Urriaren 17an Oslon publikoki abiatu hizketek itxaropen franko piztu dute Kolonbian, baita nazioartean ere. Aitzitik, mugimendu herrikoietako ordezkariek mende erdiko gerla apropos amaitzeko aterabide integralak igurikatzen dituzte.
Bakearen ametsaren sorburua, gatazkaren konponbiderako lehen pauso ezinbestekoa, errotik landu gabeko akordioen sinatzea, aurretik itundu pailazokeri hutsa… FARC-ek eta ELN-k garaipen militarra lortzea eta Kolonbiako Gobernuak gerrillekin bukatzea ezinezkoa direla onartu ondoren, Norvegian eroaten ari diren elkarrizketek zernahi iritzi pizten dituzte Kolonbian gaindi. Mugimendu zibilek iniziatiba biolentziaren desaktibaziorako mugarri gisa jo badute ere, beste arazoek iraungo duten beldur dira. “Justizia sozialik gabe bakerik ez” irakur daiteke Bogotako alde zaharreko tindaketaz josi paretetan.
Álvaro Uriberen zortzi urteko agintaritzan Kolonbiako Estatuaren “paramilitarizazioa” orokor bihurtu zuen. Orduko kontzeptu eta egiturak indarrean daude oraino: “Terroristen beso politiko” kutsua atzematen zaion edonoren kontrako gerla politikoa eta judiziala, eta kanpoko interbentzio militarren onarpena; narkotrafikatzaile eta lurjabe aliatuekin jarrera bihozbera batzuk ez aipatzearren. “Santos-ek bakearen lehendakari gisa pasa nahi du historiara, gerrillaren problema gainditurik 2014ko hauteskundeak berriz irabazteko. Diskurtso aldaketa nabaria gertatu da Uriberen Gobernuaz geroztik eta jende eskubideen alorrean nazioarteko presioak oso behera egin du. Baina erasoen maiztasuna ez da baretu”. Hitzak Lorena Rodríguezenak dira, zonalde jazarrietan diharduten bake brigaden boluntarioa. Gorputz militarren arazketa eta seguritaterako gastuen beherapen drastikoa lirateke haren iritziz normalizaziora hurbiltzeko lehen gakoak, barkamen zintzoen eta Uribe lehendakari ohia auziperatzearen aiduru.
La Habanako aitzin solasaldiak martxan zirela, leherketa, atxiloketa eta segada eta notiziek ez zuten pausarik izan. Ejertzitoaren presentzia izugarria ikus zitekeen nonahi. Bogotan ere bazen giro: grebak unibertsitateetan, batzarrak, manifestaldiak… ONIC erakunde indigenen bost mila delegatuek aste osoko kongresua zeukaten hiriburuko auzo herrikoi batean. Luis Evelis Andrade ONIC-eko sailburuaren aburuz “gure lurraldeetan distentsioa jartzea gozagarria litzateke. Indigenok su gurutzatuaren erdian gaude, hezkuntza eta osasun programetan baztertuak izateaz gain. Guk diogu hildakoen %95 ez dituztela balek eragiten, setio egoerak eta desnutrizioak baizik, ezin baititugu aktibitateak normalki gauzatu, laborantzan, mugikortasunean, ehizan. Zuzentasun ekonomikoa konpontzearekin helduko ginateke bake sakonera, gerla ez baitago errealitate horretatik at”.
David Flores Marcha Patriótica mugimenduko ordezkariak, bere aldetik, elkarrizketak “abagune historikoa” direla uste du, nahiz “zailak” iragarri. “FARC armak entregatzearen eta desmobilizazioaren show-an endredatuko dela uste dutenak oker dabiltza. Solasaldien arrakastaren giltzarria bata eta bestearen arteko errespetuan datza, gudaren osteko blindatzean. Borroka armatuaren sustraiak demokrazia ezan gorpuztu ziren eta eskubide konstituzionalak gaur egun oraindik ere zapuzten dira”. Urriaren 12ko protesta-egun nazionalaren biharamuna da, eta Floresek baieztatu digu Santosen Gobernuak oraindik ere errepresioari eusten diola. “Gatazkarekin bukatzeko agendaren hedapena aldarrikatzea zen protesta egun horren helburua eta ehunka atxilotu eta zauritu zenbatu dira. Herri osoak bakera ailegatu nahi du, baina parean zeri amore emateko prest daude eliteak? Beste eszenatoki batera heltzeko ahaleginen porrotak arrazoi nagusi bati erantzun die beti, boterean daudenek ez dituztela euren abantailak zalantzan jarri nahi”.
