Tramayes herriko auzapeza da Michel Maya. Ingeniaria. Energia jasangarriei buruzko hiru hitzaldi eman ditu Baiona, Lasa (Garazi) eta Maulen berriki, Bizi! mugimenduak gonbidatuta. Baionan, bere herriko iragaite energetikoaz mintzatu da luze eta zabal, biomasaren bidez sortutako energiaz. Gure herriek Tramayes izan dezakete mirail.
1800. urtean 1.000 milioi biztanle ginen munduan. 2000n 6.000 milioi, eta 7.000 milioi 2011n. “Garapen horrekin ezin dugu beste berrogeita hamar urtez iraun. Planetaren baliabideak ezagututa, gure ahalbideen gainetik bizi gara” dio hizlariak. Tramayes (Frantziako Saône-et-Loire departamendua, Borgoina erregioa) herrian 1.000 jende bizi dira egun. 1836an 2.431 ziren. Tramayesen, duela mende eta erdi bizi zen biztanle kopuru herena bizi da gune bertsuan. Datuok, munduko populazioaren hazkundearen eta herri txikien exodoaren isla dira. Tramayesko erdigunearen (Bourg) luze-zabalera bertsua zen 1990ean, 1940an eta 1836an: “Espazioaren kontsumitzaileak gara, baina bereziki, energiaren kontsumitzaileak bilakatu gara” dio Michel Maya auzapezak. Herriko agintea hartu ondoren Zoruaren Okupazio Plana (POS) berritu dute. Herriguneak kilometro bateko luzera du. Eguneroko beharretarako saltoki-gune guztiak –okindegia, harategia, txarkuteria eta abar...– toki berean daude; Osasun Zerbitzua barne. Eguneroko bizitza kilometro baten joan-etorrian gauzatzen dute. Alta, oraintsu arte 200 gramoren bagetaren bila joateko, 800 kiloko autoa mugitzeko ohitura izan dute bizilagunek. Denbora galtzeaz gain, energia alferrik xahutzen zuten. Beste datu bat: Frantzian, hiritar bakoitzeko 40.000 kwh xahutzen da egunero.
Auzapeza horrela mintzo omen da herritarren aitzinean: “Energia prekarietatea dugu, ezin dugu bizirik iraun orain ari garen bezala. Energiaren kontsumoa mugatu behar dugu”. Merkatal-gunea iparraldean dago eta oinezkoen bideak antolatu dituzte hirigintza berrian: “Ezin izan dugu edozein gauzarik egin. Iparraldea eta hegoaldea batera eraiki behar izan ditugu, baina hiria zabaldu gabe”. Eliza, festa-aretoa, eskola, ospitalea, kiroldegia eta etxebizitzak hiru gune nagusietan antolatuta daude.
Energia sistema da egungo herrigunearen lotunea. Tramayesko sistema zaharrak 108.000 litro fuel-oil erretzen zuen urtean, baita 246 tona karbono dioxidoa (CO2) bota ere atmosferan. Erregioek eta departamenduek energia fosilaz hornitzen den herria ez dute diruz laguntzen egun Frantzian; energia berriztagarriz elikatutakoak bai. Michel Mayaren udal taldeak proiektu ekologista eta berriztagarria landu du. Energia berriztagarria lortzeko egurra herrian daukate, bertako lur-zoruaren %30 basoa baita. Lurrak ez dira komunarenak, pribatuak baizik. Halere, 1.200 kw sortuko zukeen berogailu-gunea eraikitzeko xedea hartu zuten. Ospitalea da herriko enpresa erreal bakarra Tramayesen: 95 ohe ditu, 60 kw behar du eguneko. Festa-aretoa, Eskola, Herriko Etxea, Kiroldegia eta Udal-lantegiak dira energia kontsumitzaileen beste gune inportanteak. Areago, azken urtean, ospitalea berritu eta handitu dute: 750 m2 zituen eta 1.000 m2 ditu orain.
