argia.eus
INPRIMATU
Osasun publikoa bermatzeko ildoak

Bernar Mandaluniz 2012ko urriaren 23a

Osakidetzaren izen ona lehenagotik zetorren eta azkeneko legealdian neurri sendoak hartu ditu mantentze aldera, Madrilen presioa hein handi batean ekidinez: finantziazioa mantenduz, botika generikoen arloan gastua gutxituz, berrordainketari muzin eginez.

– Irabazlea EAJ da. Irizpide horren aldekoa da neurri handi batean behinik behin, nahiz eta osasun pribatuari ere keinuak egin: kohabitazioa hemen ere, agian.

– Legebiltzarrean talde sendoa dago EH Bildurekin. Bide honen defentsan adierazi du bere egitasmoa, eta bere xedea hori izango da: zerbitzu publikoa, gardena eta hurbila.

Honaino osasun publikoa mantentzeari buruzko irizpidea. Baina iraupena bermatzeko ahalegin asko egin beharko dugu:
– Antolakuntzaren hobekuntzak: sistemak zulo asko ditu eta eraginkorragoa egin behar da, gaixo eta erizainen arteko harremanak sendotuz eta hurbilduz.
– Lehen mailako artatze antolakuntza sendotu behar da eta kalitatez hornitu, ospitaleak gaixoz gutxituz, bere eginkizun berezitik atera ez daitezen.
– Botika gastuak murrizten jarraitu behar da: bizitza medikalizatu dugu neurri handian.
– Osasun langileak zaindu, lan berezia denez arreta ere berezia behar dutelako: lan baldintzetan, lanaren onespenean eta egitasmoetan parte-hartze zuzenagoa izanez.
– Ospitaleko egonaldiak laburtu, etxean gero eta arreta eta zerbitzu gehiagoz eta hobeagoz inguratuz gaixoa.
– Gaixotu aurretik prebentzio lana sustatu eta ugaritu, gaixotu aurreko programak eta osasuna sendotzeko egitasmoak martxan jarriz, beti ere, gizabanakoen autonomia dugula helburu.

Programa hauetan, gizabanakoaren parte- hartzea ezinbestekoa da, gure helburuetan burujabetasunaz gain, gorputz jabetasuna ere aldarrikatu behar dugu.

Etorkizuna, osasunaren aldetik, arduratsua, kezkagarria eta  interesgarria datorkigu, izan gaitezen partaide eta protagonista.