"Min handia egin diogu elkarri Euskal Herrian"

  • Joxean Lasaren arreba baino lehen, baserriko alaba zen Axun, iaz, Urepelen, Xalbadorren etxolan gora eta behera zapata takoi-handiak lokatzetan sartuta zebilena.

Axun Lasa
Axun LasaZaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Axun Lasa, “Lasa eta Zabala”, Joxean Lasaren arreba.

Zama handia eraman dut neure gain, leku askotara eraman ere! “Axun Lasa, Joxean Lasaren arreba” esan izan dute, baina garbi utzi nahi dut, ni Axun naiz, Axun Lasa, baina naiz Jexuxaren alaba, Joxe Marirena, halakoren laguna… eta Joxeanen arreba ere bai, ohore handiz gainera. Gure anaiaren heriotza hor dago, baina Joxeanen arreba baino gehiago ere banaiz, dudarik gabe.

Iazko azaroaren azkenean, iritzi-artikulua irakurri genizun Berria egunkarian, anaiaren heriotza, zeuk jasotako torturak... Latza.

Sekulako lasaitua eman zidan artikulu hark. Egundoko korapiloa bota nuen bertan. Ez nuen idatzi plazaratzeko asmotan, barrua husteko baizik.

Nola heldu zen egunkariraino?

ETAk behin betiko su-etena eman aurretik hasi zen, Donostian Bake Konferentzia egin zen garaian. Han ari nintzen ni lanean, Alegiatik Urnietara, autoan. “ETAren biktimak… Bake Konferentzia… ETAren biktimak… ETAren biktimak… ETAren biktimak… Ez dago eskubiderik…”. Gobernuko jendea eta kazetariak ari ziren han, eta “ETAren biktimak” besterik ez zuten esaten. Behin eta berriz ari ziren horretan. Halako  batean, dendara iritsi nintzen eta esan zidaten: “Zer duzu?”, eta “ezer ez!”. Joan nintzen ordenagailura eta idazten hasi nintzen, etorri ahala bota nituen barruan neuzkan guztiak. Idatzi nuenean, ez nekien ezabatu ala zer egin… Horretan, badut lagun handi bat, katalana, kazetaria, esan izan didana: “Gaizki sentitzen zarenean, idatzi, atera barruan daukazuna, bota min hori, hustu!”, eta bilatu nuen helbidea, “Myrian”, eta bidali egin nion. Esan zidan: “Begira, Axun, guk hemen Katalunian, eta Madrilen, horrelako gauzak behar ditugu”.

Familiak izan zuen zure testuaren berri argitaratu aurretik?

Euskaraz jarri zidan ahizpak ez ezik, beste senide bati ere erakutsi nion. Baina ordurako ez zitzaidan inporta. Oso jenio txarrean bizitu nituen egun haiek, min handia egin zidaten behin eta berriz entzuten nituenek. “ETAren biktimak” besterik ez nuen aditzen. Bizitzan badira gauza batzuk egin behar direnak, eta testu hura idatzi eta argitaratzea izan da horietako bat. Sekretu asko kontatu nituen han, inork ez zekizkien gauzak, ez nire semeek, ez gurasoek, ez inork.

Beste emakumezko baten liburua irakurri nuen duela urteak: Esan gabe neukana, Agurtzane Juanenarena. Handik hona hainbat lekukotasun ageri izan dira egunkarietan. Zurea azkenetakoa.

Gorriak ikustea tokatu zaigu… “zait”, esan beharko nuke, nitaz hitz egitea dagokit-eta. Hainbeste gauza, hainbeste, hainbeste, eta hainbeste urtean! 1981ean alde egin zuen gure anaiak, 83an desagertu, 2000n egin zen Galindoren kontrako epaiketa… Urte asko dira, urte bakoitzak hamabi hilabete, hilabete bakoitzak hogeita hamar egun, egun bakoitzak ordu asko… Hainbeste momentu txar pasatu ditugu! Azkenean, gaixotzen ari nintzela konturatu nintzen. Gaixotzen: bizkarrezurreko minez, ezin ibiliz… Zerbait behar nuela konturatu nintzen, eta horretan, jende ona topatu nuen bidean, asko lagundu zidana. “Kutxa bat duzu, itxita, karez eta harriz guztiz itxita… Ireki beharra daukazu hori!”. Eta lan egin behar izan nuen neure onera etortzeko, oso modu egoistan, ni neu hobeto sentitzeko.

Zama handia eraman duzula esan diguzu arestian. Familian nola eraman dute zure senideek Joxeanen –eta Joxiren– azkena?