Hiru sare eraiki behar izan dituzte Berogailu-gunetik hiru eraikin-gune nagusiak elikatzeko. Proiektuan, itxuraz garestia, 1.059.567 euro inbertitu dute. Halere, ez dute dudarik ukan. 500.000 euroko kreditua hartu dute. Honek herriaren inbertsioaren sosa parte handiena hartu du hamar urtez. Finantzazio honekin 1.400 metroko sarea eraiki dute. 1.400 Kwh kontsumitzen dute urtean, eta 120.000 euroko faktura dute. Faktura ekonomizatzea lortu dute horregatik. 110.000 litro fuel-olio gutxiago erabili dute herrian, eta %60 CO2 gutxiago airera bota ere: “Hasteko eta behin, ospitalea beti berotua izatea lortu dugu, orain arte ongi aritu gara [ironiaz ari da]. Bestalde, planetari begira lortu duguna gutxi al dirudizue? Eta denok egingo bagenu?” dio Michel Mayak kontent.
Egur hondarrak erretzen dituen berogailu-lantegi bakarra da departamenduan. Lau kilometrora dagoen zerrategitik ekartzen dute gaia. Egur-enpresa da. Mendiko nekazariek garraiatzen dute egurraren hondakina: “Ordainduak, noski”. Tokiko ekonomia garatzen dute hartara. Zerrategian haritza da nagusiki lantzen. Zurajerako ez dena berogailura doa. Ez dute biltegi beharrik, egurra kanpoan egoten da. Berogailuak egurraren hezearen %60 onartzen du, egur kilo batek 600 gramo ur daukala sartu dezakete berogailuan. Abuztuan moztutako egurra azaroa-abenduan sartu ohi dute berogailuan, konparazione. Lehortu beharko balute kario litzateke. Gainera, egurra lehorra balitz berogailua matxuratuko litzateke. Berariaz prestatutako berogailua da. Nahiko eta sobera egurra dute, eta domaia da egurra behar gehiagorako ez ustiatzea. Guztira, fuel-olioa erretzen zutenetik egundaino, 117.00 kwh irabazi dute urteko. Ekoizpenean kw-en %63 irabazi dute. Hots, sistema berritzen ari dira, eta gero eta hiritar gehiago biltzen da sarera egunetik egunera.
63 etxebizitza berri egin dira azken urteotan. Alokairuan hartutako bizitoki sozialak dira. 50 kwh kontsumitzen dute metro koadroko. Berogailuaren sarea zabaltzea erabaki dute: “Inbertitu behar bada, inbertitu dezagun. EDFk [Frantziako konpainia elektrikoa] ez du ezer berririk asmatzen”. Fuel-olioa baztertu eta egurra erabili, horra gakoa. Garestia da inbertsioa, baina funtzionamendua merkeagoa da. Egurrak %70eko inbertsioa eskatu du, baina kontsumoaren %30 merkatu du. Fuel-olioak %30 inbertsioa eskatzen zuen, baina %70 gehiago kontsumitzen da. Beste datu bat: datozen hogei urteetan inflazioak askoz gehiago eragingo du fuel-olioan, egurrean baino. 2011n, fuel-olioaren salneurria %35 igo da. Egurrena, aldiz %11. Ondorioz, biomasa bidez 966.196 euroko gastua izan dute, fosila erabiliz, berriz, 1.375169 euro zuten. Auzo berria ere sarearen bidez izanen da elikatua aurrerantzean: auzoko energiaren kontsumoaren %40 aurreztuko dute.
