argia.eus
INPRIMATU
Hemeroteka
Obamak eta Romneyk saihesten dituzten gaiak
  • AEBetako hauteskunde kanpainari buruzko informazio asko ari da argitaratzen mundu osoko hedabideetan. Baina, zein dira Barack Obamak eta Mitt Romneyk aipatzen ez dituzten gaiak? Noam Chomsky irakasleak Mexikoko La Jornadan idatzitako artikulua aldatu dugu gurera.  

Noam Chomsky 2012ko urriaren 16a

Lehenbizikoa egunkarietako lehen orrietan maiz agertzen da. Irailaren 19an, adibidez, Justin Gillisek The New York Timesen idatzi zuen Artikoko izotzaren urtzea amaitu dela aurtengoz, baina ez aurreko errekorra hautsi baino lehen, eta alarmak berriz piztu dira inguru horretako aldaketaren erritmo azkarragatik.

Datu berriek erakusten dute udako izotza 2020rako desager litekeela, ondorio larriekin. 

Baina gobernuek ez diote aldaketa horri erantzun berotegi-efektua eragiten duten emisioak mugatzeko premia azpimarratuz, Gillisek idatzi duenez.

Mitt Romney hautagai errepublikarrak adierazi du ez dagoela adostasun zientifikorik, beraz eztabaida eta ikerketa gehiago egitea sustatu beharko genuke; baina ekintzarik ez, problemak okerrera egiteko ez baldin bada behintzat.

Demokratek euren plataforman aipatzen dute problema badagoela, eta lan egitea gomendatzen dute, beste potentziekin batera emisioei mugak jarriko lizkiekeen akordioa lortzeko. Baina hori da dena.

Beraz badago alderdien arteko diferentziarik: ea zenbateko poztasunarekin egin behar duten korri saguek amildegirantz.

Bigarren gai garrantzitsua ere, gerra nuklearra, egunero dago egunkarien azaletan, baina Lurreko jarduera arraroei begira legokeen martetar bat harritzeko moduan dago.

Bi jarrera aurrez aurre: Amerikako Estatu Batuek adierazi beharko ote luke eraso egingo duela Iranek arma nuklearrak –beste dozenaka herrialdek dauzkatenak– garatzeko gaitasuna lortzen baldin badu? Ala Washingtonek gehiago definitu beharko luke bere lerro gorria?

Bigarren jarrera da Etxe Zuriarena; lehenbizikoa israeldar gerrazaleek eskatzen dute eta Estatu Batuetako Kongresuak onartzen du. Senatuak 90-1 bozkatu zuen Israelen jarrera babestearen alde.

Eztabaidatzen ez dena da, nola gutxitu edo amaitu daitekeen modu agerikoan Iranek ustez ordezkatzen duen edozein mehatxu motarekin: erregio horretan arma nuklearrik gabeko zonaldea ezarriz. Aukera erraz dago eskura: nazioarteko konferentzia bat bilduko da hilabete batzuk barru helburu hori lortzeko, ia mundu guztiaren babesarekin, israeldarren gehiengoa barne.

Gerra suntsigarrirantz joan gintezke, baita nuklearra izan litekeen gerra baterantz ere. Mehatxu hori gainditzeko modu argiak daude, baina ez dira indarrean jarriko eskala handiko ekintza publikoak ez baldin badaude, aukera probesteko eskatuz.