argia.eus
INPRIMATU
Idaborroako pitarra
Jakoba Errekondo 2012ko urriaren 30a
Kirikoketa Gamioxarreko dolarean, Arizkunen
Kirikoketa Gamioxarreko dolarean, ArizkunenJuan Mari Ondikol

Dultzeak, marmeladak, konfiturak, jeleak, ardoak, muztioak, gatzunak, gesalak, lehortuak, likoreak, uxualak, ratafiak, ozpinkiak, tomate saltsak, piper erreak, maria bainuak... Zer ez da kontserba ontzietarako prestatzen urte sasoi honetan? Hori da udazkenaren usaina. Hori, eta perretxikoena...

Usain horietan nabil, espaloietatik urrun. Nire agendako urteroko jai nagusietako batean izana naiz Baztango Arizkunen. Han dago, daukate, darabilte XVII. mendeko sagardo dolarea, Gamioxarrekoa. Munduan bakarra. Bailarako gazteek berritua, sagar-patsaren eta kirikoketa musikaren usainez urtero bustitzen dutena. Ikaragarrizko lana egiten ari dira: bertako barietateak, sagarrari eta sagardoari lotutako hizkuntza, dolare-etxeen errolda, sagardogintza bera... Txapela kentzeko modukoa.

Usain horietara jende asko biltzen da. Han, bateko eta besteko lan horien zaleek topo egin eta elkar ezagutzen dugu. Arotzak, musikariak, sagardogileak, errotariak, historialariak, hizkuntzalariak, baserritarrak... Espaloi artean gero eta bakanagoa den jendea horrelakoetan gozo sentitzen da. Sekula urardotzen ez diren adiskidantzak, sekulako lagunak lotzen dira hor.

Gozotasun horren epelean Erratzuko Azkarate auzoko Idaborroako Pedro Joakin ezagutu dut eta bere bidez, Eugenia, Nagore eta Harkaitz. Hitz-erdirako, sagardoa egiten dutela, gero pitarra ere egiten dutela, ondoren muztioa ere ontziratzen dutela... Urte osorako nahikoa edari sortzen dute. Dolareko eta barrikako zalantza batzuk gora-behera, biharamunean ezagutu dut bere etxea. Arizkungo Otsondoko Ikatzateako bordan, bere jaiotetxean ikasitako pitargintzaz aritu zaigu Pedro, eta milaka urte atzerako bidaia egin dut. Gamioxarreko dolare barrokoa eraiki zuen XVII. mendetik aise atzera. Pitarra sagardo on guztien amandrea da. Hona pitarra egiteko bidea: sagarrak banaka-banaka mazoaz jo, aho karratu zabaleko barrika bete eta zirrikituak urez osatu. Aste pare batera edaten asteko moduko pitarra izango da, pitxarretik eztarrira. Ez dolarerik ez botilarik ez zen garaiko beste aztarna bat ere bai, Pedroren ahotsean: sagarra nahikoan zenean, mehe-mehe xerratu, “hostia baino lodixeago”, eta oihalen gainean eguzkitara zabaldu, ongi lehortutakoan zakutan jaso eta gero neguan nahi ahala berriz pitarra egiteko aukera. Neolitoko euskal sagardogintza bizirik