Gure kulturaren arabera “herrigunetik kanpo ez dugu argirik behar, baina herrigunean ezin da murriztu”. Tramayesen urrutiko aginte-gailu bidez argitu ohi dituzte kaleak. Argiztapena sistema fotoelektrikoen bidez zegoen pilotatua, zazpi eta hamaika ordu artean gauez. Gastuak izugarriak ziren. Diferentzia handiak zeuden eta bizilagun batzuk ez zeuden ados, batzuen kaleak besteenak baino gutxiago argituak zeudelako. Plangintza berriaren arabera, herri osoa zazpi orduetan jarriko dute; kuota minimoan. Satelite bidezko erloju astronomikoen sistema aztertu dute: “Gaueko inguramenaz arduratzen den elkartearekin aztertu dugu gaia, eta aldaketa handia dela ikusirik, gaueko argiztapena aldatzea erabaki dugu”. 2008an abiatu zuten proiektua. 2.400 euro ordaindu dute zortzi ordulari astronomikoak martxan jartzeko. Aurreikuspenen arabera, gastuaren %50 murriztuko dute: 50.000 kwh. 2006an 6.300 euro behar zuten argipen publikorako, 2011n 1.300 euro. Mayak hainbat gogoeta eskaini du gai honen inguruan: “Zein da gaur egungo arazoetako bat, bada, bideko segurtasuna. Den-dena argiztatu behar da. Legeak ez gaitu obligatzen kaleak argiztatzera, guk sortu dugu behar hori. Legeak dio autoak baduela bere argia”.
Tramayesko esperientzia horrela azaldu du auzapezak: hiriguneak horren argituak ez direnean, motelago omen gabiltza autoz. Aldiz, ongi argiztatuak direnean ia egun argitan bezala goaz, edo azkarrago. Aldiz, errotonda ez badago ongi argiztatua, autoaren abiadura gelditzen dugu, balazta sakatuz. Beraz, errotonda ez dago hainbeste argiztatu beharrik. Argiztapen Elkarteak dioenez, argiak ez du ziurtatzen bideko segurtasuna. Areago, kontsumo handiagoa da alde guztietatik begiratuta: autoaren erregaiarena eta argiztapenarena.
Herritarrek bestelako kezkak ere agertu omen dizkie Tramayesko agintariei: “Ez bada argiztapenik kalean lapurretak izanen dira”. Arrapostua: “Zuk zure etxea horregatik uzten duzu argitua gau osoa? Ez. Zergatik?”. Ez eskatu kolektibitateari zure etxe ingurua argitzeko dio auzapez honek. Gainera, kalea ez bada argitua, lapurrak argigailua eraman behar du. Lapurra linternaz ibiltzen bada, jendeak berehala erreparatzen du harengan. Aldiz, kalea argiztatua denean, lapurrak etxeetan sartzen dira beren etxeetan sartuko balira bezala.
Jendearen eta kalearen segurtasuna ez da hobea argi gehiago dagoelako. Beste adibide bat: elizen argiztapena, eta monumentuena oro har. Monumentuek balore handia dutenean, proiektagailuak barra-barra erabiltzen dira haiek argitu aldera. Monumentua eta zeru osoa argitzen dute. Askotan, ez da ageri ikusi nahi duguna, argigailuek oztopatzen digute ingurua ikustea. Galdera da: monumentuak argitzeko beharra al daukagu egunero? Egun berezietan, ospakizunetan, ematen diegu balorea. Ordea, egunero daude argituak. Zertarako? Agian, argiztatuak direlako ez diegu jaramonik egiten.
Eta publizitatea? Eta erakusleihoak? Gau osoa pizten ditugu. Lehen orduak ongi, baina gau osoan ez da inor pasatzen. Jendea lo dago, beraz itzali daitezke. Hara, gainean, kanpoko argia sartzen da etxeetaraino. Kontrako argudioak badaude, eztabaidagarriak. Baina badago zer aztertu eta zer ikasi.
