Ardogintzaz aritzen garenean, hiruko uztarria dugu euskaldunok buruan: sagarra (Malus x domestica), mahatsa (Vitis vinifera) eta garagarra (Hordeum vulgare). Isuri atlantikoan sagardoa eta txakolina eta mediterranearrean ardoak eta garagardoak egiteko gaiak sortzen ditugu. Edagaleak eta arimaren premiak berdintzeko ardoak.
Garai batean osasuna zaintzeko ere sortuko zen makina bat ardo. Ardo horiek ardo arrunten tankera bertsuan egindakoak izango ziren. Azukrea duen edozein fruitu jo, zanpatu, zukutu eta bere muztioa hartzitzen utzi. Azukrearen irakinaldi horrek alkohola sorrarazten du. Ondoren bi lan: alkoholdun edari hori fintzea eta biribiltzea. Fruitu horrek azukrearekin batera dituen lurrinak eta dastak ardoan ahal den neurrian eusteari deritzot fintzea. Azken zeregina: biribiltzea, zertutako ardoari aparteko beste dasta, lurrin edo nahi dugun ahogozagarria erantsiko dion beste osagairen bat nahastea.
Osasuna gora behera, ahoa zuritu edo mokoa fintzen zaigunean beste ardo batzuen egarri gara. Eta litxarreroa asetzeko lanari ekiten diogu: intxusa (Sambucus nigra), basarana (Prunus spinosa), oilarana (Prunus mahaleb), masusta (Rubus sp.), maaltza (Pyrus cordata eta Pyrus pyraster), gurbitza (Arbutus unedo), gurbea otsalizarra basagurbea hostazuria eta Sorbus jende guztia, mizpira (Mespilus germanica), elorri zuriak (Crataegus sp.), astalarrosa (Rosa canina), mugurdia (Rubus idaeus), arakatza eta andare-mahatsak (Ribes sp.), aran-gurbea (Amelanchier ovalis) edo dena delakoa bildu eta ardo bihurtzea.
Hiruko uztarrikoenetan bezala, fintzea da fruitu horien ardoetan lanik kitzikagarriena. Ardoaren osagai garratz eta mikatz zakarrak leundu eta limurtzaile bihurtu behar dira. Limitienaren ahoko zeruko sabaiaren gogatzaile izatea helburu. Ondoren edariaren itxurari eta dastari azken ukitua emango dion hosto, azal, espezia, ezti, bizigarri edo ezkutuko gaiarekin biribiltzea. Litxarreroenaren lilura.
Baratzezain batek galdetu berria dit: lurra ondo zanpatzea garrantzitsua al da haziak ereiten ditugunean? Erantzuna baiezkoa da, sumatzen zuen... Landareek urarekin duten lotura izugarria da. Jaiotzatik behar beharrezkoa dute. Haziak urik gabe ez du berehalakoan landarerik... [+]