argia.eus
INPRIMATU
Kenyarrek irabazi dute Mau Mauen tortura kasua
  • Britainiar kolonialismoaren amaieretan, milaka pertsona atxilotu eta torturatu zituzten Kenyan, Mau Mau matxinadak iraun zuen bitartean (1952-1960). Haietako hiruk Britainia Handiko Auzitegi Gorenera eraman dute kasua, eta irabazi berri dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2012ko urriaren 16a
Jane Muthoni Mara, Wambuga Wa Nyingi eta Paulo Muoka Nzili beteranoak Nairobin epaia jakin berritan.
Jane Muthoni Mara, Wambuga Wa Nyingi eta Paulo Muoka Nzili beteranoak Nairobin epaia jakin berritan.

Hiru kenyarrek Britainia Handiko Gobernuaren aurkako bataila legal historikoa irabazi dute joan den urriaren 5ean. Mau Mau Matxinadak iraun bitartean torturatu egin zituztela ebatzi du Britania Handiko Auzitegi Gorenak, eta orain kalte-ordainak eskatuko dizkiote Gobernuari.

Britainia Handiko Gobernuak bere defentsa  bi ideia nagusitan oinarritu du: batetik, denbora gehiegi igaro dela epaiketa justua egiteko; eta bestetik, Mau Mauek Kenyako Gobernuaren aurkako salaketa jarri behar zutela, eta ez Britainia Handikoaren aurka. Herrialdeko Auzitegi Gorenak atzera bota zituen argudioak eta kasuak aurrera egin du.

Gobernuko abokatuak onartu du salaketa jarri duten hiru herritarrak torturatu zituztela autoritate kolonialek. “Esan ezineko ekintza bortitzak” sufritu zituztela adierazi zuen beren abokatuak, besteren artean, zikiratzea, kolpeak eta sexu erasoak.

Kasu honek aurrera eginda, baliteke beste 2.000 kenyarrek Britainia Handiko Gobernuaren aurka egitea. Dirudienez, Mau Mau matxinadak iraun zuen zazpi urteetan atxilotutako 70.000 pertsonatik kopuru horrek dirau bizirik.

The Guardian egunkari ingelesaren arabera, britainiar kolonialismoan tratu txarrak jasan zituzten beste komunitate batzuk antzeko salaketak jartzea pentsatzen ari dira. Zipren britainiar kolonialismoaren aurka, eta autodeterminazioaren eta Greziarekin batzearen alde borroka armatua egin zuten Eoka mugimenduko kideak Mau Mauen kasua gertutik jarraitzen ari dira, aipatu egunkariaren arabera.

Joan den urriaren 5eko epaia, hiru urteko bataila legalaren emaitza da. Salaketa jarri duten hiru kenyarrak, denak 70 eta 80 urte artekoak dira: Paulo Nzili, Wambugu Wa Nyingi eta Jane Muthoni Mara. Nzilik dio bahitu egin zutela eta Mau Mauen matxinadan parte hartzera behartu zutela sei hilabetez. Nyingik eta Marak diote ez zutela sekula parte hartu mugimenduan.
2011ko apirilean egindako adierazpenetan, epaitegian Nzilik azaldu zuen atxilotuta zegoen bitartean zikiratu egin zutela ofizial zuriek; Nyingik larri kolpatu zutela 11 herritar hil zituzten gertakari batean; eta Marak bortxatu egin zutela militar britainiarrek. Laugarren herritar bat ere borroka legal horretan izan da hasieratik, Ndiku Mutwiwa Mutua, baina 2011ko uztailean hil zen.

Hirukoteak nahi du Erresuma Batuko Gobernuak barkamena eska dezala, eta kolonia garaiko torturaren biktimei kalte-ordain ekonomikoak emateko neurriak hartzea.

Iaz epaileak adierazi zuen “paper gutxi batzuk ikusita agerikoa da Larrialdi Egoeran atxilotuak sistematikoki torturatzen zirela”. Martyn Day, kenyar beteranoen abokatuetako batek epaiaren ondoren poza adierazi zuen: “Epai historikoa da hau, munduari buelta emango dio eta urte batzuetarako zeresana emango du. Espero dugu gure Gobernuak neurri ohoragarriak hartuko dituela eta egiten zaizkion eskaerak zuzen erantzungo dituela”.