa bikainagatik zorionak eman zizkioten berberek jakinarazi zioten lanetik kaleratuta zegoela.
Gaur egun, transgenikoen aldeko lobbyak, hainbat zientzialari barne, Pusztairen ikerketan akats metodologiko larriak izan zirela esaten dio horretaz galdetzen duen orori.
Ignacio Chapela Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean lan egiten duen biologo mexikarra da. GEOei buruzko esperimentu batzuk egin behar zituen ikasleen aurrean, eta erabaki zuen arto transgenikoarekin alderatzeko arto mexikarra erabiltzea kontrol gisa, hori omen da-eta munduko puruena. Hara non, baina, Mexikotik ekarritako aleetan ADN transgenikoa aurkitu zuen. Harrituta, ikerketa abiatu zuen arto mexikarraren kutsadura baieztatzeko. Bai eta baieztatu ere. Emaitzak Mexikoko Gobernuari helarazi zizkion, eta hark ere bere ikerketa egin zuen, emaitza berarekin.
Chapelaren aurkikuntzek ondorio latzak zekarzkion Monsantori. Ez hainbeste kutsaduragatik, baina bai ADN transgeniko zatien kokapenagatik: kutsatutako landareen genoman modu aleatorioan kokatuta zeuden. Horrek esan nahi du, Chapelaren hitzetan, GEOen fabrikatzaileek kontrakoa esan arren manipulazio genetikoa ez dela egonkorra.
Murphy eta Andura Smetacek ustezko zientzialarien izenekin sinatutako posta elektroniko bana iritsi ziren GEOen aldeko elkarte baten (AgBioWorld) webgunera. Funtsean, Chapelari leporatzen zioten aktibista izatea zientzialaria baino lehen, eta haren ikerlanaren emaitza oso lerratuta egotea. Denbora laburrean, e-mail horiek milaka zientzialariren ordenagailuetara iritsi ziren, AgBioWorld-en posta zerrenden bitartez.
Mary Murphy eta Andura Smetacek ez dira existitzen, The Guardian egunkariko George Monbiot kazetariak frogatu zuenez. Posta elektroniko horietako bat Monsantok berak igorri zuen; bestea, Monsantorentzat lan egiten duen Bivings komunikazio enpresak. Internet bidez presio egitea dute espezialitatea.
Lana ondo egiten dutela onartu beharko. Naturek ezohiko editoriala argitaratu zuen 2002ko apirilaren 4an, Chapelaren artikulua sekula argitaratu behar ez zela esanez. Ez omen zegoen froga nahikorik zientzialari mexikarrak lortutako ondorioak justifikatzeko. Ez zion axola, itxuraz, hilabete lehenago beste ikerlari talde bik Chapelaren emaitzak berretsi izanak Science aldizkarian.
Bada adibide gehiago. Aldizkari oso bat beteko genuke kasu bakoitza behar den xehetasunez azalduko bagenu, baina zenbait aipatzea merezi du, akaso jakin-minez geratu den irakurleak aztarna modura erabili ditzan.
Monsantok genetikoki manipulatu zuen lehen produktua ez zen landare bat izan, hormona bat baizik: behien hazkunde-hormona, rBST edo rBGH siglekin ezagunagoa. Behiei injektatuta, haien esne-produkzioa handitzen da. Bada, zientzialari bik beren lanpostua galdu zuten rBST behi zein gizakien osasunari eragindako kalteak agerian uzteagatik: Richard Burroughs FDAko (AEBetan elikagaien merkaturatzea baimentzen duen agentzia) albaitari ohia, eta Shiv Chopra Kanadako Osasun Zerbitzuko mikrobiologo ohia. Behien hazkunde-hormona debekatuta dago Kanadan eta Europar Batasunean, besteak beste.
2000. urtean, Urbinoko Unibertsitateko Manuela Malatesta ikertzaile italiarrak Monsantok soja transgenikoarekin egindako esperimentu bat errepikatu zuen bere laborategian. Soja hura jan zuten saguek, Monsantoren ikerketan ez bezala, osasun arazoak eduki zituzten. Malatestari ikertzen jarraitzeko diru-laguntzak kendu zizkioten.
