argia.eus
INPRIMATU
Memoriaren Ganbara
Jakoba Errekondo 2012ko urriaren 17a

Litxarreroak liluratzeko asmotan ardoa ez beste gauzarik ere egin daiteke. Erreximenta, konfitura, marmelada, jelea, dultzea... Alkohola emateko azukrea duen fruitua, sasoiz kanpoko aldiak ere alaituko dizkigun eran iraunarazteko gai ederra da. Urte osoan fruitu mordoxka izan ohi da, udaberriko lehen mizpira japoniarretatik (Eriobotrya japonica) eta marrubietatik (Fragaria vesca) abiatu eta negu-neguko berandu-sagarrak (Malus x domestica), kiwiak (Actinidia chinensis), gorostiak (Ilex aquifolium), eta abarrera arte, etengabeko katea da. Oker handirik gabe, hortxe-hortxe topatuko dugu urteko 52 asteetan ahorako moduan dagoen fruituren bat. Inork egingo ote du ariketa hori? Horra trabesa botea.

Urte luzean mordoxka badugu ere, udazken parte honetan saldoa fruitu izan ohi da. Zenbait tokitan samaldaka! Ez dut nahikoa toki denak azaltzeko, baina aurrekoan ardogintzarako egoki bezala aitatutako hamazortziak, hasteko... Kontserbak jarri zalea dena lanpetuta topatuko duzue sasoi honetan, eltze, poto eta kankarta artean; fruituen edabe zoragarrietan sartu ondoren, gozoari neurria hartzeko, behatzari zupaka.

Ez naiz ni bereziki gozozalea, baina tarteka muturraren aurrean jartzen didaten gutizia dastatzeari ezin uko egin. Fruituekin maisulanak egiten dituen jendea bada. Aparteko fruitu kontserba batek, memoriaren ganbarako zokoenean ahaztutako usainak, aroak, uneak, garaiak, egoerak... Zer ez dezake berritu?

Inoiz dastatu al duzu piko zuri (Ficus carica) eta Pelestrin sagarrez egindako konfiturarik? Ni haurtzarora narama. Piko helduak arbolatik bertatik hartuta jaten ikasi nuen sasoia. Oraindik ez dut nahikoa piko jan!

Lehengo astean bertan jana dut lagun min batek, urtea joan eta urtea etorri, urtero egiten duen tomate konfitura (Solanum lycopersicum). Ahoratu ordurako, bart arratseko ikasle garaia freskatzen dit, nahi gabe ere. Ahosabaitik burura igotzen den zurrunbiloak ederki astintzen dit garai haietako oroitzapenak estaltzen dituen hautsa.

Lagun baten amak inoiz ezagutu dudan marmelada finena egiten zuen: astalarrosa koxkorrena (Rosa canina). Munduko onena dela dio askok. Aspaldi probatu gabeko erreximenta horretaz gogoratze hutsak oroitzapen lizunak dakarzkit. Derrepente deitu behar diot lagun horri. Ea pototxoren bat baduen, edo amaren errezetarik baduen, edo... Oraintxe mendika astalarrosa dago inguruan. n