argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismoak hil du Amaia

Juan Mari Arregi 2012ko azaroaren 14a

Gobernu eta eliza gehienek bedeinkatua –ez Katolikoak soilik–, kapitalismoa krudela, terrorista eta hiltzailea da estrukturalki. Pertsonak mespretxatzen dituelako; manipulatu, esplotatu eta zukutzen ditu, ahalik eta etekin gehien ateratzeko, eta behar izanez gero, hil egiten ditu. Ez bakarrik gerrak sustatuz eta babestuz –legalak, ilegalak, zikinak…–. Hiltzen ditu bere lan sistemarekin, lan baldintzak hobetzeko inbertsio faltarekin, eta milaka pertsona kalean uzten dituzten “birmoldaketa” basatiekin. Eta hiltzen ditu lukurreriara hain emana dagoen eta hain krudela den bere finantza sistemarekin: higiezinen burbuila sustatu, kredituak erraz eskaini, eta gero, burbuila hori lehertzen denean, bere dirua pertsegitzen du kapitalismoak. Hipoteka-kredituak betearazten ditu eta etxetik kanporatzeak agindu, sistemak berak eragindako langabeziaren eta pobreziaren menpe dauden milaka lagun kalean botata utziz.

Jadanik bagenituen terrorismo hiltzaile horren froga ugari. Milioika pertsona hiltzen dira munduan goseak, hiesak edo beste gaixotasunek jota, kapitalismoari ez zaiolako interesatzen herri horietan jakiak sortzea, baizik eta euren aberastasun naturalak aprobetxatzea, eta ez zaiolako interesatzen farmakoak eskaintzea. Milaka langile hil dira “lan istripuak” deituriko horietan. Milaka lagun hil dira, eta hilko dira, amiantoagatik. Ehunka langile “suizidatzen” dira despedituak izan baino lehen edo lana galdu ondoren. Joan den astean Barakaldon, Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen, etxetik kanporatzen ari zirenean. Kasu honetan, nola besteetan, kapitalismo horrek izenak eta arduradunak ditu: bankuak –La Caixa Amaiaren kasuan– eta gobernuak dira. Hildakoren bat dagoenean baino ez dira “mugitzen”. Halakoxe terroristak dira kapitalismoa eta bere kudeatzaile politiko eta judizialak. Amaia ere beraiek hil dute.