Irail honetan, ezusterik jazo ezean, uranioa aberasteko teknologia berri bat onartua izango du AEBetako Gobernuak. Hori eragozteko kanpainan aritu dira azken hilabeteotan zenbait zientzialari elkarte eta politikari bakan batzuk. Hauen ustez, teknologia kontua baino gehiago da SILEX: mundu osoan arma atomiko bolada berria ekarriko du.
Ugaritzea baino gogorragoa da proliferazioa. Energia atomikoaz ari garela proliferación/proliferation hitzak bere baitan biltzen du gizadiaren biziraupenak daukan arrisku nagusietakoa, alegia arma atomikoak –eta zentral nuklear zibilak– gero eta herrialde gehiagoren esku egotean hondamendi nuklearraren arriskuak handiagotu egin direla. Zerbaitengatik dira gai honetan erreferentzia nagusiak ez-proliferazio itunak.
Industria atomikoak ez du eskarmenturik hartzen, berdin dio Fukushima lehertu bada edo gero eta ezagunagoak izatea uranio urrituz hornitutako bonbek Irakeko eta bestetako herritarrengan eragindako txikizioak. Erregai nuklearraren aroak bere legean dirau. Errukirik gabe, inolako moratoriaren zalantzatan minutu bat galdu barik, jauzi berrietan murgiltzen da nuklearren industria.
SILEX izena, irakurle, Paleolitoarekin lotzen baldin baduzu –gizakiak lehenbiziko lanabesak sukarri edo silexez egin zituen– hasten ahal zara ikasten bestelako esanahi hau: Separation of Isotopes by Laser Excitation. Uranioa aberasteko teknologia berri hori asteotan AEBetako Gobernuak baimendu behar dio maila komertzialean ekoiztea General Electric Hitachi konpainiari.
Lehendik dago test eta prototipo mailan probatua SILEX teknologia. Baina orain erakusten baldin bada teknologia bideragarria dela produktu komertzialetan, dozenaka herrialde daudeke hori kopiatzeko irrikiz.
Kontuok R.Scott Kemp-ek haizatu ditu Buletin of the Atomic Scientists aldizkari prestigio handikoan. Nuklearren kontra egon gabe, Buletinen idazten duten zientzialariek energia mota horren arriskuak behatzen dituzte gertutik eta batez ere arrisku militarrak; gainerako teknologia berrien behaketa zorrotza ere egiten dute.
Laserrezko prozesu hau Australia’s Silex Systems Ltd. konpainiak garatu du urte luzez. Bere eremua Australiaren eta AEBen arteko itun berezi batek arautzen duenez, orain Washingtongo gobernuari dagokio hura legeztatea. Hala eginen du, energia nuklearraren kontrola daraman Nuclear Regulatory Comission batzordeak argi berdea piztu baitio, argudiatuz berari ez dagokiola proliferazio arriskuak epaitzea.
Gai honen gakoa uranioa aberasteko prozesuaren prezioan datza. Naturan aurkitzen den uranioak %1 baino gutxiago dauka 235 uranio isotopotik; aldiz, zentral nuklearretan erregaitzat usatzeko %3-4 arte aberastu beharra dago eta arma atomikoetan erabilgarri izateko %80a gainditu behar du. Hori lortzeko prozesua da garestia, teknikoki konplexua eta, horregatik, herrialde gutxiren eskutan dagoena.
Uranioa aberasteko gaurdaino zentrifugazio sistemak usatzen dira. Scott Kempek azaldu duenez, herrialde batek arma atomikoak eskuratzeko aski den zentrifugatze instalazioa kiroldegi bat adinako lekuan sartzen da. SILEXa usatuko duen laser bidezko aberaste sistemak %75 leku gutxiago beharko du, energia gutxiago ere bai, eta prozesua urrats laburragoetan burutuko du. Bonba atomikoak egin nahi dituenak errazago disimulatuko ditu.
Fabrikatu eta saldu nahi duen konpainiak dio SILEXa oinarrituta dagoenez laser arras konplikatu batean, zentrifugatzaile klasikoak baino errazagoa ez dela antolatzen herrialde batentzako. Baina laserra delarik gaur fisika aplikatuan bizkorren garatzen ari den alorretako bat, muga hori gainditzea denbora laburreko kontua da.
MIT, Princeton eta Hardward unibertsitateetan irakasle eta ikerlari den R.Scott Kemp doktorea espezializatua dago uranioa aberasteko prozesuetan eta baita segurtasun arloan ere. Estatu Departamenduaren aholkulari jarduna da proliferazio eta armen kontrol gaietan. Ezagutza horretatik eskatu dio AEBetako Gobernuari SILEX teknologia komerzializatzeko baimenik eman ez dezan.
Alde batetik, teknologiaren abantaila komertziala ezbaian jarri du. Erregai erradiaktiboen prezioan aberaste prozesuez gain beste faktore asko sartzen dira eta ez dago demostratuta SILEXarekin zentral nuklearrei jakia merkeago aterako zaienik. Bestela esanda, sarritan enpresa publikoak diren zentralek berdintsu ordaindu beharko dutela erregaia, eta, aldiz, hornitzaile pribatuek aterako diotela etekina teknologia berriari.
