argia.eus
INPRIMATU
Lehen Mundu Gerrako beste Paris

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko urriaren 10a
Maisons-Laffitte 1944an; Lehen Mundu Gerran bonbardatua izan zedin prestatu zuten arren, orduan ez zuen aireko erasorik jaso. Bigarren Mundu Gerran bai, ordea.
Maisons-Laffitte 1944an; Lehen Mundu Gerran bonbardatua izan zedin prestatu zuten arren, orduan ez zuen aireko erasorik jaso. Bigarren Mundu Gerran bai, ordea.CLAUDE FAX

Paris, 1917. Lehen Mundu Gerran aireko bonbardaketek garrantzi handirik izan ez zuten arren, hiriburuko agintariak eta Frantziako armadako arduradunak kezkatuta zeuden, zeppelin alemaniarrek bi urte lehenago Londresen eragin zituzten triskantzak ikusita. Balizko erasoen aurrean nola babestu ez zekitenez, erasoak  “bideratzea” erabaki zuten: Parisen erreplika bat eraikiko zuten, amu gisa, alemaniarrek hiriburu faltsua suntsi zezaten benetakoaren ordez.

Lehenik kokapena aukeratu zuten. Hiriburuaren iparraldean, 24 kilometrora, Sena ibaiak Maisons-Laffitte Herrian egiten zituen bihurguneak Parisekoen antzekoak zirela ikusi zuten. Hantxe eraikiko zuten Paris faltsua.

Parisko eraikin enblematikoenak egurrez eraikiko zituzten. Baina pilotu alemaniarrak gauez engainatzeko, Argiaren Hiriaren erreplikak horixe beharko zuen, argia. Finantzaketa pribatuaren bidez, Fernand Jacopozzi elektrizitate ingeniaria kontratatu zuten. Haren zeregina fabriketako jarduna, trenen joan-etorria, eta, finean, hiriburuko bizitza argiztapenaren bidez irudikatzea izan zen. Erreplikan egindako ahalegina eskertzeko, Pariseko udalak Eiffel dorrea argiztatzeko enkargua egin zion Jacopozziri, gerra amaitu eta gero.

1918an hasi ziren Paris berriko lanak. Egurrezko Gare du Nord geltokia altxa zuten, eta Champs Elysées-en itxura zuen eremua ere prestatu zuten. Horrez gain, Opera, Garaipen Arkua eta beste elementu ezagun batzuk eraikitzeko asmoa zuten, eta Saint-Denis, Aubervilliers eta beste auzune batzuk ere aurreikusten zituen proiektuak. Baina 1918ko azaroan sinatutako armistizioak proiektua bertan behera utzi zuen. Paris faltsuaren eraginkortasuna egiaztatu gabe amaitu zen gerra.

Frantziarrek ederki aurreikusi zuten hegazkinen erasoek gerora izango zuten garrantzia, baina oraindik ez zekiten radarrak ezin direla giza ikusmena bezain erraz  engainatu.