argia.eus
INPRIMATU
Zezenak Errepublikan?

Anuntxi Arana 2012ko urriaren 30a

“Balinbada Espainian aztura zoro makurrik, hori da zezen-kurtsetako hori. (...) Dagozila han zezen-hiltzaile guziak, hunat etorri gabe, doazila Donostiarat, edo nahi badute, Madrilerat. (...) Zer atsegina, zezen gaizoa kordokan mihia luzaturik hiltzen ikustea! Gizona hiltzen bada, hanbat gaixtoago harentzat!”.

Jean Hiriart-Urrutiren hitzak dira, Zezenak errepublikan liburutik hartuak eta Eskualduna aldizkarian 1894an idatziak. Ordurako egiten ziren zezenketak Hexagonoan (lehena 1853ean Baionan), Eugenia de Montijok sustatuak, urte hartan ezkondu baitzen Napoleon III Txikiarekin –eta ez zion goitizena Zaldieroak asmatu, Victor Hugok baizik–.

Lehentxeago, 1850ean, Grammont legeak animalien tratu txarrak debekatu zituen arren, zezenketak ilegalki zabaldu ziren mende batez, 1951 arte, orduan legeztatu baitziren tradizioz errotuak zeuden lekuetan.

Tradizioa eta kultura usu izan dira gehiegikerien estalkia; klitori ablazioari, adibidez, indulgentzia handiaz begiratu izan zaio, baita euskal mundu abertzaleko sektore batzuetan ere. Gauzak aldatu dira, ez hainbeste pekatzaileak animaliak direnean, baina hor ere badira ihardukitzaileak eta iaz CRAC eta DDA elkarteek (Comité radicalement anti corrida eta Droits des animaux) Frantziako Konstituzio Kontseilura jo zuten zezenketei salbuespeneko lege babesa kentzeko eskatuz, legea estatu osoan berdina izan behar dela argudiatuz.

Esan behar da zernahi zuzengabe zuritzeko erabiltzen dela berdintasun delako hori. Zenbat aldiz ez duten hartaz, euskara estekatu eta mailukatu; eta bitartean “kultur aniztasuna” goraipatzen digute animalien tortura ederresteko! Zezenketak arbuiatzeko hobe segur tratu txarren gaitzespenean oinarritzea, lege berdintasunaren goresmenean baino.
Bego. Irailean zezenketak konstituzionalak direla epaitu du Kontseiluak, eta oilartuta ibili dira zaleak egunkari iruzkinetan: ez dela barbarokeria, artea baizik, espiritualitatea, eta kontrakoak oro mindulin dekadenteak. Agian, sos eskasiak trenkatuko ahal du afera. Baionan, hasteko, erreka-jota daude zezen aldiak, Herriko Etxeak azkarki diruztatuak. Diru zama hori zergatik ez den itzulikatzen tratu txarrak jasaten dituzten emazteak laguntzeko, galdetu zuen behin feminista batek Udal Behatokian: isiltasun osoa...
Eta aurten, optika denda batek zezenketei eman ohi zien sostengua eten du. Etorkizun hitsa festa monarkiko-inperialak Errepublikan.