Inork uste badu AEBetako konpainiek SILEXarekin merkatu berriak irekiko dituztela, lilura hoztu die Scott Kempek: teknologia hau ez da izanen orain arte zentrifugatzailez uranioa aberasten dutenen osagarri, horiei lekua hartzera dator. Alegia, usina berria ireki lehengoa ixteko.
Baina abantaila ekonomiko argirik ez duen bezala elektrizitatea nuklearretan sortzeko prozesuan, arrisku berriak sortzen ditu SILEXak proliferazioari dagokionez. Laser bidezko aberaste sistema leku txikiagoan eta arinago funtzionatzeko gai izateaz gain, kanpotik detektatzeko ere zailagoa da: publikoki aitortu gabeko instalazio bat nekezago hautemango da, ez baitu zentrifugatzaileek adina arrasto kimiko edo termalik isuriko airera.
Antza denez, laser bidezko aberaste nahiak aspaldikoak izanik, duela hamahiru urte, 1999an, AEBetako Estatu Departamenduak ohartarazia zuen gisa honetako sistema batekin “instalazioa detektatu gabe eraikitzea errazago izango da eta bertan eraginkortasun handiagoz ekoiztuko da arma nuklearrak eskuratzeko programa batek behar duen uranio oso aberastua”.
Scott Kemperrek salatu duenez, kezka horientzako antidotoa badute General Electric Hitachi erraldoiari baimena eman nahi dioten funtzionarioek: AEBetan baimentzen ez badute, Silex System konpainiak beste nonbait ekoiztuko duela. Baina hori horrela bada, ageri bada teknologia honek komertzialki ez dakarrela aurrerapenik baina bai arrisku handiagoak arma atomikoen ugaritzean, orduan AEBek egin behar dutena da, dio Scott Kemperrek, ez-proliferazio itunetan proposatzea teknologia horren debekua.
Hala ere, ez doaz urak hortik. Gutxienez 27 herrialde dabiltzala laserrezko aberastearen inguruko ikerketetan. Hego Korea eta Txinak laserren adituak kontratatzen dituzte AEBetan bertan.
Entzun R.Scott Kenperri: “Gai batean arautzeko ardura duenak arautzen ez badu, ondorio katastrofikoak dakartza. Kongresuak edo NRCk esku hartzen ez badute orain, AEBentzako SILEX gerta liteke proliferazioaren Fukushima”.
Hamahiru ZirHika kide batu dira hitanoaren erabilera aldarrikatzeko eta antolakundearen ekintzen berri emateko. Azalpenak Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria eta Galtzaundiko Uxoa Elustondok egin dituzte. Horiei, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta... [+]
Administrazio Epaitegiak arrazoia eman dio EH Bilduk Lizarrako plantilla organikoaren hizkutnz profilen aurka jarritako helegiteari.
Yala Nafarroak deitutako manifestazioan 2.000 pertsona inguruk hartu dute parte eta Iruñeko hainbat kale zeharkatu ditu Gaztelu plazan amaitzeko. Azken irakurketan adierazi dutenez, "erokeria distopiko hori geldiarazi daiteke, askoz gehiago garelako kapital handiak... [+]
Eusko Ikaskuntzak adierazi du Ipar Euskal Herriko elkartean “gorabeherak” izan dituztela azken hilabeteetan. Bideratu bitartean marka eta egoitza erabiltzea ukatu diote. Lehendakaria ere aldatu dute.
Sozialdemokratek inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu dituzten arren, litekeena da demokristau kontserbadoreekin elkartzea eta gobernua osatzea. Botoen %28,5 jaso ditu CDUk, eskuin muturreko AfDk %20,7 eta SPDk %16,4.
Gertakariak igande egunsentian suertatu dira 5:00ak aldera Gasteizeko Mitika diskotekan. Hildako pertsona 31 urteko gizon bat da, eta lurraren kontra buruarekin hartutako kolpe baten ondorioz hil da, antza atezainak kolpe bat eman ostean.
Jenin hiriaren aurkako oldarraldia duela hilabete bat baino gehiago abiatu zuen Israelek, geroztik 26 palestinar hil ditu gutxienez, eta milaka beren etxeetatik kanporatu. Israelgo armada Zisjordania iparraldean pasabideak eraiki nahian ari dela salatu dute, kanporatutako... [+]
Euskal Herriaren industriaren etorkizuna ezin dela "heriotzaren, odolaren eta armen gainean" eraiki aldarrikatu dute mobilizazioaren antolatzaileek. Euskal erakundeen nahiz alderdi politikoen "isiltasuna" salatu dute.
Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]
LGTBIQ+ banderaren itzalpean eta mezu eta doinu antifaxistez inguratuta jarri du karpa Voxek.
Euskorpora elkartearen eta Euskorpus proiektuaren abiatzeak hautsak harrotu ditu. Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko oposizio buruak Euskorpusena akatsa dela uste du, "ezjakintasuna edo estrategia klientelarra". EH Bilduk galdera sorta egin du... [+]
Diario de Noticias de Álava (DNA) egunkariko langileak sinadura greban daude, eta aspaldi ari dira beren lan baldintza “miserableak” eta horiek kazetaritzaren kalitatean duen eragina salatzen. 2013tik soldatak izoztuta dituzte, eta ordutik erosahalmenaren %30... [+]