argia.eus
INPRIMATU
Peru, Espainia, Katalunia
Inma Errea Cleix @inmaerrea 2012ko urriaren 16a

Perun ez omen dute gurea bezalako krisirik. Orain dela bost urte balio zutena halako lau balio omen dute etxebizitzek, eta banketxeek erraz (errazegi?) ematen ei dizkiete hipoteka-kredituak herritarrei, soldata bat dutela egiaztatze hutsarekin. Atzerriko enpresak hara jotzen ari dira: Espainiako asko, omen, eraikuntzakoak-eta. Jakina da diruak ez duela ez mugarik ez aberririk. Bitartean, klaseen arteko amildegia gero eta handiago omen, Peruko gizartean: goi klasea eta klase ertainak, gorantz, eta behe klasea, beherantz. Espainiako asimetriaren kontrakoa dirudi, Espainian klase ertainak behera baitoaz behekoa bidelagun.

Galderak datoz errenkan: Perun bezala, non ote da gertatzen ari? Txilen, Argentinan, Brasilen..? Asiako zenbait herrialdetan? Zerikusia du zenbait tokitako ekonomiaren gorakadak beste hainbatetako krisiarekin? Eta, zergatik hemengo hedabideetan ez dute oihartzunik Peru bezalako herrietako errealitateek?

Katalunian, Espainiako krisiaren aurrean, beste irtenbide bati ekin diote. Herri independente izatea bizirauteko ezinbesteko baldintzatzat jotzen dute gero eta kataluniar gehiagok (gehienek honezkero?). Han, independentzia ez da jada gutxiengo baten ameskeria edo hainbat herritarren sentipen lausoa. Hango gizartean abiatutako prozesuei eta eztabaidei buruz ere, berri gutxi Espainia aldean. Gurean, akaso, pitin bat ugariagoak, baina urriak, edonola ere. Albisteak, diruak ez bezala, banderen aurrean makurtzen baitira, eta mugetan gelditzen, Internet asmatu eta gero ere.

Wert Hezkuntza eta Kultura ministro espainiarrak Kataluniako ikastetxeei leporatu die independentziarako borondatearen hazkundea. Kontua ez da, hark uste bezala, hango ikastetxeetan ideologia independentista txertatzen dietela haurrei, baina arrazoia du hein batean: Kataluniako jendartean aspaldi abiatu zen kultur eta hezkuntza garapena izan ez balitz, katalanek orain ezinen liokete eutsi hartu duten bideari.

Izan ere, gizarteek aurrera egitea nahi ez duten boteretsuek, beren interesen kontrakoa delakoan, aski ongi dakite herritarrei informazioa, kultura eta heziketa murriztea bezalakorik ez dagoela beren pribilegioei eusteko. Beren irabaziak mugarik gabe areagotzeko, denetariko mugak jarri behar dizkigute gainerako herritarroi. Hezkuntzan, kulturan, komunikazioan... Baita geure mapen muga-lerroak aldatzeko borondatean ere.