Langileei langile direla ahaztu eta klase ertaina direla sinestarazi zieten. Baina krisiak bere onera (edo txarrera) ekarri ditu langileak. Sortu ez duten krisia ordaintzeko, azken mendeetan neke handiz lortutako eskubideak kentzen ari zaizkie. Eta hutsetik hasi behar bada, hutsera jo beharko da, langileek eskubiderik ez zuten garaira.
XVIII. mendearen erdialdean Industria Iraultza abiatu zen Britainia Handian. Produkzio modu berri hark ekonomia eta gizartea goitik behera aldatu zituen. Gizarte talde berri bat sortu zen: laugarren estatua, proletarioak, langileak. 16 orduko lanaldi amaigabeak asteko zazpi egunetan gizon, emakume nahiz haurrentzat, soldata oso txikiak, higiene eta segurtasun baldintza eskasak... Etorkizuneko langileek iraganeko esklaboak ziruditen. 1815eko bakealdiaren ondoren, industrializazioa (eta harekin batera, langileen baldintza latzak) Alemanian, Belgikan eta Frantzian hedatu zen lehenik, Europako gainerako herrialdeetan, AEBetan eta Japonian ondoren.
Langile mugimenduari lotutako lehen liskarrak 1811n gertatu ziren, zenbait langile makinak hondatzen hasi zirenean, makinek lanpostuak murriztuko eta lan baldintzak okertuko zituztelakoan. Logikoa dirudi mekanizazioak langileei onurak ekarriko zizkiela pentsatzea: lan gutxiago eginda etekin handiagoak aterata, lanaldiak murriztu eta soldatak handitu zitezkeen. Baina orduko langileek ederki antzeman zioten enpresaburuen eta agintarien logikari, gaur egun ezartzen ari den logika berari: oparoaldian etekinak niretzat, krisialdian galerak zuretzat. Klase kontzientzia zabaldu ahala, mutualitateak sortzen hasi ziren eta, azkenik, 1824tik aurrera lanbide bereko langileen elkarteak sortu ziren, trade unions izenekoak, lehen sindikatuak.
Espainiako Estatuan industrializazioa berandu hasi zen, baina, hain zuzen, Hego Euskal Herria izan zen industria gune garrantzitsuenetakoa, Bizkaiko meategiak oinarri. Meatzaritzaren inguruan siderurgia modernoa eratu zen. Hala, 1880ko hamarkadan estatuko hiru siderurgia enpresa nagusiak sortu ziren Bizkaian.
Industrializazioa Gipuzkoara zabaldu zen berehala, armagintza, ehungintza eta papergintza oinarri. Araban eta Nafarroan prozesua motelagoa izan zen, eta are apalagoa Ipar Euskal Herrian.
Industrian aitzindari izaki, Euskal Herriko langile mugimendua ere Bizkaian hasi zen. XIX. mendearen bukaeran langileak industrialdeetan eta meategien inguruetan pilatzen hasi ziren, oinarrizko inolako azpiegiturarik gabe. Meatzeetan langileak konpainiek haientzako eraikitako barrakoietan bizi ziren eta produktuak konpaoniako saltokietan erostera behartzen zituzten. Egoera larri hark 1890ean egin zuen eztanda, langileek, lan baldintza eskasak salatzeko, grebara deitu zutenean. Greba Loma hitzarmenarekin amaitu zen: konpainietako saltokiak eta barrakoiak itxiko zituzten, lanaldiak murriztu eta soldatak hobetu. Baina hitzartutakoa ez zen errespetatu, langileen baldintza latzek hobekuntza gutxi izan zuten eta XIX. mendearen azken urteetan nahiz XX. mendearen hasieran grebak eta mobilizazioak ugaldu egin ziren. Gipuzkoako langileen baldintzak hain kaxkarrak ez ziren arren, langile mugimendua bertan ere hedatu zen (grebak izan ziren Arrasaten, 1893an, eta Eibarren, 1897an).