Mina izan da, min handia. Aitak bizitu zuen era batera, amak beste batera, senideok ere –bederatzi ginen, zortzi gara orain– nork bere erara… “Badakizu hilda egongo dela, imajinatzekoa da”, esango zidan batek, eta nik erantzun: “Imajinatu behar baldin badut, nik bizirik imajinatuko dut Joxean”. Berdin gertatu zitzaidan Tolosan bertan. 1987an, kontzentrazio bat, eta ETAko hildakoen argazkiak, eta tartean Lasa eta Zabala. Aurreneko aldiz bilera batera joan nintzen: “Hilda dago? Argitzera nator, jakin nahi dut”. Eta benetako lagunekin berdin, eztabaida: “Badakizu hilda dagoela”, “nola badakidala? Zer dakit nik?”. Eta kontzentrazioan biltzen zen jendeari ere esan behar izan nion, argazki haiek kentzeko hildakoen zerrendatik, eta jartzeko desagertuen artean: “Hemendik atzera neu joango naiz bilera horietara, neuk eutsiko diot Joxeanen argazkiari, baina ez hildako bezala!”. Eta horrela izan zen, baina lagunak ere konturatu ziren zertaz ari nintzen eta errespetatu ez ezik lagundu ere asko lagundu ninduten. Familian nork bere erara eraman du zama hau.

1995ean agertu ziren Joxiren eta Joxeanen gorpuak.

Oso gauza gogorrak pasatu ziren orduan ere, oso gogorrak. Kanposantukoa izugarrizko egurra izan zen. Pentsatu familiarentzat zer izan zen hura! Ez dago sinesterik ere. Familian gehienok bagenuen kezka: “Ez daude. Hilda egongo dira. Bilatu egin behar ditugu…”. Azkenean, azaldu ziren. Jakin genuen. Eta otsailetik ekainera haien etorrera prestatu genuen. Gure ilusioa, hilda zetozela jakinda ere! “Joxeantonio dator, hilda, baina badator”. Kutxan zetorren, jakina, hezur batzuk besterik ez. Alacantera joan eta gorpua ikusi ahal izan zuten gure aitak, gure amak eta bi senidek. Gu familia handia ginen, baina ez ziguten gainerakoei sartzen utzi. Ez genuen eskubiderik. Amorrazioa! Etxera etorrera oso-oso tristea eta gogorra izan zen. Lurperatuta egon ziren mendi lehor, trakets, zeken eta itsusi hura ezin burutik kendu. Hala ere, egun batzuetara konturatu nintzen “hor zeudela”. Ilusio handienarekin prestatu genuen haien itzulera, ezer berezirik egin gabe ere. “Halako musika jarriko dugu, kalean pasaeran halakoa…”. Udala laguntzeko prest genuen. Familia dena antolatzen, gure baserri atarian. Gero, gertatu zena ikusi… Nola bizi zuen hura bakoitzak? Ahal zuen bezala!

Joxean eta Joxiren berririk ez zen garaian, ETAk atentatua egiten zuenean, zer zegoen zure barruan? Alegia, Gabriel Arestiren harako Joxepa Mendizabal Zaldibian poema dut beti gogoan: Etarren amek / asko sufritzen dute, / semeak hiltzen dizkietenean / eta batez ere / semeek hiltzen dutenean.

Nik orain aitor nezake. Orduan ez. Orduan hainbesteko pena eta tristura zegoen pilatuta, ezin! Gorrotoa?… Bai, ziurrenik ere. Laster hasi nintzen horri buelta ematen. Bateko eta besteko deialdiak egiten ziren, baina ez nuen joan nahi izaten. Kalbarioa pasatu nuen orduan ere. Atentatua igual eta “besterik ez ditek merezi!” esaten zutenei ez nien ezer esaten, ezin esan, haiexek defendatzen ninduten-eta! “Jaialdia dago… Ez noa, hantxe izango dira halako eta halako, eta ez dut haiekin egon nahi…”. Min handia ematen zidan. Momentu gogorrak bizitu izan ditut.

Egunkarira bidalitako Itomena idatzian, bi min ageri dira: Joxeanen heriotzak ekarritakoa batetik, eta zeuri egindako torturak bestetik.

Min handia nuen… Nahiko lan nik, eta nahiko lan torturatzaileek. Halako gorrotoa dute! Gaixoak dira!

Jorge del Cura Torturaren Prebentziorako Espainiako Koordinakundeko kideak esan zigun aurten bertan Argian, torturatzaileak horretarako erakutsi dituztela. Tortura-saio baten ondoren, etxera joan, telebista aurrean jarri, haurrak magalean hartu eta, besterik gabe, futbol partida ikusteko gauza direla.

Horretarako daude prestatuta, bai, eta ondo prestatuta, gero! Nik ez dut horiekin ezer jakin nahi, ezer ez. Barkatu… Ezer txarrik opa… Ezer ez. Oraindik gogoan daukat Madrilekoa. Jaso nituen torturak, eta torturatzaileak. Bi aurpegi dauzkat gogoan, haien adina, arropa… Ez dut haien berririk izan nahi, ez kartzelan dauden, barruan dauden… Ez zait inporta! Inori ez diezaiotela minik egin, horixe besterik ez dut nahi nik.

