argia.eus
INPRIMATU
Zebrabidean
Edu Zelaieta Anta 2012ko urriaren 16a

Zebrabidean gertatu zen: bizikletaz zihoan gizona eta enpresako autoa gidatzen ari zen emakumea traban gelditu ziren, metro erdi eskasera bata bestearengandik, nork zuen lehentasuna garbi ez zegoela. Une labur baten ondotik biek egin zuten aurrera, bizikletako gurpil batek eta autoko matrikulak justu itsatsita geratu ziren arte. Ez zen, zorionez, inolako kalterik izan.

Zebrabidetik hamar bat metrora nengoen ni. Ikusi berria nuenak dilematxo bat sortu zidan etxeko bidean: noren alde jarri? Batetik, bizikleta askoz zaurgarriagoa den neurrian, autoak bidea eman ziola iruditzen zitzaidan. Bestetik, ordea, bizikleta gainean doan pertsona ez da berez oinezkoa eta, alde horretatik, agian autoak ez zuen gelditzeko derrigorrik.

Kontutxoa bazkaltzeko gogoarekin batean zebilkidala, geure oihan heziaren legearekin egin nuen topo: gizon-emakumeak zakar eta bortitz aritu ziren hasieratik; bakoitzak gauza ezberdin bat defendatzen baldin bazuen ere, harrapari jarrera bera erakutsi zuten biek atzapar-letaginetatik, keinu-hitzetatik. Zebraren odol arrastoaz inor gutxi ohartu zen zebrabidean