Mexikoko Hizkuntza Indigenen Institutu Nazionaleko (INALI) zuzendaria da Javier López Sánchez (Oxchujk’, Chiapas, 1968). Bi urte daramatza karguan eta, duela gutxi, Euskal Herrian izan dugu, hizkuntza indigenen berri emanez. Euskarak badu beste ispilu bat non bere buruari begiratu.
Hamaika hizkuntz familia, 68 hizkuntza, 364 aldaera. Zazpiren bat milioi mexikarrek hizkuntza indigenen bat hitz egiten dute, milioi bat inguru elebakar dira hizkuntza indigenan. Beren hizkuntzan bizitzeko eskubidea dute, egiazko eskubidea da, ala paper errea?
Aldarrikapen juridikoa da, gauza guztien gainetik. Aldarrikapena 2001ean egin zen, gure konstituzioan ere jasoa dago. Herri indigenen hizkuntza eskubideen lege nagusia 2003an egin genuen. Oraintxe abiatu gara lanean.
Zein oztopo dituzue aldarrikapena gauzatzeko garaian?
Batera joan behar dute baliabideek eta gizarte kontzientziak. Kontzientzia, hala indigenena, nola indigena ez den jendearena. Izan ere, hizkuntza indigenak baliorik gabeko dialektotzat jo izan dira, eta beraz, Mexikoko gizartearen mentalitatea aldatu behar dugu, hizkuntza indigenak benetan hizkuntzatzat har ditzaten, nola ikusten duten espainola. Horretarako, kanpainak eta kanpainak egin beharra dago telebista eta gainerako hedabideetan, eta nahitaez, horretarako diruketa behar da. Eta ez dugu! Hala ere, ez gaude geldi.
Nondik hasi, nola jokatu, 68 hizkuntza indigena izanik Mexikon?
Lehendakaritzarako hauteskundeak izan zirenean, esaterako, 68 haietarik zortzi baino ezin izan genituen jarri telebistan, legeak lagundurik. Hiztun kopuru handiena duten hizkuntzetarik batzuk aukeratu genituen batean baina bestean, baita hiztun kopuru txikiena dutenen batzuk ere. Oreka lortzea zen helburu.
Hezkuntzan zein hizkuntza indigena baliatzen dira?
Denak, lekuan-lekuan. Hezkuntza Elebidun Kulturartekoa du izena abiarazi dugun egitasmoak. Hezkuntza herri indigenetara eramateko instantzian, metodologia egokiak asmatzeko lanean ari gara, irakasleekin batera, umeek beren hizkuntza indigenan ikas dezaten, espainola bigarren hizkuntzatzat ikasiz. Horretan ari gara oraindik, hizkuntza indigenak irakasteko metodologia sortzen.
Hizkuntza indigenen idazkera normalizatzeko lanak ere zeuen gain hartu dituzue institutuan.
Hizkuntza guztiek idaztarauak izan ditzaten nahi dugu. Oraintxe, zortzi hizkuntza idazteko arauak finkatu ditugu. Herri indigenekin batera egiten dugu lan, aditu indigenak eta indigena ez direnak ondoan ditugula, baina hiztunek beraiek erabakitzen dute nola idatziko den beren hizkuntzan, adituen laguntzaz. Hamasei hizkuntzarekin ari gara lanean oraintxe. Beste urte eta erdi beharko dugu lan hau amaitzeko. Badago zer egin, beraz. Diru-baliabide bila ari gara, ikertzaile gehiago lanean ari daitezen, lana azkartzeko asmotan, idaztarauak hizkuntza guztietan finkatzeko, gainerakoan mantso ibiliko gara-eta.
Hizkuntza indigenaren gizarte prestigioaz bada zerbait.
“Hizkuntza txikiak” eta “hizkuntza handiak” bereizteko usteari kontra egin nahi diogu, finean, hizkuntza indigenak eta espainola berdin balora ditzan gizarteak. Hizkuntza indigenen erabilera bizitza publiko eta instituzionaleko arlo guztietara eraman nahi dugu, dela hedabideetan, osasun arloan, lanean, justizian, eta abar. Hasiberri gara horretan. Hauteskundeetan, esaterako, Yucatango maia hizkuntza erabili zen kanpainan, eta sinetsi gero, maiak ez ziren haserre! Beren hizkuntza entzun zuten telebistan, eta pozik ziren. Maia ez ziren batzuek ere gozatu zuten: “Yucatanera joan gabe ere, entzun dut maia hizkuntza. Bikaina!”. Prestigioa, alegia. Hizkuntza indigenak denda eta banketxeetan ere erabil daitezen da helburua, baina horretarako asko geratzen da oraindik. Internet, ziber-espazioa… Hori ere hor dago. Asko eta handi da egitekoa. Bilera ere egina dugu Google-koekin, bilatzailea hizkuntza indigenetan ere izan dadin. Ari gara.