Zurrumurru mediatiko eta diplomatiko ugariren itzalean, akordioen inplementazioak luze jo dezakeela aipatzen da han-hemenka. Unión Patriótica FARC-etik gertu zegoen alderdiak jasandako sarraskiaren mamuak bizirik dirau eta galderak airean dabiltza: zein motako birgizarteratzea eskaini gerrillariei? Nola ekin nekazaritza erreformari, tokialdatutako milioika errefuxiatuen itzulerari, lurren banaketari, TLC eta Plan Colombia itunen birmoldaketei? Datorren azaroan AEBetan iraganen diren lehendakaritza hauteskundeen emaitzek korapiloa askatzeko ala estutzeko eragin zuzena ukanen dute adituen aburuz, Venezuelako Chávezen garaipenaren adinakoa. “Horixe da gure drama, arrotzek gu baino pisu handiagoa dutela aberastasun natural oparoak oparitzen dizkigun Locombia honetan” dio Nelson Uriarte hainbat kolektibotan ibili militanteak: “Dinamika konprometituetan gabiltzan kolonbiarrok batasunera iritsi beharko dugu bakea eraiki eta justizia erdiesteko”.
Hogeita bost urte darama Alirio Uribek kolonbiarren eskubide ekonomiko eta politikoen aldeko zereginetan lanean, paramilitarrek aldizka luzatzen dizkioten heriotza mehatxuei aurre eginez. FIDH (Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioa) nazioarteko erakundearen lehendakariorde ere bada.
Nola dakusazu elkarrizketa tanda berri hau?
Iduri luke Osloko aktoreek lehentasunez eurei zuzenean dagozkien gaiak trenkatu nahi dituztela. ELN mahaira gomitatzea garrantzizkoa da: kanpoan gelditzen badira FARC-eko kide zenbait erakunde horretara pasa litezke ika-mika betikotuz. Dena den, biolentzia ziklikoki errepikatzea jendartearen mobilizazio egokiaren absentziari dagokio ere. Kolonbiak aldaketa politikorako potentzial handia dauka eta prozesuan aktiboki parte hartzea tokatzen zaigu.
Abokatuen kolektiboak FARC-i eta Santos lehendakariari idatzi publikoa helarazi berri die. Zer eskatzen diezue?
Zigorgabetasunik gabeko bakea sustatzeko atariko ekarpenak ezagutaraztea dugu xede. Gatazka gainditzea ez da soilik armak isilaraztea. Demokrazia sendotzearekin lortuko dugu bakea. Sektore sozialek prozesu honen indartzeko asko dugu egiteko eta errateko, gerrillak eta Estatuak ezin baitute ordezkapen herrikoia beretzat bakarrik hartu. Aktore armatuek burutu zuzengabekeriak zuritu nahi izatea ulergarria da, are gehiago inor garaitua izan ez den negoziaketa mahai baten inguruan. Baina erasan komunitateek euren borreroak justiziari eskapatzen ikustea eztabaidagarria da. 1996tik 2012ra 30.665 hilketa estrajudizial eta desagerketa izan dira, gehienak talde paramilitarren eta Estatuaren indarren eskutik. FARC-ek ere gehiegikeriak argitu behar ditu: non daude agertzen ez diren bahituak? Kasu guztietan, argi dugu ekintza penalak ezin duela simetrikoa izan. Estatuaren krimenen eragileak zorrotzago zigortu behar lirateke, gerlaren arduradun nagusiak eta gerrillen existentziaren faktoreak izanki.
Elkarrizketen harira baikortasun neurritsua begiztatzen duzu. Zergatik?
Negoziaketak liskarren etenik gabe jarraituz gero, alde bakoitzak indar erakustaldiei ekin diezaieke, edozein ekintza prozesuaren kontrako bumeran bilakatuz. Berehalako su-eten orokorra ituntzeak jendarteari zorigaitzaren iraupena aurreztuko lioke, bereziki gatazka gogor dagoen eremuetan. Bestalde, akordioen onuradunak enpresa multinazionalak izango dira, iniziatiba honen gibelean daude natur aniztasunez jabetzeko zain, momentuz bederen gerrillak kontrolatzen dituen lurraldeetan zaila dutelako ustiatzea.
Halere, militarren eskuineko sektoreak eta narkotrafikatzaileak dira negoziaketa hauen kontra dauden sektore bakarrak, gerlari probetxua ateratzen diotelako. Denak gaude haietaz akituak eta irtenbide politikoa ekarriko duen akordioa gauzatuko dela espero dugu. Gatazkak molde zibilizatuan kudeatzeko premiazko aukera dago, horrek aldakuntza handia ekarriko luke, hemen disidente oro heriotzara kondenatua baitago. Sindikalgintzan, adibidez, urtea hasi zenetik hamazazpi hildako zenbatu ditugu, enpresari eta instituzioek babestutako kriminalizazio kanpainen ondorioz. Osloko elkarrizketak emangarri bihurtuko direla opa dut benetan, bestela gidoi maltzur batera itzuliko ginateke, erasoen lehen lerroan jendarte zibila berriz ere kokatuz.