Espainiako Gobernuak langileen eskubideak bermatuko zituen legedi zabal eta zehatzik ezarri ezean, zenbait sektoretan hobekuntza txiki batzuk lortu ziren. Meatzarien adibidearekin jarraituz, 1914an langileek batez beste eguneko 3 edo 4 pezeta kobratzen zituzten. Lehen Mundu Gerrako krisialdian, soldatak zertxobait jaitsi ziren, baina 1916tik 1921era egunsariek %90 baino gehiago egin zuten gora. Industriak etekin izugarriak ematen zituen, eskulan premia hazi egin zen, eta patronalak igoera onartzea eta hurrengo urteetan igoerari eustea erabaki zuen. EHUko Historia eta Erakunde Ekonomikoen saileko Pedro Maria Perez Castroviejoren arabera, faktore horiez gain, presio sindikal indartsuak ere eragina izan zuen soldaten eta beste lan baldintza batzuen hobekuntzan.
Urte horietan Bizkaiko industriaguneak UGT sindikatuaren eta PSOE alderdiaren sorleku nagusietakoak izan ziren, eta Facundo Perezagua izan zen meatzaritzako eta burdingintzako langileen buruzagi nagusietakoa. Sektore horretako langile gehienak industriaren hazkundeak erakarritako espainiar etorkinak ziren (Perezagua bera Toledon jaioa zen). Baina beste sektore eta eremu batzuetan langile euskaldunak ziren nagusi, eta haien baldintzak hobexeagoak izanik ere, eskubideei dagokienez, bazuten zer borrokatua. EAJri lotutako hainbat lagunek bultzatuta eta Euskalduna ontziola abiapuntu, 1911n Solidaridad de Obreros Vascos (VOS) sindikatu abertzalea sortu zen, gerora ELA izango zena. Euskal sindikalismoa banatuta egon zen orduz geroztik: UGT eta CNT Espainiako sindikatuek langile etorkinak biltzen zituzten nagusiki, eta euskal jatorrikoak ELAra hurbildu zuen. 101 urte geroago, irailaren 26ko greban, Espainiako sindikatu nagusiek ez zuten bat egin sindikatu abertzaleen deialdiarekin.
1936an ELAk bere hirugarren kongresua burutu behar zuen Iruñean, baina Gerra Zibilak bertan behera utzi zuen biltzarra. Eta frankismoan bertan behera utzi zituen langile mugimendua eta horrek nahiz instituzioek langileen eskubideen eremuan emandako urratsak.
Espainiako Estatuko lehen lan araua 1873ko Benot legea izan zen, 10 urtez azpiko haurren jarduna arautzen zuena. Hurrengo urteetan, ez zen lan legeria finkorik sortu, eta tarteka lege eta ordenantza bakan eta partzialak onartu zituzten: 1900ean lan segurtasunari buruzko lehen legea ezarri zuten, 1904an igandetako atsedena onartu zen, 1909an greba eskubide gisa onartu ez, baina delitu izateari utzi zion, 1911ko dekretu batek derrigorrezko gizarte asegurua ezarri zuen lehenengoz, 1918an 48 orduko lan astea ezartzen aitzindari izan zen Espainiako Gobernua... Lege horiek guztiak bat zetozen funtsezko ezaugarri batean: oso gutxitan betetzen ziren.
Primo de Riveraren diktadurako ekarpen nagusia 1926ko Aunós Kodea izan zen, lehenengoz lan kontratua arautzen zuena. Baina jauzia II. Errepublikan eman zen: 1931ko Konstituzioak, lehenengoz, lan eskubideak jaso zituen, eta, besteak beste, langabeziaren aurkako neurriak ezarri ziren.
Baina bost urteren buruan, Espainiako gerra Zibilak eta gerraren garaileak 40 urtez izoztuta utzi zuen langile mugimendua. Frankismoak Estatuko arau monopolioa eskuratu eta langile eskubideak nahi bezala moldatu zituen sindikatu bertikalaren mozorropean.
Horrenbestez, Hego Euskal Herrian industrializazioa abiatu eta mende ingurura hasi zen estatua langileen eskubideak legez onartzen eta bermatzen –eta tarte txikia behar izan du horiek urratzen hasteko–. Bitartean, Industria Iraultza berandu eta gelditu gabe igaro zen Ipar Euskal Herritik, baina Parisko Gobernuak lehenago eman zituen lan eskubideak onartzeko urratsak. Lanari buruzko lehen legeak industrializazioa bera baino lehen ezarri ziren, Frantziako Iraultzarekin batera, 1848an 12 orduko gehienezko lanaldia ezarri zen, 1884an sindikatuak ofizialki onartu ziren, 1919an hitzarmen kolektiboak finkatu eta urte berean lanaldia 8 ordura murriztu zen, eta Espainian gerra hasi zenean, Frantziako Estatuan lan bajak ordaintzen hasi ziren.
