argia.eus
INPRIMATU
Etxetik kanporatzeak gelditu

Juan Mari Arregi 2012ko urriaren 30a

Irakurleak lerrook ikusten dituen egun berean Hego Euskal Herrian 17 familia euren etxeetatik kanporatuko dituzte, eta 17 familietan sufrimendua agerikoa izango da. 2008tik, krisia hasi zen urtetik, 2012ko ekaina arte, Hego Euskal Herrian 10.997 kanporatze izan dira. Urtarrila eta ekaina artean 3.166 familia atera zituzten, batez beste egunean 17. Espainiako Estatuan 350.000 hipoteka exekutatu dira urteotan. Gutxi dira gertaera publiko egiten duten familiak eta ondorioz zertxobait desitxuratuta geratzen da argazkia: epaileak eta poliziak, bankuen zerbitzura, jendea etxeetatik ateratzen. Familia ugari, bere garaian bankuek oso pozik emandako kredituei ezin aurre eginik daude –krisiak eta langabeziak jota–, horixe da hipoteken exekuzioa.

Etxetik kanporatuek zorra ordaindu nahi dute, baina krisi garaiotan ezin dute. Moratoria eskatzen dute, edo sikiera kreditua kitatu ahal izatea etxebizitza emanda. Eta bankuen tratu bera nahi dute. Finantza erakunde askok hondoa jo eta ateak itxi beharko lituzkete, baina Estatuak ez die erortzen utzi eta milaka milioi euro eman dizkie, zergadunen dirua alegia, baita etxetik kanporatu dituzten horiena ere. Kanporatze horiek geratzeko ordua da, eta egin daiteke, borondate politikoa badago. Hego Euskal Herrian Kutxabank da kasu gehien dituena. Erakunde hori kontrolatzen duten alderdi politikoek, batez ere EAJk, ardura handia dute. Hauteskundeetako promesak bete ditzatela, gehien behar dutenei lagunduz; gaur etxetik kanporatu dituzten horiei, esaterako.