Ez zaizu inporta Galindo?

Ilusiorik handiena zerak egingo lidake, Galindok aitortzea haiek ere okerrak egin dituztela, min handia sortu dutela, hori izango litzateke nire ilusiorik handiena. Gainerakoan, ni ez noa Galindoren kontra, beldur handia diodalako, beharbada. Hala ere, barkatzen zailena kanposantuko hura da. Arantza hori barru-barruan sartuta daukat, eta ezin dut atera.

Denoi fortunatu zaigu, gutxi-asko, kanposantura bidea hartu beharra. Zuen kasuan, Joxeani lur eman behar eta ertzainen eraso hura, hilerriko oldarraldia gogora ekarri eta “hau ez duk mundu honetakoa, ez duk benetan gertatzen ari!” esango nukeela uste dut.

Heriotza gogorra da, heriotza hori probokatua izan baldin bada, askoz gogorragoa, baina lur ematea baldin badaukazu, pena hori bizitzea posible baldin baduzu, luxua da. Esanda nago ETAren biktimaren senide bati. Senarra hil zion ETAk. Hizketan ari ginen, gozo. “Esan, esan Axun, esan nahi zenuena”, “ez, min egingo dizu-eta”, “esatea nahi dut, Axun”. Eta esan nion: “Biok jasan dugu biolentzia, baina zurea luxua da”, “Axun!”, “barkatu, ez nizun esan behar, ez nizun minik egin nahi. Gogorra da inori senidea kentzea, hamabi urtean haren berririk ez izatea, eta etorritakoan, antsia handi horrekin zain, ‘hemen dago, hemen dago!’, eta gero, kanposantuan egin zutena egitea. Hori ezin da. Horregatik da luxua zurea”. Gogoan daukat Joxeanen aitak, gure aitak, 83an esan zuena, desagertu zirela jakin zuenean. Abokatuarenetik etorri eta esan nion: “Ez dago haien berririk, ez Joxiren ez gure Joxeantonioren berririk. Zerbait arraro eta latza ikusten dute”. Mahaian jarrita zegoen gure aita, jo zuen bertan kolpea ukabilarekin eta: “Hori entzutea baino, tiroz josita bide bazterrean dagoela entzutea nahiago nuen!”. Altxatu zen, joan zen, eta pixka batean ez zen itzuli. Oso gogorra da esan zuena, baina bazekien zer esaten zuen…

Sukalde-lana egin omen duzue biktimek, isilpeko lana.

Irlandara joan ginen, Glean Cri-ra, han ez zegoen telebistarik, egunkaririk, tabernarik… Ezer ez. Etxe ederra, besterik ez. Pixka bat ibiltzera irten eta, kanpoan, hotza eta izotza. Eta kito. Mutur sartzerik ez. Nik neuk izan dudan esperientziarik aberasgarriena izan da, gauzarik onena. Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendaritzak antolatu zuen hura, eta hiru jakitun handiren gidaritzapean egin dugu lan: Carlos Beristain, Galo Bilbao eta Julian Ibañez de Opakua. Bilera haiek ez zuten helburu jakin bat, biltzea besterik, eta ikustea ea elkarbizitza posible ote zen. Eta jendea deialdiari baiezkoa ematen joan ginen neurrian aurrera atera zen. Lehenengo bi urteetan bosna biktima elkartu ginen, baina laster konturatu ginen hura zabaldu egin behar zela eta horrela egin zen. Biktima asko egon da harrezkero, eta biktima asko dago oraindik gaur egun, presoen senideak, besteak beste. Kalbarioa pasatzen ari dira horiek.

Biktimak bildu zineten Glean Crin, nork bere mina zuela.

Eta horixe egin genuen, nork bere mina azaldu, eta batak bestearen mina, begietara begiratuz entzun eta errespetatu. Lasai hitz egiten saiatzen ginen, baina beti ez zen posible. Momentu latzak bizitu genituen tartean, batzuek zein besteek, baina esan dezaket momentu horiek gainditu ondoren sortzen den… konplizitatea?... izugarria dela. Horietako bat, besarkada jakin bat… Beti, beti izango dut hura gogoan. Eta oso goxo gainera.

Emozioak gainezka dira. Zer dio arrazoiak?

Pena ematen dit Euskal Herrian egin dugun bideak, min handia egin diogu elkarri. Honek balio izan duela entzun, eta pena hartzen dut. Ez du balio. Gizakiak ezin du gizakia hil edo torturatu edo… Arrazoirik ez dago horretarako. Ikasi egin behar dugu, txikitandik, oso diferenteak izan gaitezkeela, eta bata bestearen ondoan bizi behar dugula. Diferente garela? Hitz egin dezagun, elkarrekin konpontzeko, espazioa banatzeko. Inork ez dauka arrazoi osoa, egia osorik inon ez dago.

