argia.eus
INPRIMATU
Prentsa askatasuna
Kazetari deserosoei zentsura garai zailetan

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2012ko azaroaren 08a
Kostas Vaxevanis atxilotu zuten unea.
Kostas Vaxevanis atxilotu zuten unea.

Kezkatuta daude Greziako kazetariak, prentsa askatasuna “inoizko erasorik bortitzena” jasaten ari dela diote eta ERT herrialdeko telebista publikoko langileek protestak hasi dituzte, telebista kateko bi aurkezle kaleratu ostean. Joan den astean, Marilena Katsimi eta Kostas Arvanitis, ERTko goizeko saioko aurkezleak, Nikos Dendias Ordena Publikoko ministroari buruz mintzatu ziren: aipatu zuten forentsearen txostenak baieztatzen zuela manifestari antifaszistek poliziaren tortura jasan izana, ministroak kontrakoa zioen arren. Horren harira, Nikos Dendiasek dimitituko ote duen ere eztabaidatu zuten. Erantzuna berehalakoa izan da: kaleratuak izan dira biak, “iradokizun onartezinak” egiteagatik. Egun bat lehenago, epaitegira eraman zuten atxilotuta Hot Doc astekariko Kostas Vaxevanis kazetaria, ustez iruzur fiskala egiten duten 2.000 laguneko zerrenda argitaratzeagatik. Suitzako bankuetan kontuak dauzkaten greziarren izenak jasotzen ditu zerrendak, eta bi urteko kartzela eskaerari egin beharko dio aurre kazetariak.

Gertaera horien aurrean, alarma gorria piztu dute hainbat elkartek, tartean Kazetarien Europako Federazioak, Mugarik Gabeko Erreportariek eta Europako Segurtasun eta Lankidetza Erakundeak. Atenasko egunkari argitaratzaileen elkarteko buru Dimitris Trimi-k argi du: “Gobernua ez da seguru sentitzen. Iruditzen zaio bere politikei buruz gizartea konbentzitzeko duen modu bakarra dela hedabideen manipulazioaren bidez, hedabideak mehatxatuz”, jaso du The Guardian egunkariak. Telebista publikoan bakarrik ez, komunikabide pribatuetan ere soldata murrizketak eta kaleratzeak izan direla gogoratu du Trimik, eta egoera prekarioak erraztu egin duela kazetariak manipulatzea, Gobernuaren eta elite ekonomikoaren interesen mesedetan.

Kanporatutako aurkezle Kostas Arvanitisen hitzetan, kaleratzea arrazoi politikoengatik izan da eta hedabideak isilarazteko saiakera da. “Honek ez du soilik gurekin zerikusia, telebista publikoko zentsurarekin dago lotua. Hemendik aurrera zerrenda bat emango al digute esan ditzakegun hitz eta komentarioak biltzen dituena?”.

Benetako kazetaritza egiteko, agintarien atzaparretatik aske dagoen kazetaritza funtsezkoa dela azpimarratu du Maria Margaronis erreportari greziarrak: “Kazetaritza egiteak esan nahi du gainerakoak ezkutatu nahian dabiltzan zerbait argitaratzea. Beste guztia harreman publikoak dira”.