argia.eus
INPRIMATU
Nebraskak 30 urte

Itxaro Borda 2013ko maiatzaren 07a

Badu beraz hiru hamarkada Bruce Springsteenen Nebraska albuma entzuten dugula ekialdetik sortaldera iparraldea gauez zeharkatzean! 1982an atera zen Ronald Reagan amerikar lehendakariak Milton Friedman bere adiskidearen Naomi Kleinek aztertuko zuen schock doctrine hura martxan jartzen hasi zenean, urteak joan ahala dakizkigun ondorio likitsekin, jendaldeak are pobreagotzeko baliatzen den krisia ekonomikoa ardatz. The Boss erraldoiak orduan marrazten zituen pertsonaiak beranduago Tom Joad-en inguma CDan berraurkituko genituen, biluzik, esku hutsik, subprimen arazoen karietara guztia galdurik, kotxea, etxea, segurantzak, pentsioak. Uholdeak eraman zituen.

Ez dakit, gaztaro alderraia gogoratzen edo oraindik atzo bailitzan aditzen dudalako, Nebraskako abestiek begia bustitzeraino ukitzen naute: neoliberalismoa desastre kolektiboa izan zen Atlantic Cityko Casinoan dirua jostatzera eta bere gorputza saltzen bukatuko zuenarentzat. Bizitza puska bedera beltza da, etorkizunik gabea, baina diskoko azken melodia lanzinanteak dioenez altxatzen den azkorri bakoitzean people find some reasons to believe...