Eta abar.
Azken asteetan Gilles-Éric Séralini jasotzen ari den kritika oldea dela eta, ENSSER elkarteak (Gizarte eta Ingurumenarekin Arduratutako Zientzialarien Sarea) deklarazio bat plazaratu du. Batetik, arto transgenikoari buruz Séralinik egindako ikerlanaren balio zientifikoa berresteko. Bestetik, salaketa argia egiteko: industriak eta hari lotutako zientzialariek GEOak aztertzeko metodologia egokien garapena oztopatzen dute; horren ordez, arautzeko ardura duten erakundeek ontzat ematen dute substantzia-baliokidetasun printzipioa. Azkenik, Séraliniri egindako kritikak ondo antolatutako kanpaina baten barruan daudela adierazi dute. Diotenez, Europar Batasuneko Elikagaien Segurtasun Agentziak, eta ez berak bakarrik, transgenikoen eragin negatiboak agertzen dituzten ikerlanak besterik ez ditu zorroztasunez ebaluatzen, eta besteak ontzat ematen ditu gehiegi sakondu gabe.
Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]
Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]
Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]
Hazi hauek saltzeko zorroetan eta katalogoetan esaldi hau adierazi beharko dute: "Genetikoki eraldatutako barietatea". Apirilaren 9tik dute hauek saltzeko baimena. 2019an arto transgenikoz 8.000 hektarea erein ziren Nafarroan.
Ingeniaritza agronomoan doktoratua eta Lleidako Unibertsitateko irakaslea da Jose Ramon Olarieta Alberdi, baita Som lo que Sembrem elkarte katalaneko kide ere. Transgenikoen inguruan liburua argitaratu zuen iaz: Transgenikoak, benetan dira seguruak eta beharrezkoak?... [+]
Soja laborantzara bideratutako nekazaritza estentsibo landa batean egin zuen lan Tomasik. Landa gunea fumigatzeko erabiltzen ziren agrotoxikoek eragindako gaixotasunaren ondorioz hil da.
Sinadura bilketari eta herritarren protestei entzungor eginez, Europar Batasunak baimena eman dio Bayerri Monsanto erosteko. Horrela, hazi eta ongarri kimikoen munduko enpresa handiena bilakatuko da.
Laborantza-industrian egin den inoizko akordiorik handiena gelditzeko eskatu diote milioi bat lagunek Europari: Monsanto eta Bayer enpresek indarrak batuko dituzte galarazi ezean. Hazi transgenikoen eta industria farmazeutikoaren arteko lotura 2016tik datorren arren, azken... [+]
Europako Batzordeak iragarri du sakon aztertu nahi duela Bayer konpainiak Monsanto erosteak kalterik egingo ote dion pestiziden eta hazien merkatuari. Bruselak adierazi du fusio-operazioa burutzeak bi arlo horietako munduko enpresarik handiena sortuko lukeela, eta horrek... [+]
Sastraka inbaditzaile bat agertu da Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako artasoroetan. Teosintea, teosintle nahuatl hizkuntzan, Zea familiako landarea da, artoaren senidea beraz. Rosa Binimelis (Castelló, 1979) ingurumen zientzietan doktorea da, eta azken urteotan teosinteaz... [+]
2016ko irailean, batez ere aspirinengatik ezagun den Bayer alemaniarrak beste gauza askorengatik ezaguna den Monsanto estatubatuarra erosi zuen, 66.000 milioi dolarren truke. Azken hiru urteetan ematen ari diren hazi industrialen eta nekazaritzako produktu kimikoen alorreko... [+]
Egun erabiltzen diren hazi hibridoak multinazional espezializatuek soilik egin ditzakete, eta horien liderra Monsanto da. Merkatura zabaltzen dituena, berriz, Heinz multinazional boteretsua da. Bide beretik jarraituz gero, elikadura merkatu pribatuen eskuetan bukatuko duela... [+]