argia.eus
INPRIMATU
Terapiak

Edu Zelaieta Anta 2012ko azaroaren 15a

Mota askotarikoak daude. Batzuk aski zaharrak dira, eta bertze batzuk, berriz, sortu berriak. Nahi izanez gero, zerorrek ere zeurea asma dezakezu, erraza da teknika. Nahikoa da osagai edo kontzeptu bat hautatzea –zeinarekin terapia eginen den– eta gero delako teknika horren etiketari terapia hitza eranstea. Hitz bakarrean bilduta, hobe. Komunikatiboki eraginkorragoa. Salgarriagoa.

Badira urte batzuk Bigarren Hezkuntzan aritu nintzela irakasle. Gogoan dut, bertzeak bertze, nola eman zidan arreta ohartzeak 14-15 urte inguruko ikasleek hitzetik hortzera erabiltzen zutela “terapia” solasa beren artean. Hala, lagunarteko giroan, terapia egin beharraz aritzen ziren gaztetxoak, txantxetan-edo.

Gora egin omen dute terapia mota guztiek azkenaldian. Krisi madarikatuan ikusi dute askok joera honen jatorria: zenbat eta itoago egon, orduan eta arnasbide gehiago bilatzen ditugu pertsonok.

Orain, Ikeaterapiaren iragarkia ikusita, orduko ikasle haien logika etorri zait bisitan gogora, sei urte geroago: aspalditik zegoen eri gizarte hau; aspalditik zebiltzan gaitzaren sintomak gure artean.