Hizkuntza indigenak bizirik daude?
Denetarik dago. 364 hizkuntz aldaera direla esan dugu arestian, eta horietarik 64 desagertzeko arrisku gorrian daude, ez baitago hizkuntza horiek hitz egingo duen komunitaterik, hau da, hiztun bakan batzuk besterik ez dira geratzen, 100 hiztun baino gutxiago. Badira hizkuntza batzuk bi hiztun baino ez dituztenak, 15, 36 hiztun… Beste aldean, badira hizkuntza batzuk 1.500.000 hiztun dituztenak, naua hizkuntza, kasu; 800.000 hiztun baino gehiago ditu maia hizkuntzak; 500.000 dituzte zapoteco, misteco, maia tzeltal –nire hizkuntza– eta tzotzilek… 364 hizkuntza horiek denek ez dute berehalako batean galtzeko perilik, baina gutxi-asko denak daude mehatxupean, erabilera baldintza egokirik ez dute banketxeetan, hezkuntzan eta bestetan.
Institutuak berdin babesten ditu hizkuntza guztiak?
Ez, jakina ezetz. Hiztun kopuru txikiena dutenetan, hizkuntza dokumentatzen ari gara, grabazioak egiten batik bat, hizkuntzen soinua biltzeko. Hizkuntzaren biziberritzea ere oso gogoan dugu, helduek txikienei beren hizkuntzan hitz egiten erakuts diezaieten. Bizitasun handiena duten hizkuntzen kasuan, hizkuntzaren erabilera publikoa sustatzen ari gara, eztabaidak, literatura emanaldiak, material didaktikoak sortzea. Kasuaren arabera, beraz.
Zertan da hizkuntza komunitateen kontzientzia linguistikoa?
Hizkuntza zein den. Errolda Institutuarekin batera jardun dugu lanean berriki, haiek eratzen duten galdetegian kolaboratzeko. Besteak beste, hizkuntzaren gainean galdetu diogu jendeari. Bada, 2005eko erroldan, hamar, hamabi milioi ziren indigenak, edo bere burua indigenatzat jotzen zutenak, bederen. Gaur egun, erroldan ezarriak ditugun galderen ondorioz, hamasei milioi dira egoera horretan. Kontzientzia linguistikoaren lehen maila bat duzu. Besterik da hizkuntza hitz egitea… Gainera, zera lortu dugu, hizkuntza indigena ez zuela hitz egiten esaten zuen jendeak, orain aitortzea hitz egiten dakiela. Horixe gertatu zaigu Tabasco estatuan, hegoaldean, non azkeneko errolda baino lehen bi hiztun besterik ez zituen ayapanecoak, eta orain aldiz, hogeita bat lagunek jotzen duten bere burua ayapanecotzat, nahiz eta hizkuntza ez hitz egin.
Mexikoko populazio ez-indigenak nola hartzen ditu hizkuntza indigenak?
Diskriminazioaren Kontrako Kontseilu Nazionalak azterketa egina du mexikarren artean, herri indigenei buruz zer nolako pertzepzioa duten jakite aldera, eta dioenez, jendeak bestelako sentiberatasuna du gaur egun, lehen ez zuena. Hasteko, Mexikok hizkuntza dibertsitatea duela onartzen hasi dira. 2001ean, Mexikok bere burua herrialde kulturaniztun eta eleaniztuntzat jo zuen legez, konstituzioan. Horrek ekarri du mexikarrak ere aniztasun horretaz jabetzea eta, batzuetan, baita dibertsitatea onartzea ere.
Diskriminazioaren kontrako batzordea baldin bada, diskriminaziorik badela esan nahi du.
Ez da gauza orokorra, oraindik bada diskriminaziorik, bai, indigena direnen kontra, hizkuntza indigenen bat hitz egiten dutenen aitzi, baina zer edo zer aldatzen ari da, bai indigenetan, bai gizartean oro har. Kontzientzia areagotu beharra dago, hala ere.
Maia tzeltal da zure hizkuntza.