Langile eskubideen aldeko gorako bidea –luzeagoa eta nekezagoa Hegoaldean, leunxeagoa Iparraldean– ziztu bizian ari da maldan behera, atzera, Europako nagusigo neoliberalaren eta Espainiako Gobernuaren lan erreformen eskutik. Eta François Hollandek Frantziako hauteskundeak irabazi zituenean joera horri aurre egingo ziolako esperantzak lausotzen ari dira, desengainu bihurtzen.
Atzera begira ikusten da langileen eskubideen aldeko mugimenduaren oinarrian klase kontzientzia dagoela. Eta langileari kendu eta kendu ari zaizkion honetan, egoerak klase ertaineko kontsumitzaile izatearen lilura itsutzailea ere kendu behar dio begi paretik. Langilea langile baita, landun izatea geroz eta zailagoa denean ere
Gizeh-ko piramideak esklaboek eraiki zituztela uste genuen 2010. urtera arte. Baina Egiptoko orduko kultura ministro Farauk Hosni-k langile askeen obra direla jakinarazi zuen orduan. Langile horien lan baldintzak nahiko onak ziren duela 4.500 urte. Lan gogorra zenez, langileak hiru hilabetean behin txandakatzen ziren. Egunero, deltako abeltzainek 21 behi eta 23 ardi bidaltzen zizkieten langileei (10.000 inguru). Horren truke, ez zuten zergarik ordaindu behar, proiektu garrantzitsu batean laguntzen baitzuten.
Historiako lehen greba dokumentatua ere Egipton gertatu zen, K.a. 1158. urtean. Dayr al-Madina 500 biztanleko herrixka zen, XIX. dinastian Erregeen Haraneko hilobiak eraikitzen zituzten langileak biltzeko sortua. Ordura arte, langileen baldintzak ez ziren batere txarrak: hilero lau saski gari, ogia, gailetak, 15 litro garagardo eta etxerako hainbat tresna jasotzen zituzten. Ramses III.aren erregealdiko urte hartan, langileek protesta egin zuten 25 egun lehenago jaso beharreko soldataren zantzurik ez zutelako. Garia bi egun geroago iritsi zen. Baina handik hiru hilabetera, mobilizazioak berriro hasi ziren: lana uztea erabaki zuten eta itxialdia hasi zuten Ramses II.aren tenpluan. Astebete iraun zuen, greba hasi eta zazpi egunera langileek berriro jakiak jaso baitzituzten. XX. dinastia osoan zehar grebak bata bestearen ondotik egin ziren, faraoien sistema krisi ekonomikoan murgilduta baitzegoen. Ramses III.a izan zen azken faraoi handia. Handik aurrera egiptoar zibilizazioaren gainbehera etorri zen.
Dioklezianoren garaian Erromatar Inperioak ere gainbehera ez zuen urrun. 301. urtean enperadoreak gutxieneko soldatak eta gehienezko prezioak ezartzen zituen ediktua promulgatu zuen, monetaren egonkortasuna bultzatzeko eta krisialdi ekonomiko larria leuntzeko. Ediktua betetzea derrigorrezkoa zen, eta gehienezko prezioak gainditzen zituztenei, esaterako, gari modioa (8,75 Kg.) 100 denariotik gorako prezioan edo haragi libra 8 denario baino gehiagotan saltzen zutenei, heriotza zigorra ezartzen zitzaien.
Dioklezianok finkatutako soldaten arabera, nekazariek, mandazainek eta estolda garbitzaileek eguneko 25 denario jasoko zituzten, arotzek, igeltseroek eta okinek 50, maila ertaineko legionarioek urteko 15.400 denario jasoko zituzten eta pretoriar guardiako kideek 19.000 (eguneko 40 eta 50 denario baino gehixeago, hurrenez hurren).
