"Hemengo jendeak ez daki ETB3 dagoenik ere"

  • Ane Miren Iruretagoiena Lakuntzako (Nafarroa) Luis Fuentes ikastetxeko zuzendaria da. Ehundik gora ikasle dituzte Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, denak D ereduan. Lekeitiarrak ez dauka saltzeko eskola, ezta herria ere.

"Hona datozen batzuk euskaltzaleak dira, baina asko ez. Herriko eskola bakarra delako datoz, D eredua dago, ez dago besterik, eta denak euskalduntzen dira".

Zenbat eskola daude Lakuntzan?

Niretzako bakarra dago, baina herrian bi sentsibilitate daude eta beste sentsibilitateak dio herrian bi ikastetxe daudela. Bestea, Andra Mari ikastola kontzertatua da [Etxarri-Aranatzen, alboko herrian dago]. Nire ustez, euskalduntze kontuean, askoz mesede gehiago egin dio eskolak [Luis Fuentesek] herriari. Andra Mari ikastolara doazen familiak euskaldunak dira, edo gutxienez euskaltzaleak. Baina hona datorrena beste guztia da, batzuk badira euskaltzaleak, baina asko ez. Herriko eskola bakarra delako datoz, D eredua dago, ez dago besterik, eta denak euskalduntzen dira. Esan dezagun, modu pasiboan euskalduntzen direla.

Euskaltzale ez direnak euskalduntzea ez al da zailagoa?

Noski, zailagoa da, ez dago kontzientziarik orokorrean. Gu hor ari gara umeak eta herria euskaldundu nahian. Batzuek esaten digute: “Saiatzen zarete baina...”, esanez bezala, “ez dakit zertarako saiatzen zareten horrenbeste, zeren gero gizartean ez dago islarik”. Baina, nire ustez, eskolak mesede handia egin dio herriari, D ereduan izateak alegia. Lakuntzan edozein ekintza izan daiteke euskaraz, helduentzat ere hortxe-hortxe. Beste herrietan beti dituzu umeak ez direnak euskaldunak.

Lakuntzan denek ez dakite ordea euskaraz.

Ez, baina kontaktua badute. Gutxi dago esango dizuna, “barkatu baina ni euskaraz...”. Erabilerarik ez dago ordea. Belaunaldien arteko katea hautsi da. Jubilatu gehienak euskaldunak dira. Badira etorkinak,  1960ko hamarkadan Extremadura eta Andaluziako herri batzuetatik etorritakoak, familia osoak. Horien seme-alabek ez dute euskara ikasi, giroa ez zelako euskalduna eta haien bilobak guk euskalduntzen ditugu. Gurasoak dira erdaldunak, hemen jaio eta hemen bizitakoak beti, baina ez dute ikasi ez dutelako premiarik izan, eskola erdaraz zen, eta herrian ere gaztelaniaz aritzen ziren arazorik gabe.

Herri euskalduna izango zen bada Lakuntza.

Bazen, baina zaharrek diote gerra garaian bai apeza bai alkatea, las fuerzas vivas, euskaldunak zirela, baina ez euskaltzaleak. Maisua militar izandakoa omen zen, batere ez euskaltzalea. Haiek eragin handia izan omen zuten: hemengoak erdaldundu ziren, kanpotarrak ez ziren euskaldundu.

1960ko hamarkadan etorritakoen seme-alabek ez dute errefusatu haurrak D ereduan aritzea. A eredura eramateko aukera izango zuten.

Eskola publikoan, beste herri batzuetan, A eredua ghetto xamarra da, etorkinen ghettoa. Ez dakit lakuntzarrek gustuko luketen A eredua, A eta D egongo balira igoal A aukeratuko lukete, baina azken urteetan ez diegu aukerarik eman.

Inguruko herrietan egongo da A eredua.

Entzun dut Altsasura Madril ingurutik ez dakit zein enpresatakoak etorri direla lanera eta familiek haurrak D ereduan matrikulatu dituztela, A ereduan zer dagoen ikusita: ijitoak, kanpotarrak... “Euskaraz?” pentsatu dute gurasoek, bada ikas dezatela, gutxienez herrian herrikoekin egongo dira.

Lakuntzako haurrek gaztelaniarekin arazorik ez dute izango.

Ez. Marokoarrek-eta erdarari garrantzi handia ematen diote. Beti ari dira gurasoak galdezka, “baina noiz hasiko dira erdara ikasten?”. Hala ere, familia kalera ateratzen den horietakoa baldin bada, erdara kalean ikasiko du. Ez dago arazorik erdara ikasteko eskolan, kalean, beste umeekin.