Buka dezagun. Esadazu, nolakoa zen Joxean?

Oso-oso mutil goxoa. Beti irribarrez. Bertsolari tipoa zuen. Etorria, erantzuna bat-batean beti. Eta umila. Ez zen batere erretxina… Behin ikusi nuen erretxinduta, Ibarrako Josetxo Jauregi hil zutenean, Izaskun aldean, Guardia Zibilak hil zuen, kontrolean nonbait. Orduan bai, oso errea ikusi nuen, aztoratuta. 16 bat urte izango zituen. Goxoa zen Joxean…

Azken oroitzapena?

Iparraldean, adarra joka guk: “Badakigu neskatan ibiltzen zarela”, “nik ezin dut andregairik izan”, “andregaia ez diozue esango oraindik, baina bada hor neskaren bat”, guk. Eta Joxeanek: “Ezetz, ezin dudala andregairik izan. Nik badakit zer den nire bizitza: heriotza edo kartzela”. Oso gaztea zen, 20 urte besterik ez. Hirugarrena naiz bederatzi senideko familian, Joxean zazpigarrena zen. Neuk zaindu nituen etxeko ttikienak, ama txikia izan nintzen ni haientzat.

Eta Joxi?

Ezagutu genuen hura ere. Joxi eta Joxean, oso lagunak ziren eskolatik, umetatik. Olarrainen, eskolaren aurrean jarri zen bientzako monolitoa, oroitarria. Han dago dotore asko. Oso lagunak ziren, eta oso diferenteak. Gurea zen isila, irribarrea bai, baina isila. Joxi, berritsua, batarekin eta bestearekin arituko zen hura, alaia.

Nortasun Agiria: Axun Lasa Arostegi

 (Isastegi baserria, Tolosa, 1956). Dendaria. Lasa eta Zabala kasuak toles asko ditu, pertsona asko dira tartean, era batera edo bestera. Iaz, toles horietako batzuk erakutsi zizkigun Axun Lasak egunkarira Itomena izeneko artikulua bidali zuenean. Anaia hil zioten emakumearen mina zen, batetik; torturatuaren aitortza publiko gordina, bestetik. Gorriak ikusi ditu, min handiak, baina min horren erraietaraino bidaia egin eta atera da, bizirik. Axun Lasa da, Joxean Lasa zenaren arreba baino puskaz gehiago.

Azken Hitza: Kaliforniara

“Juan Mari Jauregi hil zutenean, bi semeekin batera nentorren oporretatik, eta entzun nuen: ‘Juan Mari Jauregi… Beotibar… Tolosa…’. Hura larria! ‘Ez daukat gogorik etxera joateko. Banoa Kaliforniara bizitzera! Ezin dut, ezin dut…’. Nahaste handia nuen. Baina, esan dizut, indarrik ere ez nuen izan esateko: ‘Ez nago ados!’. Pixkana etorri da hori, geroago, poliki”.

Biktimak ikastetxean

Nola hasiko gara, bada, umeei hau eta hura kontatzen? Ez diet umeei inoiz sentitu dudan gorrotoa eta mina transmititu nahi. Unibertsitatera joan behar baldin bada, beharbada, baina hamabi urteko neska-mutilei kontatzera? Ez. Helduon artean lasai hitz egiteko gauza ez garen bitartean, ez. Jaurlaritzako Andoni Unzaluk esan zuena eta: “Bai, eta ona izango litzateke zulo bat erakustea, metro bat luze, metro bat zabal”. Esan nion: “Ez pentsa nik zure zuloarekin batera tortura-gela bat jartzea eskatuko dudanik! Jartzen baduzue, jarri, baina ez nik eskatuta!”

Inpotentzia

“Uribetxebarria, azkeneko kasua. Oso minduta nago. Zer ari dira politikariak? ‘Justiziak agintzen duena beteko dugu, baina ez gaude ados’. Uribetxebarria kondenatu zuten, bai, Ortega Lara bostehun egunez bahituta eduki zuten, gauza larria da, baina zuri, politikari zaren horri, hainbeste urte preso egondakoa, gaixotasun larria, sendaezina duena, kalera irteteak kezkatzen zaitu? Zuk, politikari horrek, obligazioa daukazu jakiteko non dagoen Galindo, non Elorriaga eta beste pila. Eta irratia piztu, eta ezin nuen sinetsi politikariak berriro ere arinkeriak esaten aritu zitezkeenik. Inpotentzia eta mina sentitu nituen”.


Azkenak
Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Eguneraketa berriak daude