argia.eus
INPRIMATU
Unilateraltasuna

Amets Arzallus 2012ko urriaren 30a

Sinesgarritasun ariketa bat da; zure printzipioak zuzenak diren konbentzimendu osoa, eta horiek obratzeko ekimen eta ausardia, inoren zain egon gabe, ez legeen, ez bedeinkatuko zaituen apaiz baten, denborak emanen dizu arrazoia, eta esplizituki eman nahi ez badizu, bidaliko dizu ministroren bat, adibidez laborantzakoa, bada aski aitormen. Egunkariek ETAk armak utzi zitueneko urteurrena aski letra ttipian ekarri zuten egun berean Lurramako berriak zetozen Miarritzetik. Ene irudiko gure herrian azken urteetan izan diren bi urratsik sinesgarrienak, ezker abertzalearen barne hausnarketa eta estrategia berria, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara, pentsatu eta obratu, koherentzia ariketa bat. Legeak aldatu ezin badira alda dezagun errealitate puska bat. Estatuak pitzatzen ari diren garaiotan, eta autodeterminazioa lor genezakeela sinesten hasi garenean, horra hor lur politikoa goldatzeko modu bat, unilateraltasuna. Inteligentziaz eta ausardiaz eramaten denean praktikara beste lateraletako jendea kabalak hirian bezala gelditzen da.