Etorri berriak ez dira harritzen gaztelaniaren ordez euskara irakasten delako?

Badakite gaztelaniazko eskolak badaudela, familiarrak dituztelako Irurtzunen edo Altsasun. Baina, guraso etorkin batek zioenez, bere semeak hemen euskara ikasita erdara ere ikasi zuen, eta bere ilobak Altsasun A eredura joanda erdara ikasteko zailtasunak izan zituen. Hala zioen berak: “Eskolatik ateratzen denean, nire iloba marokoarrekin baino ez da ibiltzen eta nire semea hemengoekin dabil”. Hemen, D ereduan ikasita, mundu guztiarekin sozializatzen dira.

Lakuntza asko erdaldundu zela esan duzu. Zeinek egiten du orain euskaraz?

Jubilatuek.

Eta hurrengo belaunaldiek?

Ia-ia mundu guztiak daki, baina ez dute egiten, ez daukate erraztasunik. Mankomunitateak erabilera txostena aurkeztu du eta zera da politena: umeek beraien artean ez dute euskara erabiltzen, gurasoek beraien artean ere ez. Nork erabiltzen du gehien? Umeek gurasoekin eta gurasoek umeekin. Badira horrelako gauza bitxiak.

Aiton-amonek bertako hizkeran egingo dute.

Bai, hikaz eta oso ongi, baita emakumeek emakumeekin ere. Lekeitiokoa naiz eta han inguruan ez dut ezagutu emakumea emakumeari hika, baina hemen bai.

Bertako hizkera ez al da galduko?

Andra Mari ikastolara joaten direnek mantentzen dute bertako hizkera, baina Lakuntzakoa baino, ia gehiago etxarriarra. Hango ikasleek euskara kalean ere erabiltzen dute. Nik galdutzat ez dut ematen, baina ahulduta badago.

Galdutzat diot aiton-amonek baino ez dutelako hitz egingo bertako hizkeran. Eskolan batuan egingo duzue, ezta?

Batuan, eta noizbehinka egiten ditugu ekintzak bertako hizkeran. Jai giroan landu nahi dugu euskalkia antzerkiaren, kanten bidez, bestela bi hizkuntzatan ari garela dirudi. Idatzirako ez zaigu interesatzen euskalkia, ahozkorako eta entzumenerako nahi dugu, eguneroko bizitzarako. Entzun izan dugu, “nik ez dakit umearen euskara egiten eta erdaraz egiten diogu”.

Umeak ulertuko du bada aiton-amonena.

Behin baino gehiagotan sumatu ditut agurea eta umea erdaraz. Badute halako sentsazioa bere hizkera ez dela ona, ez dela garbia. Amona batek esan zuen: “Honekin [arbizuarrarekin] egingo nuke, baina zuekin ez, zuen euskara eta nirea hain dira desberdinak”. Ez da ausartzen, ez dakiela uste du... gutxietsi egiten du bere burua.

ETB3 digitalean ez egoteak eragina duela diozu.

Guretzat bai. Igoal, hemengo jendeak ez du faltan botako, baina irakasleok bai. Garai batean, Shin Chan eta denak euskaraz ikusten ziren, gaur egun Clanek [umeen programazioa duen katea] hartu du dena, hor ez dago eredu euskaldunik. Ez dago Erasoan! orain dago Al ataque! Zer gertatzen da ETBrekin? Nafarroan, ETB1 eta 2 analogikotik hartu daitezke. Telebista pizten duzunean digitaletik analogikora aldatu egin behar duzu, nolabaiteko grina izan behar duzu hori ikusteko, zeren zure pantailan ez da azaltzen. Horrela 1a eta 2a ikusiko dituzu, baina ez 3a. Gaur egun, umeen programazio guztia ETB3an dago eta ikusi nahi badugu Internetez egin behar dugu. Gurasoen borondate handia behar du. Telebista piztuta berez ez daukazu euskarazkorik. Hemengo jendeak ez daki ETB3 dagoenik ere. Ez dagoena nola bilatuko duzu?

Nafarroan hezkuntzak ez ditu 2 urteko haurrak bere gain hartzen. Horrek euskara ikasteko eragiten duela diozu. Nola eragiten du?

