Hauteskunde kanpaina amaiturik, orain promesak bete behar dira. EAEn izan dugun kanpainan, egoera sozioekonomikoak eta laboralak eragin handia izan du. Alderdi eta koalizioek langabeziaren larritasuna, murrizketa sozialak eta ongizatea desegitea salatu dute, eta hitz eman dute egoera horri erantzungo diotela. Ia guztiek, beraz, konpromisoa azaldu dute gizartearen aurrean soluzioak bilatzeko, hala nola: enplegua sortzeko eta formula berriak aztertzeko fiskalitatearen bidetik, gehien dutenei gehiago kargatuz. Langabeziaren igoera (190.000 lagun irailean), batez ere gazteen artean; pobreziaren gorakada (100.000 pertsona inguru); gero eta enpresa gehiagok ateak itxi edo soldatak ordaintzeari uztea; etxetik kanporatzeak; emigrazioa; adinekoentzat egoitza publikorik ez egotea; menpekotasuna duten pertsonentzat diru-laguntzak gutxitzea… Horrek guztiak gure jendartearen argazki erreala osatzen du. Eta gehitzen badiogu krisiari aurre egiteko tresna hobeak edukitzea eragozten digun subiranotasun ekonomiko eta politikorik eza, argazkia osaturik geratzen da. Larrialdi nazionala islatzen duen argazkia.
Egoera horrekin, justua, beharrezkoa eta desiratzekoa litzateke, EAEko gobernu berria osatzen denean, haren buru denak alderdi guztiak deitzea, baita enpresariak, sindikatuak eta mugimendu sozialak ere, eta fronte orokorra sortzea –deitu hitzarmen edo deitu akordio– gizartearen eta nazioaren larrialdi egoerari aurre egiteko. Fronte horren lehentasuna izan behar luke enplegua eta aberastasuna sortzea, ongizatea mantendu eta indartzea, egiazko erreforma fiskala martxan jartzea –gehien dutenak gehiago kargatuz– eta erabakitzeko eskubidea errespetaraztea. Hauteskundeetako promesak betetzeko modua litzateke hori