Antzinaroan langileen baldintzak uste baino hobeak zirela erakusten du honek guztiak. Baina bidegabekeriak ere baziren: antzinako Erroman, egungo puntako kirolariekin gertatzen den moduan, gladiadore askeek irakasleen urte osoko soldata jaso ohi zuten garaipen entzutetsu bakar baten truke, eta Caio Puleio Diokles aurigak 35 milioi sestertzio irabazi zituen karrera osoan (sestertzio bat = lau denario). Gainera, datu hauek guztiak langile askeei dagozkie eta Antzinaroan ekoizpena esklaboen lanaren eskutan zegoen hein handi batean.
“23 urte nituela ezkondu nintzen, eta orduantxe hasi nintzen meategian. Lehenago, 12 urtetik aurrera, ehulea izan nintzen. Ez dakit irakurtzen ez idazten. Ikatz-bagonetak garraiatzen ditut arrastaka, sei ordu goizean eta beste sei arratsaldean. Ordubete eskas dut eguerdian ogi puska txiki bat gurin apur batekin jateko. Ezer ere ez edateko. Bagonetatik tiraka ibili izan naiz haurdun egonda ere”. Betty Harris meatzariak 1842an Ingalaterrako parlamentuko ikerketa batzorde bati eginiko adierazpenak dira horiek.
Industria Iraultzak gizonak, emakumeak eta haurrak berdindu zituen, lan gogorrari dagokionez. Lan sarietan, ordea, berdintasuna oso urrun geratu zen, emakumeek eta haurrek gizonezkoek baino askoz soldata txikiagoa jasotzen baitzuten, erdia inguru.
Egia da, XIX. mendearen bigarren erdian, Mendebaldeko gobernu gehienek hartutako lehen lan neurriak haurren eta emakumeen lana arautzeko izan zirela, baina gizalegeak baino gehiago merkatuaren legeak bideratu zituzten neurriok; mekanizazio geroz eta handiagoak etekina biderkatu eta eskulanaren beharra murriztu zituen. Emakumeen lan baldintzak hobetu ordez, lan ordainduaren ateak itxi zitzaizkien. Eta ate horiek komeni bezala zabalduko zizkieten. Emakumeen eskubideen aldeko lehen mugimenduek nagusiki sufragio unibertsala aldarrikatu zuten, eta burgesia izan zuten oinarri.
Gerrak bultzatu izan ditu emakumeak fabriketara. Gizonezkoak frontean egonda, B plana martxan jartzea eta “bigarren mailako herritarrak” ekoizpen industrialean sartzea beste erremediorik ez zegoen. Eta Bigarren Mundu Gerra inflexio puntua izan zen: gerra amaituta, emakume askok ordaindutako lanean jarraitzea erabaki zuten.
Baina etxetik kanpo lan egiten duten emakumeen portzentajeak etengabe gora egin duen arren, gauzak okertzen direnean fronteko lehen lerroan daudenak, kaltetuenak, emakumeak dira. Egia da Espainiako Estatuan krisialdia piztu zenean datu nahasgarri bat argitaratu zela: langabezia gehiago hazi zen gizonen artean emakumeen artean baino. Kontua da eraikuntzaren burbuilak eztanda egin zuela eta sektore horretako landun gehienak gizonezkoak zirela. Krisia gainerako sektoreetara zabaldu ahala, datuak goitik behera aldatu ziren: 2010ean gizonen langabezia tasak %1,6 egin zuen gora, eta emakumeenak %6,6.
Madrildik etorritako azken lan erreformak ere emakumeak jo ditubereziki. Lanaldi partzialean ari direnen artean emakumeak askoz gehiago dira eta 12. artikuluan egindako moldaketaren ondorioz ordu estrak egin ahal izango dituzte hemendik aurrera. Horrek teorian langile guztiei eragin beharko liekeen baina praktikan emakumeei eragiten dien kontziliaziorako zailtasun ugari ekarriko du. Bestalde, berdintasunerako neurri gehienak hitzarmen kolektiboetan jasotzen dira eta horiek ahultzearekin batera, emakumeek irabazitako eskubide ugari bertan behera gera litezke.
Emakumeek prestakuntzaren esparruan aurrera egin dute. Europar Batasuneko goi mailako tituludun gehienak, %59, emakumeak dira. Baina horrek ez du neurri bereko ordainik: emakumeek, batez beste, gizonezkoek baino 7.000 euro inguru gutxiago kobratzen dute Hego Euskal Herrian.