800.000 hiztun ziren lehen, Chiapasen. Orain, 1.200.000 gara. Gaur egun, gazte askok hizkuntza indigenan osatzen dituzte musika taldeak, eta pop, rock, reggae edo mariachi kantatu. Kontzientzia adibide dira, bere burua era jakin batera ezagutzeko modua. Joan deneko lehendakaritzarako hauteskundeetan, 132 izeneko mugimenduaren baitan, gazteek sare sozialak erabiltzera jo zuten, hizkuntza indigenak baliatuz. Kontzientzia ernetze bat gertatzen ari da, nola pertsona larrietan, hala gazteetan. INALI gazte indigenen biltzar nazionalak antolatzen ere ari da, beraiek eztabaida dezaten hizkuntzak hezkuntzan, justizian, lanean, genero berdintasunean, sare sozialetan, Interneten… duen garrantziaren inguruan. Gazte biltzar horiek antolatzen ditugu, gazteek beren hizkuntzaren erabileraz zer dioten jakin nahi dugulako, horren arabera erabakiak hartzeko. Gazteak oso inportante dira, bisagra-lana egiten dutelako haur txikien eta gurasoen artean. Guraso askok uko egin diote hizkuntza indigenari, “ez du balio erabiltzerik”, eta aldiz, gazteak bestela ari dira. “Gure hizkuntza inportantea da!”, diote.
Zu zeu Oxchujk herrikoa zara. Zertan da egoera han?
Utzidazu esaten Oxchujk gure herriaren izena dela, baina espainoldua. Hitz horrek, horrela esanik, ez du esanahirik, baina tzeltal hizkuntzan esaten badizut, Oxchujk’ (’ glotal hori eta guzti), “hiru korapiloren herria” esan nahi du. Hor bada historia, jakina, nola heldu ziren inbasore haiek, bertakoak aurkitu zituztela, arbolari lotu zituztela, hiru korapilo eginez…
Gaztelaniaz ondo ez egiteagatik eskolan zigortzen zintuzten.
Sei-zazpi urte nituela hasi nintzen espainola ikasten. Gure komunitatean tzeltal hitz egiten genuen, baina eskolan espainolez behar zenuen. Zigorrak kastillanotu gintuen. Gogoan dut zigor bat, neure azalean bizi nuena. Maisua bera tzeltal hiztuna genuen, geure talde etniko berekoa, baina guk espainolez ondo hitz egin behar genuela esaten zigun. Hitzak errepikarazten zizkigun eta, behin, ‘r’-a esaten ausartu nintzen. Bada, carro [gurdia] ordez, caro [garesti] esan nuen. Zigortu egin ninduen: erratza eskuan hartu, patiora irtenarazi ninduen, eskua gora erratza jasoarazi, eta eguzki galgatan, ehun aldiz carro errepikarazi zidan, ikas nezan. Nik ezin, ordea, ‘r’-a ez zelako nire hizkuntzaren alfabetoan ageri. Nire ahots-aparatuak ez zuen hura ezagutzen.
Zeuen hizkuntza bizirik zenuten, beraz, tzeltala.
Umetan, familian, komunitatean, elkarbizitzan, ibaian, soroan… hizkuntza indigena, tzeltala. Eskolan, espainola. Lehen Hezkuntzan tzeltala erabiltzen uzten ziguten, hein batean, baina Bigarren Hezkuntza orduko baztertu egin behar genuen, ondoko mailetara tzeltala hitz egin gabe heltzeko. Unibertsitatean, hizkuntza indigena guztiz bazterturik genuela heldu ginen. San Cristobal de las Casaseko gizartea oso diskriminatzailea da, arrazista, eta larrutik frogatu nuen. Eskolan, eta eskolatik kanpora. Indigenek eta ez indigenek, mestizoek ere bai tartean, iseka eta burla egiten ziguten, espainolez ondo ez ahoskatzeagatik, edo tzeltal sintaxia erabiltzeagatik hizketan ari nintzela. Uste dut berdin gertatu zela Euskal Herrian…
Bada liburu bat, Koldo Izagirrek orain bi urte egina, Autopsiarako frogak. Gaztelaniaz, edo tzeltalez!, balego, jakingo zenuke… Tzeltala bizirik dago Oxchujk’-en gaur egun?
Bizi-bizirik, baina egia da, era berean, haur askok, gazte askok, ez dutela tzeltal hitz egiten. Beste askok bai. Irakasle asko dira, ordea, hizkuntza berreskuratzeko lanean, eta udan bertan, esaterako, tzeltal ikastaroak antolatu zituzten. Hori Oxchujk’-en, nire jaioterrian.