argia.eus
INPRIMATU
Buruaz dantza egitea
  • Skakeitan ::Ahots gabeko ahotsa

    Mauka

    iraupena ::46´17´´

    prezioa ::10€

Asier Iriondo 2012ko urriaren 30a
Skakeitan musika taldea
Donostiako zazpikote gazteak gauzak argi ditu. 16 urterekin taldea ezerezetik martxan jarri eta ordutik bidea zabaltzen dihardute. Maketarekin jende askok ezagutu egin zuen eta zuzenekoen bidez taldea heldu egin da. Hain barneratuta duten skaren estalpean beste hainbat estilo batu dituzte, beti ere kantuei eta mezuei haize-instrumentuen laguntzaz dantzagarritasuna gehituz. Jamaika eta Ingalaterran hanka bana duen oinarri horren alboan arakatuz gero, hip-hopa, hardcore melodikoa, musika latinoa, punk-rocka eta beste estilo batzuk ere nabari dira. Bestalde, kantuen hitzetan gaztetasunaren eta kontsekuente izatearen arteko oreka zaila baina posiblea gauzatu dute. Tratu txarrak, etorkinak, espetxea, parranda, Piratak…  Ohikoak diren gaiak hurbiltasunez eta sormenez landu dituzte.
"Musika, jendeari mezua helarazteko aske gelditzen den instrumentu bakarra da"

Zerk bereizten zaituzte Euskal Herrian rocka eta ska oinarri duten beste taldeengandik?

Oso kantu desberdinak ditugu, guztiek ska oinarria badute ere: reggae, rap, punk, heavy, rock, latino… Eta ska zergatik? Punka entzuten hasi, baina gero ska deskubritzean horri heldu genion. Ska itsaskorra da, entzuterraza, jaietarako aproposa eta beste estiloekin ondo ezkontzen da, esaterako, Euskal Herriko musika errebindikatiboarekin.

Deigarria iruditu zait “Musika barik, bizi ezinik, borrokan parte hartzeko hemen gaude” abesterakoan, “egin klik” aipatzea. Ohiturak aldatu dira?

Interpretazioak libre dira, eta bestalde, hori lagun batek idatzi zuen. Borroka kaletik atera eta bestelako gailuak ere erabili behar ditugula iruditzen zait.

Nola eman diezaiokegu ahotsa ahotsik ez dutenei?

Edozeini eman behar zaio hitza, pertsonak subjektu bihurtu behar dira eta era errealean guztioi aukera eman, errespetuz, denok eraikiz.

“Ez!” esateko asko falta da oraindik?

Gehiegi. Nazkagarri asko dago, ez dago errespeturik. Gu borrokarako eta parrandarako taldea izanda, gaiari buruz idaztera behartuta geunden.

Zer aldatu dezake musikak?

Musika bozgorailua da eta sentimenduetan eragin dezake. Musika da jendeari mezua heltzeko aske gelditzen den instrumentu ia bakarra, kontrolatuta ez dagoena. Saiatzen dira zentsuratzen, baina zentsuratutako talde bakoitzeko beste asko irteten dira mezuak zabaltzera.

Harrituta nauka gaur egungo Euskal Herriko gazteek musika latinoa ezagutu eta entzuteak.

Beno, taldeko guztiok rockean aritu aurretik talde klasiko eta Big Bandetan esperientzia izan dugu eta bestelako musika entzuten ohitu gara. Biolina, alboka, tronpeta, pianoa, tronboia, edota perkusioa ere jo izan ditugu. Neuk, adibidez, Mano Negra, Celia Cruz, Buenawista Social Club… txikitatik entzuten nituen, eta gehiago baloratzen ditut giro lasaiagoak