Tramayesen egindako berrikuntzek aldaketak ekarri dituzte: kontsumo publikoa 90.000 kwh-koa zen eta gaur egun 45.000 kwh ari dira kontsumitzen. Eta areago apalduko omen dute. Aurten, kaleko argiak gau-erdian itzali eta 5etan piztu beharrean 5:45etan pizten hasi dira. Bonbillak aldatu dituzte: 70 w-ekoak 125 w-ekoen ordez. Argiztapen berberarekin kontsumoa apaldu dute. Areago, eguzki-energia baliatzeko, kiroldegiko 800 m2ko teilatu zabal eta lauan plaka fotovoltaikoak jarri dituzte: 224.000 euro inbertitu dute eta 33.000 kwh ekoitziko dute urtean. Egin kontu!
Energiaren krisia eta klima aldaketaren gaiak plazaratu zituzten 2010ean. Frantziako Legebiltzarrerako bozen hautagaiei galdeketa –25 galdera zehatz– proposatu diete aurtengo udaberrian. 2013ko urtarrilera arte buru-belarri segituko dute Bizi!-ko kideek. Programa zehatza lantzen ari dira energiaren eta klimaren alternatibei buruz.
2014ko Herriko Etxeko bozei begira lan estrategikoa abiatu dute. Alternatiba hauek hirigintzan garatu ahal izateko behar diren bitarteko finantzariak aztertu dituzte. Udal bozketarako osatuko diren hautagaiekin elkarrizketatu nahi dute –edozein direla euren joerak– eta programa energetiko alternatibo hau euren programan sartzea proposatuko diete: “Dena ez bada posible, parte bat bederen. Askotan ez dago borondate eskas, ezagutza falta baizik”, diote. Hiriko garraioa eta mugikortasuna dute betiere langai. Hegoaldera begira ere ari dira. Elkarte engaiatuak gonbidatu nahi dituzte, eta 2014an hainbat ekitaldi plazaratuko dituzte herriko bozen aitzinetik.
Michel Maya auzapez ingeniariak eskainitako hitzaldiaren ondoren, hainbat kezka eta iradokizun azaldu zizkioten entzuleek. Hona, hauetako batzuk.
Tramayes herriak erraza dauka egur hondakinen erabilpena, irudiz.
Ez dut uste Tramayes hobeto edo okerrago dagoenik beste herrien aldean. Egurra badago nonahi, kontua da berau garraiatzea. Egurra erabiltzeko guk dugun aukera ez da zuena baino hobea, benetan. Niri laurogei kilometrotik deitu eta esan didate: “Auzapez jauna, guk egur hondarrak dauzkagu, salneurri ona akordatzeko prest gaituzu”. Hau da, garestiago ateratzen zaie egur horiek basotik kentzea guri saltzea baino. Benetan, egurra badago, baina botatzen da alferrik.
Berogailuek matxurak izaten dituzte. Oztopo handia al da hori?
Matxurak ditugu, noski. Oztoporik den? Zerbitzu teknikoan hiru gara, ni naiz horietako bat. Beraz, zenbaitetan arazo teknikoak interesgarriak bihurtzen dira. Gurera ez dator kanpoko teknikaririk matxurak konpontzera. Guk osatzen dugu talde teknikoa eta arazoak konpontzen ikasten dugu. Gehienetan giza akatsak dira, adibidez, mailua ahantzi dugu labean edo engranajean. Huskeriak dira. Noski, proiektua espezialisten esku utziko bagenu garestiagoa litzateke. Halaber, pieza-gailu bat berritu behar badugu, ez dugu berehala botatzen. Txukundu eta herriko beste lanetarako egokitzen eta berreskuratzen dugu.
Baionako itsaso-portutik kargamendu asko ateratzen da Europako ipar lurraldeetara: etxe-tresnak direla, egurrak direla...