Gurasoak lanera badoaz, umeak  haur eskolara eramango dituzte, baina etxean baldin badago gurasoetako bat, kontuan izanda haur eskolek zenbat balio duten, batzuek umea berarekin izatea aukeratzen dute. Haurra urtebete geroago hasiko da eskolan. Horrela, hizkuntza aldetik, goizago euskalduntzeko aukera galtzen dute. Bi urterekin edo hiru urterekin, zenbat eta goizago hasi orduan eta erraztasun handiagoa dute. Sozializazioaren ikuspegitik, haur eskolara eramaten ez badituzte sozializatzeko aukera aparta galdu dute. Ezagutzen ditugu etxeko balkoiko barrote artean hazi direnak, bi edo hiru urtez.

Talde txikiak, hizkuntzak ikasteko aproposak

“112 haur dauzkagu Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, maila bakoitzeko 12 ikasle inguru. Hizkuntzak ikasteko zeharo aproposak dira talde txikiak, eskola handietan erdibitu egiten dituzte gelak hizkuntzak lantzerakoan. Guk hori beti daukagu”.

Kokapen geografiko bikaineko herria... euskararen kaltetan

Lakuntzak 2001ean 1.038 biztanle zituen, 2011n 1.237. Populazioak nabarmen gora egitearen arrazoiak galdetu dizkiogu Ane Miren Iruretagoienari eta hainbat faktore aipatu dizkigu.

Errepide onak ditu Lakuntzak inguruan eta gertu ditu hiriburu gehienak, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbo, baita Iparraldea ere. Gipuzkoatik, Arabatik, Iruñetik joan da jendea hara bizitzera. “Etxebizitza gorakada egon zenean Lakuntzan etxeak ederrak eta merkeagoak ziren”. Eta Sakana bailarako alboko herrietan ez bezala, lantegiak dituzte aspalditik. 1960-70eko hamarkadetan Espainiako Estatutik Lakuntzara joan ziren lanera eta bizitzera, ez alboko herrietara. Ondoko herriak nekazaritzari lotuagoak ziren.

Ane Miren Iruretagoienaren ustez, ezaugarri horiengatik Lakuntzakoa, adibidez, inguruko herriekin alderatuz, gizarte irekiagoa da. Alabaina, horrek euskarari eragin dio, kalterako.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
“Irungo Udalera joango gara euskaldunekiko duen jarreraz hitz egitera, ez ekitaldi bat erdaraz egin izanaz”

Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta... [+]


Irungo euskaldunak sutu dituen ekitaldia: 35 elkartek “aski da” esan diote udalari

Irungo euskaldunen pazientziak gainezka egin du; haserre daude eta oraingoan ez dira "isilik geratuko". Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsean egin izanak hiriko 35 elkarte eraman ditu udalaren hizkuntza politika salatzera –aurrekari gutxi izango ditu... [+]


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


EAJ: “Ez dezagun itaundu zer egingo duten instituzioek euskararen alde, egin dezagun euskaraz”

Abenduaren 3an alderdi eta eragile politikoek euskararen inguruko beren irakurketa politikoak argitaratzen dituzte. EAJk ere egin du berea Euskara, Euskal Herriaren izana izenburupean. Urte askoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hizkuntza politiken ardura izan duen, eta egun ere... [+]


Kronika
Euskarak zergatik ez du ganorazko kuotarik hedabideetan?

Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.


2024-09-25 | ARGIA
Epaiketak euskaraz egin ahal izatea bermatu behar duela esan dio Europako Kontseiluak Espainiari

Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]


Hizkuntza politika “sendoak” eskatu dizkie euskalgintzak instituzioei

Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Europar Batasunean euskara, katalana eta galiziera ofizialtzearen erabakia atzeratu dute, eta Espainiako Kongresuan hasi dira erabiltzen

Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Euskara, ofiziala Europan eta Nafarroan ez?

Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.


Kontseilua: “Nafarroako Gobernu akordioa atzerapausoa da euskarari dagokionez”

Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.


Nafarroako Gobernua murrizketak egiten ari da hizkuntza eskoletako euskara taldeetan

Hamabi irakaslek 2.040 idazlan zuzendu eta 680 ikasleren ahozko probak egingo dituzte 18 egunetan, “kontuan hartu gabe idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzatekeela gure helburu ideala, bigarren iritzi bat izateko”. Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza... [+]


Berritzeguneetako lanposturako proba gaztelaniaz egin ahal izango da, deialdia aldatu baitu Jaurlaritzak

EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]


Eguneraketa berriak daude