argia.eus
INPRIMATU
Non dago aitona?
  • Antxiñe Mendizabal

    Ilustrazioak: Iosu Mitxelena

    Elkar

Xabier Etxaniz Erle 2012ko urriaren 17a
Antxiñe Mendizabalen istorio honen bidez Amets gaztetxoari jazotzen zaion kontu bat azaltzen zaigu. Amets ezin da lasai egon, ez da lasai egoten. Irakurleak liburuaren azalean bertan, paratestuen bidez (izenburua, Iosu Mitxelenaren irudi argia…), ikusiko du Ametsek arazoa duela. Are gehiago, ipuinaren hasieratik bertatik adierazten zaigu zer den Ametsi gertatzen zaiona: “Ametsi, ohera sartu eta begiak itxi orduko, tripak hizketan hasten zaizkio (…) Hain dira handiak hotsak, ezinezkoa zaiola lokartzea; ezinezkoa”. Eta horixe da Ametsek duen arazoa, honen zergatia, baina, ez zaigu ipuinaren amaiera arte adieraziko, ez dugu jakingo –kontakizunean zehar zenbait pista azaldu arren– zergatik dagoen horrela Amets, zergatik behar duen norbait ondoan oheratzen denean.
Gauari edo bakardadeari beldurra dionaren istorioa dirudi kontakizunak, baina amamarekin duen harremanean aitonaren hutsunea nabaritzen da eta amonak haren falta sentitu arren gertutasun handiz hitz egiten dio aitonaz; horrela, Ametsen tripa orroak direla eta, aitonari txikitan gertatutako istorio bat kontatuko dio Ametsi: aitonaren tripetan egokitu zen zizare izugarri luze eta gosetiarena, aitonaren elikagaiak irensten zituena.
Iloba eta amonaren arteko giro goxo horretan amonaren komentarioak ipuinaren nondik norakoa hobeto ulertzen lagunduko digu: “Zuk tripetan korapilatuta daukazuna, aitonaren zizarearen antzera, larritasun handiren bat da”.
Liburu egileek, gure artean oso gutxitan ukitzen den gaia ekarri digute haur txikien liburuetara: familiako kide baten heriotza eta desagerpen horren aurrean txikiek sentitzen eta senti dezaketena. Testuak, arestian komentatu bezala, amona eta ilobaren arteko harremana adierazten digu, amonak kontatzen dion gertakari horretan zentratuta neurri batean; irudiak berriz, batzuetan kolore biziak erabili arren, nahiko grisak dira, barnekoiak, irudi errealistak erabiliz, nahiz eta zenbait elementu fantastiko agertu sarritan; eta irudi horietan nahikoa da Ametsen begien jarraipena egitea umearen samina, beldurra, harridura, interesa edo, amaieran, negarra ikusteko.
Istorioaren amaieran tripetako korapiloa askatu arren (amona eta iloba ohean etzanda biak negarrez ageri dira irudian), Ametsen hutsunea ez da bete, kezka ez da desagertu. Irakurleak, baina, badaki Ametsen tripek jada ez diotela hitz egiten, Amets lasaiago dagoela eta amonarekin izaniko elkarrizketaren ondorioz hutsune eta gabezia horien aurrean bizitzen ikasten ari dela.