Horiek energia iturri berreskuragarriak dira. Zergatik ateratzen dira hemendik? Ziur aski erabilpenik ematen ez zaielako. Edota zuen herri edo hirietan berogailu sistemarik ez duzuelako. Gogoetatu behar duzue energia berriztagarriari buruz, eta beharbada, egurra ez da aterako hemendik kanpo. Zuen egurra hemen ustiatu behar duzue. Ez gaitezen tronpatu: Frantzian egurraren beroa da energia gehien ekartzen duena. Zentral hidroelektrikoek baino bero gehiago ekartzen du egurraren bero-energiak. Nire ustez, hemen, Euskal Herrian, ez duzue aski hitz egiten egur-energia erabiltzeari buruz. Eta zinez interesgarria da.
Baina, Tramayesko berogailu sistema aplikatu al daiteke. Baiona-Angelu-Biarritz konurbazioan?
Nik ez ditut BABaren egitura eta beharrak ezagutzen, baina hirietan gero eta gehiago ari da zabaltzen egurraren bidezko energia. Sareak zabaltzen ari dira, HLMak [etxebizitza publikoak] berogailu-sareen bidez ari dira berotzen. Hitz bitan, berogailu zentralizatu baten eta sare baten bidez. Grenoblen, kasu, 25 kilometroko sarea dute. Ez da Tramayesko hedadura inondik ere [jendea harritu da]. Ez da berogailu bakarra noski, sare zabal baten barruan daude instalatuta.
Ingurumenari buruzko konferentzietan Estatuko organismoak sistema honen alde daude. Egur-berogailuak erakargarriak dira, jendea ohituta dago egurra garraiatzen etxe partikularretan. Halaber, egur tximinien emisioaren poluzio tasa apalagoa da fuel-olioarena baino. Bestalde, tokian tokiko egurren garraioak murrizten du fuel-olioaren garraioa. Hau da, askoz kilometro gutxiago egiten da egurra garraiatzeko, beraz, CO2 emisioen tasak askoz apalagoak dira. Guk egurra lau kilometrora hartzen dugu, fuel-olioa berriz ehunka kilometro egin ondoren iristen da guregana.
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]
Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]
Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute Belgikako Feluy hirian duen fabrika, eta protestak egin dituzte... [+]
Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por... [+]
Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa publiko jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke horrek gure komunitatearen etorkizunerako, energiak zein beronen erabilerak gure... [+]
Nafarroako Energia Eraldatzen poligono berriztagarri handien aurkako koordinadorak trantsizio energetikoa birpentsatzeko hirugarren jardunaldien deialdia da. Topaketa horietan, energiaren arazoa eta gizarte egituraren desazkundearen beharrari buruz hausnartuko dute.
Dagoeneko ez dakit bero olatuek burmuina kolpatuta gauden, betiko hipokrisia den edo logika sistemiko hutsa den, baina dakigunaren, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko arrakalak, kezkaz haratago, harridura ere sortzen dit, batez ere uda giroan. Albisteak, ikerketak,... [+]
Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.
Zigoitian 100 hektareako parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Solariak, eta eskualdea gurutzatuko luke oso goi tentsioko linea batek ere. Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek herritarren 5.540 helegite aurkeztu dituzte ingurua “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko... [+]
Gaur egun, etengailu bat sakatzea keinu hutsala da. Gehiengoak ez daki energia-ekoizpenaren gibelean zer dagoen, energia-ekoizpen orok eragina baduelarik. Erregai fosiletan eta nuklearrean oinarritutako energia ereduaren hauskortasunari buru egiteko, energia herritarren... [+]
Babesturiko natur eremuetan egoteagatik, ingurumenean izan dezakeen inpaktuagatik eta hiri planeamenduarekin bat ez egiteagatik jarri dute alegazioa hiru udalek, besteak beste. Multinazional norvegiarrak eraiki nahi duen zentral eolikoak bost haize-errota handi aurreikusten ditu... [+]
Energiaren sektoreari loturiko konpainiak bere zuzendari nagusia aldatu du, doikuntzak iragartzearekin batera. Euskal Herriko lantegietan ia 3.000 langile aritzen dira eta sindikatuak kezkatuta agertu dira, kaleratzeak ekar litzakeelako erabakiak.
Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]