argia.eus
INPRIMATU
Koldo Tellitu
"Gurea baino publikoagorik ba al dago?"
  • Euskal Herriko Ikastolak europar kooperatiba-elkarteko burua, hots, Ikastolen Elkartekoa.

Aritz Galarraga 2012ko azaroaren 14a
Iñigo Azkona

Nik entzun dut ikastolak ez direla eskola pribatuak.

Galdera da: “Gurea baino publikoagorik ba al dago?”. Herritik sortutakoak gara, ekonomia sozialean oinarritutakoak, irabazi asmorik gabekoak eta zerbitzu publikoa eskaintzen dugunak.

Baina, sosik ezean, normala da administrazioak bere ikastetxeak salbatu nahi izatea.

Ez, administrazioa Hezkuntza Sistema osoaz kezkatu behar da, hezkuntza eskubidea bermatzeaz eta hezkuntza den zerbitzu publikoa eskaintzen duten ikastetxe guztiei laguntzeaz.

Ikastolak eta krisi ekonomikoa. Txarra da harremana, edo ez hainbeste?

Ona ez, baina aurre egiteko errezetarik eraginkorrena dugu, Ikastolen arteko elkartasuna, eta herri bat, Euskal Herria, laguntza eskatzen diogun orotan erantzuten duena, badakielako nor garen.

Hezkuntza munduan erreferentzia...

Gure proiektuan oinarrizkoa da Ikerketa+Garapena, eta oraintxe bertan Euskal Curriculumaren garapena. XX. mendeko ikastolen erronka euskara izan zen moduan, Euskal Curriculuma da XXI. mendeko gure erronka.

Eta jendarteak eta eskolak ez dute euskalduntzen. Ikastolek ere ez?

Gure esparruetan euskararekiko zaletasunaren tentsioa mantentzen dugu, baina inguru sozial osoan euskararen egoera hobetuz ez badoa, burbuila faltsuan ari gara.

Ikastolak eragile sozial izan behar baitira.

Hilabete bukaerara iritsi behar den eragile soziala. Baina bere izaera herrikoiagatik Euskal Herriaren garapenaren subjektu aktibo eta kooperantea da, bere hezkuntza sistema propioarena, euskararena eta bere kulturarena.

Eztabaidak izan dira Elkartean, antolamendu ereduari, botere banaketari buruzkoak.

Duela hiru urte, zauriak sendatzen ari dira. Antolamendu eredua adostasun zabalarekin definitzeko gai izan ginen, baina karguen aukeraketa ez ordea.

Egia al da ezker abertzaleak zuzentzen dituela ikastolen ildoak?

Ez. Beste kontu bat da zelako interesa erakusten duten gure planteamenduekiko. Eta horrek harreman estu eta arina mantentzera garamatza. EAJ eta PSErekin bezala.

Zergatik azaldu dira haserre orduan Elkarteko kide batzuk?

Mugimendu bizi eta anitza gara, eta guztiok helburu bakarra dugun arren –ikastolak– desadostasunak daude estrategiei ala mugimenduaren karakterizazioari dagokionean.