Irailaren 19an Frantziako CriiGen erakundeko ikerlariek Food and chemical toxicology aldizkarian argitara emandako artikuluak hautsak harrotu ditu.
Artikuluan adierazten denez, bi urtean zehar arratoi talde bat Monsantok –munduko transgeniko ekoizle handiena– genetikoki eraldatutako NH603 artoarekin elikatu ondoren, arratoi emeen hilkortasuna bizpahiru aldiz handitu da eta arratoi arren nekrosi kopurua bi eta bost aldiz bitartean handiagoak izan dira.
Ikerlariek Ipar Amerikan hasi zuten lana, hango hiru eremutan arto mota desberdinak landatu baitzituzten: ohiko artoa, ohiko artoa Roundup herbizidarekin nahastua, arto transgenikoa eta arto transgenikoa Roundup herbizidarekin nahastua. Horietako bakoitzarekin kroketak egin zituzten, eta bi urtean horiek izan ziren arratoi taldeen jana.
Arto transgenikozko kroketak jan zituzten arratoiak, ohiko artoarekin elikatu zirenak baino azkarrago hiltzen hasi ziren, hainbat tumoreren eraginez. Tumore gehienak titietan eta pituitarioetan garatu ziren emeengan, eta kopurua ohikoa baino %50-%80 handiagoa izan zen.
Ikerketa honek hautsak harrotu ditu ikerlarien, ekoizleen eta politikarien artean, eta berehala hasi dira aldeko eta aurkako iritziak plazaratzen. Egia da lehen aldia dela hain denbora luzean aztertzen direla transgenikoen eraginak, baina egia da ere ikerketak bi puntu ahul dituela: batetik, probetan erabilitako arratoi kopurua txikia izan da, hamar ale baino ez baitira erabili; eta bestetik erabilitako arratoi espezieak tumoreak garatzeko joera du.
Gizartean lortu den efektu mediatikoari buelta ematea zail izango du Monsantok edozein gauza egiten duela ere, batez ere gizakiok bizirauteko dugun senak adierazten digulako transgenikoarena mendetan garatutako eta eboluzionatutako biziaren aurkakoa dela. Egindako ikerketaren ildotik ikertzen segitzea da egokiena, baina nork jarriko du dirua horretarako?